Soka batetik zintzilik aurkitu zuen senarra Karen Greenek 2008ko irailaren 13an. David Foster Wallace zen. Idazlea. 46 urte. Ez da denbora askorik joan baina, modu traumatikoan desagertzen diren artista askorekin gertatu ohi den legez, haren argitaratu gabeko testu, ohar, kaiera, post-it eta abarrak publiko egingo ditu Texasko Unibertsitateko Harry Ransom zentroak.
2009an erosi zituen Ransom zentroak dokumentu horiek, eta geroztik ehunka lagunek eskatu dute kontsultatu ahal izatea. Hortik, orain dena publiko egitea.
Baina, 2011n argitaratzekoa den The pale king hilondoko liburua majo saltzen laguntzeaz gain, dudazkoa da horrelako erakusketak izan dezakeen interesa. Ordenatu gabeko oharrak, egileak berak ziurrenik goitik behera zuzenduko lituzkeen testuak, haren bizitzako detaile intimo(egi)ak… Badirudi saiak hasi direla gorpuaren azala mokokatzen. Kurt Cobain literarioa? Abiapuntuak, behinik behin, paraleloak dira: biek egin zuten beren buruaz beste eta biek zeukaten zaku bete publikatu gabeko lan.
Ea Cobainen herentziarekin antolatu zuten feria ez den errepikatzen. Gainontzean, liburu dendatik egiten ditugun bisitetan metastasiraino ugarituko dira testu gutxiz baina irabazi asmo askoz argitaratutako obrak. Dardarka hasi, Foster Wallacen egunerokoa editatzen duten unean. Bitartean, urduritasun neurritsuarekin aski izango da.