Hodeia ez da existitzen
…beste norbaiten ordenagailua da.
Aurtengo Euskarabilduaren webgunean sartzen bazarete, hori izango da jasoko duzuen lehen mezua. Hodeiak horrenbeste indar hartu duen garaiotan, primerako ideia deritzot burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzeko parada hartzea. Ez hodeia burujabetza teknologikoaren kontra doalako, baizik eta zer nolako hodei mota nahi dugun hausnartu beharrean aurkitzen garela uste dudalako.
Aipatu bezala, burujabetza teknologikoa ardatz hartuko duen 2019ko Euskarabilduaren zortzigarren edizio honek, egitarau oso interesgarria jartzen du gaiaz hausnartu nahi duenaren eskura. Atal desberdinetan banaturik, burujabetza teknologikoaren inguruko esperientziak konpartitu nahi dituzte, foko argi bat ezarriz: burujabetza teknologikoaren alde estrategikoa. Bejondeiela!
Hitzaldi guztiek oso itxura interesgarria badute ere, bik bereziki motibatzen naute: alde batetik, TEKS sareak aurkeztuko duen “Euskal Herriko erronkak, burujabetza teknologikoaren ikuspegitik” eta, bestetik, Donestech eragilearen “Soberanía tecnológica: Trayectorias, valores y comunidades”. TEKS sarearena Euskal Herrian ditugun behar izan propioetara begiratzeko aukera emango digula aurreikusten dudalako – izenburu horrekin, zer bestela? – eta bigarrena, Donestech-ena, emakumeek teknologia berriekin duten harremana aztertzen duen eragilea izanik, oso proiektu interesgarriak egiten dituztela kuxkuxeatzeko aukera izan dudalako. Argi dago Euskarabilduak genero ikuspegia zaindu duela berriz ere. Arlo teknologikoan bereziki eskertzekoa iruditzen zait.
Baina ezin dut artikulu hau bukatu Xabier Barandiaranen “Maritxu nora zoaz? Nola egin (eta zergatik ez atzeratu) erakundeen trantsizio teknologikoa” aipatu gabe. Izan ere, Xabierrek esaten eta idazten dituen guztiak gure erabateko arreta merezi dutela uste duten horietakoa naiz. Baina, Argiako Creative Commons lizentzien inguruko hausnarketa ere aipatu nahiko nuke, izan ere, irakurketa oso interesgarria plazaratu zuten.
Badakizue zer? Hementxe bukatu behar dudala. Ezabatu zuen garunetatik irakurri berri duzuen guztia eta ideia bakarra artxibatu: aurtengo Euskarabilduaren egitarau osoa da interesgarria.
Zoritxarrez ezinezkoa zait Donostiako San Telmo museora, Urriaren 24an joatea. Eta benetan diot zoritxarrez dela, errepikatzen bainaiz ere, aurtengo Euskarabildua zinez interesgarria iruditzen zaidalako eta bertan egingo den hausnarketa hezkuntzarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dudalako. Streaming-a egotekotan, entzuteaz konformatu beharko naiz oraingo honetan. Eta tarteka-marteka sare sozialetan komentatzen dena irakurtzeaz.
Aukera izatekotan, gerturatu zaitezte aurtengo Euskarabilduara, ez dut uste, inondik inora, damutuko zaretenik.
Utzi erantzuna