Ez zuten ezer oparitzen, baina hala ere jende kopuru polita bildu zen atzo Gasteizko Hikaateneoan, “Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak?” mahai-ingurura (deitzaileek diote 50 lagun izan zirela; ez dago, momentuz, udaltzaingoaren daturik). Hiru kritikari peto aritu ziren hizketan (Ibon Egaña, Manu Lopez, Mari Jose Olaziregi), beste kritikari peto bat (Mikel Ayerbe) moderatzaile, eta lerrook idazten dituen titiriteroak bere ahalegintxoa egin zuen.
Nola ez zen hedabiderik azaldu ekitaldiaz informatzera eta oso edukazio txarrekoa den norberak parte hartu duen mahai-inguru baten kronika egitea, laburpen posible bakarra honakoa da: soilik han izan ginenok dakigu zer gertatu zen.
Behean, solasaldia abiatzeko idatzi nuen ideia-saltsa. Pazientziarik baduzue…
Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak?
6 Iruzkin
neu bertan nintzen,
partaideen kopurua konfirmatzen dut,
ez naiz gai kronikatxoa egiteko, baina oso interesgarria izan zela konfirmatu dezaket, asko ikasi nuen…
zorionak hizlari eta antolatzaileei!
Eskerrik asko pdfagatik , Gorka. Oso interesgarria duk ideiak formulatuta eta herrenkadan jarrita ikustea.
Interesa sortu duen eztabaida
Volgako Batelariak-en argitaratu ditugu mahai-inguru horretan Ibon Egañak esandakoak. hementxe:
http://eibar.org/blogak/volga/archive/2010/10/13/zertarako-balio-duen-eta-zertarako-ez-euskal-kritikak
On egin.
Erretxinarena edo kritikaria autofikzioa egiten (edo autofikzioa egin nahian)
Bai, artikulu hau ere autofikzioaren uhin berriak kutsatuta dator. Hein batean, aurreko osteguneko mahai-inguruan Moderatzaile izan zen Kritikari “petoa” erretxindu egin baita berari baimenik eskatu gabe bat-batean filtrazioak egon direlako gutxienez bi lekutan, eta hain ongi bete ez dakit, baina berak hainbeste sinistu duen agintariñeren rola bertan behera gelditu delako. Are okerrago, ordea, filtrazio hauek bidez bertan irakurritakoak azalera ateratzeak jadanik Kritiko Moderatzailea (KM) edo Moderatzaile Kritikoa (MK) prestatzen ari zen testua abortatzera behartu dutelako.
Izan ere, ostiral goizean goiz esnatu zen MK ere. Goizegi beretzat, garai batean ordu horretan esnatzea ez zitzaiolako burutik pasa ere egingo. Eta ostegunean ez zen goiz oheratu, ezta zuzenegi ere. Goizeko 6:30etan komunera altxatu zen, printzipioz pixagura zuelako, baina gero ezin izan zuen berriro loak hartu, sarriegitan bezala, haizeak edo goizak eramaten dituen kritikak, proiektuak, artikuluak, nobelak eta hitzak irudimenez idazten. Ohean buelta batzuk eman, Cat Powerren Are You Free diskoko edo bi bozgorailuetara enpalmatuta duen mp3ko musikarekin saiatu, jazotako gertakari eta balizkoei bira gehiago eman, eta musika isildu denean altxatu egin zen. Egongelako sofan etzan eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak liburua irakurtzen jarraitzeari ekin zion. Orduan hiru narrazio bakarrik zituen irakurriak, baina asko gustatzen ari zitzaion ipuin liburua. “Bernardo et Ramon” ipuina bereziki. Lehenengo eta luzeena den ipuinari ekin zion ostiralean, apur bat bohemio edo gaupasero sentituz egiten ari zenarekin. Zerbait erreko lukeela ere pentsatu zuen, baina bi urte dira erretzeari utzi zionetik. Dena erretzeari utzi zionetik. Fikzioan barneratzeari ekin zion, baina zaila egin zitzaion, ostegun buruzuriko oroitzapen hurbilegiek antzaldatzen zutelako. Jarraian bertan egon ziren entzule, lagun, ez hain lagun eta abarren ahotsen oihartzuna entzuten hasi zen, mahai-ingurua amaitu ondoren denek zutelako esateko zerbait, eta entzuleekin izaniko feedbacka dolby sorroundean entzutea iruditu zitzaion. Ahotsak uxatzeko, altxatu eta egongelako musika aparailuan CD bat jartzea pentsatu zuen, tokatako orratza apurtu zenetik inor ez delako arduratu berri bat lortzeaz edo erosteaz. Antza ez da hain erraza. Musika aukeratzeko alferregi, norbaitek aurrez barruan utzitakoa jarri zuen. Xabier Montoiaren Lagunak, adiskideak… …eta beste hainbat etsai. Nahita ere ezin berak egokiagorik aukeratu egoera zelofanez biribiltzeko. Seigarren abestia aukeratu eta “Gazte sasoia joan” jotzen hasi zen Montoia eta azken aldiko adin krisitxoaz pixka bat hausnartu zuen bide batez. Pixka bat bakarrik. Bakarrik, pixka bat. Bakarrik. Nahiago izan baitzuen balizko mutilagun, lagun, lankide eta etsai zehatzez gogoeta egitea. Berriro ipuinean sartzen saiatu zen jarraian. Esaldi batzuk lapidario gisa erabiltzeko modukoak begitandu zitzaizkion, beste batzuetan narratzailea bera lapidatzen ari zela ere sentitu zuen -horraino iristen da MK-ren zilbortxoa- eta ondorio gisa, liburu hori are gehiago aholkatu eta irakurrarazi behar duela erabaki zuen, oraindik osoki irakurri ez badu ere. Hori dute alde ipuinek. Hori ere bai. Baina bat-batean, ipuin liburua albo batera bota eta ordenagailua piztu ondoren, osteguneko mahai-inguruan lagun argazkilariari afizionatu bezain hasiberriari aterarazi zizkion irudiak manipulatzen hasi zen, begietako gorriak kentzen nagusiki. Bitartean, idazten hasi da. Gogoangarria izan baitzen astebarruko mahai-ingurukoa, horren gainean inork inola inoiz inon hitzik ez idazteko behintzat:
Han geunden. Ni eta besteak. Besteak eta ni. Jende andana bildu zen. Lekua, ordua eta gaia ikusita, inork espero baino gehiago. Kritikagintza genuen hizpide. “Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak?” zen lema. Amua. Aitzakia, gogor fama duen Gasteizko Irakurle Klubaren 9. Ikasturteko aurkezpen ekitaldia eta irakurgaien zerrenda banatuko zela bertan. Bertako koordinatzailearen asmoa izan zen mahai-inguruarena. Berak gonbidatu zuen KM eta baita, K2, K3, K4 eta K5 ere. Baina nola K4-k eta K5-k ezin zuten etorri, K6 eta K7-ri luzatu zien gonbidapena. K6-k gonbita onartu zuen baina K7-ren ukoaren ondotik, K8 izan zen azken fitxajea.
KM edo MK-k zalantza egin zuen zenbakiak zein ordenetan idatzi, ordenatuta edo desordenatuta, jakinik erabilitako ordena erabat aleatorioa-edo antzeko zerbait zela. Baita idazlanari eman beharreko tonuaz ere. Badaezpada, zenbakiak ordenez aldatzen ere ibili zen, baina nahaspilatuegia iruditu zitzaion. Geroago ere, izango zuen astia mahai-inguruan esandakoak eta esan ez zirenak inork ez antzemateko moduan zenbaki ezberdinetako K-ei ezartzeko. Amaierarako prestatu bai baina zeharka bakarrik aipatu ziren gaien inguruan ere luze aritzekoa asmoa zuen, demagun “Kritikaria norbait molestatzen hasten denean bihurtzen da benetako Kritikari? Hau da, kritikari batek zeresana edo deserosotasuna sortu behar du?” edo “Zein da kritikariaren rola euskal sistema literarioaren baitan? Nolako harremanak izan behar ditu kritikari batek idazle, editore, kritikari eta sistemako beste eragileekin?”. Horrelako kontuak eta mahai-inguruan esan zirenak testuan txertatu nahi zituen, bere garaian K2-k “Klixearen kontra (baina pixka bat alde)” eginikoaren ildotik autofizkioarekin jolastuz etc. etc.
Goizeko ordu horietarako nahikoa zela ebatzita, baina bereziki eskola ematera joan behar zuelako, ohartxo batzuk erantsi eta bere horretan utzi zuen idazten hasitakoa.
***
Dakizuenez, aurrena Gorka Bereziartuak eta ondoren Ibon Egañak, biek eman dute argitara ostegunerako prestatu zuten ekarpen idatzia eta beraz, nire balizko testua horretan gelditu da, kritikari gazte batzuen eiakulazio testual goiztiarra medio. Izan ere, 2 K bakarrik gelditzen baitzaizkit mahai-inguruan esan zituztenen berri emateko baina horrek, jada, ez du graziarik.
Bide batez, MK ohartu da testu luze hau horrela argitaratuta mahai-inguruaz deus gutxi esan eta bestelako auto-autofikzioa gailentzen dela, beharrezko exhibizionismo erakusketa eta guzti. Baina dakizuenez, idatzitako zerbait zakarrontzira bota aurretik, edozer…
Esan bezala, erretxinduta nago, baina tira, hori ere ez da berria.
[…] Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak? […]