Zure mugikorra ez da zurea izango

Hori da Googlek isilean exekutatu nahi duen azken erabakiaren laburpen gordina. Bere garaian Android telefono bat aukeratu zenuen horietakoa bazara, Appleren “hesitutako lorategiaren” burdinazko paretetan harrapatuta bizi nahi ez zenuelako hain zuzen ere, presta zaitez, jokoaren arauak erabat aldatuko baitira atzeraeraginez.

Software librearen aktibista eta burujabetza teknologikoaren defendatzaile gisa, urteak daramatzat monopolio digitalaren arriskuez ohartarazten, eta horietako batek laurogeita hamar egunen buruan marra gorri arriskutsu bat zeharkatuko du. 2026ko irailetik aurrera, Googleren bigarren planoko eguneratze batek automatikoki blokeatuko du edozein aplikazio, baldin eta garatzailea haiekin ofizialki erregistratu ez bada, kontratu bat sinatu ez badu edo kutxatik pasatu nahi ez badu.

Zer esan nahi du honek guztiak? Bada, hemendik aurrera, garatzaileek Googleren arau berriak onartzen ez badituzte, haien aplikazioak ezingo direla erabili. Hau da, Googlek zure mugikorretik ezabatu edo blokeatu egingo duela software guztia: dela F-Droid bezalako denda askeetatik jaitsitako aplikazio bat, dela lagun programatzaile batek zu laguntzeko egindako kodea, edota ikasle batek sortutako edozein tresna. Ez du axola mugikorra zuk erosi eta ordaindu izana, ezta zure jabetza izatea ere. Googlek zure poltsikoko jabe eta aduanazain bakarra izatea erabaki baitu.

Google, korporazio handiek beti egiten duten bezala, “erabiltzailea malwarearen aurrean babesteko” argumentuan ezkutatzen da. Baina ez gaitezen engaina: ke-gortina bat da.

Dagoeneko, Google Play Protect-ek zure mugikorraren kodea aztertzen du birusen bila. Garatzaile batek bere nortasun-agiri ofiziala eta gako pribatuak entregatzeko eta tasa bat ordaintzeko eskatzeak ez du esan nahi kodea magikoki seguruagoa denik. Software-sortzaileak identifikagarriak eta kontrolagarriak izatea besterik ez du lortzen. Malware profesionalaren benetako sortzaileek nortasunak erregistratzeko edo faltsutzeko moduak aurkituko dituzte. Hala, pribatutasuna defendatzen duen programatzaile independentea, erregimen autoritarioan bizi den aktibista edo irabazi-asmorik gabeko app bat mantentzen duen boluntarioa erabat kanporatuko dira ekosistematik.

Erregulatzaileen animoak baretzeko, Googlek dio “erabiltzaile aurreratuek” oraindik ere nahi dutena instalatu ahal izango dutela prozesu alternatibo baten bidez. Baina letra txikiari begiratzen badiogu, iseka da. Hau ez da erabiltzaileari aukerak ematea. Arreta handiz pentsatuta dago herritarren % 99k atzera egin eta Play Store dendara itzultzeko. Gainera, prozesu hori guztia Googleren zerbitzuen bidez kudeatuko da, eta horrek esan nahi du arauak gogortu edo erabat deuseztatu ditzakeela nahi duenean, inori baimenik eskatu gabe.

Munduko teknologia fabrikatzaile guztiak begira daude, zer gertatuko.

Androidek bere inperioa eraiki zuen milaka milioi pertsona konbentzitu zituelako, hain zuzen ere, plataforma irekia eta Appleren benetako alternatiba zela aginduz. Orain, merkatuaren erabateko nagusitasuna lortu duenez, uste du promesa hori hautsi dezakeela. Baina oraindik garaiz gabiltza neurri berri hau geldiarazteko, horretarako, kontsumitzaile pasiboak izateari utzi eta erabiltzaile aktibo bihurtu behar dugu:

Lehenik eta behin, F-Droid babestu eta erabili behar dugu, alternatibek erabiltzen baditugu bakarrik irauten dutelako. Bigarrenik, funtsezkoa da mezua zabaltzea eta gure ingurunearekin honi buruz hitz egitea, lagunei eta senideei azaltzeko zergatik eragiten dion software librearen blokeoak denon askatasunari. Azkenik, funtsezkoa da presioa egitea, merkatu digitalen legeek monopolio horiek gertutik zaintzen ei dituztela aprobetxatuz. Hala, kontzientzia kolektiboa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta presio handiagoa egingo zaie agintariei honen aurka egiteko.

Azken finean, zure telefonoa zuk erosi zenuen, zuk ordaindu zenuen eta zurea da. Beraz, ez utzi korporazio bati erabakitzen zer egin dezakezun edo zer ezin duzun egin zure gailuarekin.

#KeepAndroidOpen

Aztarna digitala eta Marx

Ez dakit gaur egun Marx bere burua baino marxistagoa izango ote litzatekeen. Hainbat abadek defendatzen dute baietz. Abade honek nahiago du pentsatzea ezetz. Baina argi dagoena da, bizi dugun mundu honetan pantaila, algoritmo eta hodei birtualez gainezka bizi izanez gero, nekez ezeztatu lezakeela klase-borroka zerbitzarietan eta itsaspeko kableetan ere jokatzen dela.

Koherentzia politikoari buruzko eztabaida erraza dirudi: produktu jakin batzuk ez erostea, marka jakin batzuk saihestea, okupazio- edo errepresio-politikei eusten dietenak finantzatzeari uko egitea. Baina ez da. Besteak beste, eremu digitalean dena zailtzen delako. Gure bizitzaren zati handi bat kontrolatzen ez ditugun azpiegitura ikusezinek gobernatzen duten lurralde batean gertatzen baita. Zerbitzariak, aplikazioak, sare sozialak: tresna horietako bakoitzaren atzean enpresa jakin batzuk daude, interes ekonomiko eta lotura politiko oso argiak dituztenak.

Askok egunero erabiltzen dituzte Gmail, Windows edo Amazon. Ez dago gehiegi pentsatu beharrik: berez datozen tresnak dira, eguneroko bizitzan ezinbestekotzat jotzen direnak. Ulergarria da, erosoak, errazak eta, batez ere, nonahikoak izateko diseinatuta daude. Baina erraldoi horiengandik aldentzen saiatzen garenok ere, epostarako Riseup, sistema eragile gisa Debian edo korporazio handien ordez denda birtual txikiak bezalako alternatibak aukeratzen ditugunok, ez dugu erabat ihes egiten.

Baina koherentzia ez da inoiz izan ez erortzea, baizik eta erortzea ez normalizatzea.

Zalantza ezinbestean sortzen da: zer gertatzen da ordainketekin, fakturekin, harpidetzekin? Nire susmoaren helburua ez da inor bereziki seinalatzea, are gutxiago inor zigortzea, arazoaren garrantzia agerian uztea baizik. Mendekotasunerako diseinatutako ekosistema batean mugitzen gara. Potentzia teknologiko handiek badakite eta ustiatzen dute: zerbitzu errazak, merkeak eta nonahikoak sortzen dituzte, eta, horrela, gure erosotasuna beren arma politiko onena bihurtzen dute.

Aztarna digitala politikoa delako. Gure erabakiak islatzen dituelako, baina baita gure mendekotasunak agerian uzten dituelako ere. Eta eztabaidarako eremu bat dira. Zalantzan jartzen ez dugun faktura bakoitzak, pentsatu gabe berritzen dugun harpidetza bakoitzak, inertziaz ematen dugun klik bakoitzak, agian borrokatu nahi ditugun egiturak indartzen dituztelako. Zer zentzu du eremu batean justizia erreklamatzeak, beste batean justizia ukatzen duten mekanismoak ia konturatu gabe elikatzen ditugun bitartean? Bada, bidea eraikitzea.

Ez dago erantzun errazik. Agian zazpi urtetan ez duzu fakturarik jaso, erosotasun digitalak harreman ekonomikoa mozorrotzen duelako, edo agian hurbilegi begiratu nahi ez duzulako. Ez da arazo indibiduala, kolektiboa baizik, eta uko egite hutsa baino anbizio handiagoko zerbait behar du konpontzeko.

Boikota, azken batean, deserosotasuna da. Onartzea dena ez dagoela gure kontrolpean, baina ez diogu uko egin behar norabide egokian bultzatzeari. Koherentzia, inoiz inorentzat perfektua ez bada ere, onartezina ez normalizatzeko borondatean neurtzen delako.

Zalantza argia da: nork ihes egin dezake erabat, bilera politiko soil bat antolatzeko ere, zalantzan jarri nahi ditugun potentzia berberei dagozkien plataformak “behar” ditugunean?

Gabon kamaradak.

Metaren eta adimen artifizialaren kolonialismo digitala

Drop Site News hedabideak (botere-abusuak mundu mailan agerian jartzeagatik ezaguna) argitaratutako ikerketak interneten bilakaeran kezka sortu beharko lukeen joera baten adierazle den albistea argitaratu du. Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazionalak scraping masiboa egin du, mundu osoko sei milioi webgune baino gehiagoren datuak automatikoki kopiatuz. Tartean Euskaltzaindia, Emakunde, Naiz, Deia, EITB, Halabedi, Ikasbil, Euskadi.net, Justizia edo euskarazko fedibertsoaren instantzia handienak ere (mastodon.eus, mastodon.jalgi.eus eta peertube.eus, adibidez).

Hau da: auzoko liburutegira sartu da, bertako liburu guztiak fotokopiatu ditu (argitaratu gabeko eskuizkribuak barne) eta horiek bere entziklopedia pribatu propioa eraikitzeko erabiliko ditu, gehien ordaintzen dion horri saltzeko. Ez dago trukerik, ez dago baimen eskaerarik eta ez dago edukia sortu duen komunitatearentzat onurarik. Dagoen gauza bakarra balioaren erauzketa unilaterala da.

Metak euskarazko edukira jotzea ez da kasualitatea.

AAko ereduak garatzeko orduan, hizkuntza-aniztasuna aktibo baliotsua da: sistemari mundu osoan jarduteko gaitasuna ematen dio, inklusibitate berniza ematen dio eta merkatu berriak irekitzen dizkio. Baina “aberastasun” horren kostua, euskararen kasuan, komunitatearen bizkar geratzen da erabat, ekoizpen digitala merkatu-kuota eta irabaziak handitzea helburu duen korporazio baten esku (ere) geratzen delako. Ondorio legalak argiak dira: kopiatutako eduki gehienak egile eskubideen babespean daude (izan Copyright, Creative Commons edo bestelako Copyleft lizentziak) eta baimenik gabeko erabilera legez kanpokoa da. Hala ere, arazoaren muina ez da juridikoa, baizik eta etikoa. Hau erauzketa digitalaren adibide garbia delako: datuen eremuan kolonialismo ekonomikoaren logikak errepikatzen dituen praktika. Komunitate periferikoek sortutako baliabideen apropiazioa botere korporatiboaren kapital teknologikoa elikatzeko.

Autonomia digitalaren printzipio oinarrizkoenen urraketa.

Edukiak irekian argitaratzen dituzten proiektuek konfiantza-esparru baten barruan egiten dute: euren lana zabal dadin espero dute, bai, baina egiletza, testuingurua eta jatorrizko helburuak errespetatzen dituen ekosistema batean. Meta bezalako multinazional batek datu horiek kopiatzen, testuingurutik ateratzen, prozesatzen eta eredu pribatu eta itxi batean integratzen dituenean, hitzarmen hori apurtzen du. Ekintza horrek internet irekiaren oinarria degradatzen du eta kultura digital partekatu baten euskarriak higatzen ditu. Arazoa are larriagoa da euskararen eta beste hizkuntza gutxituen kasuan. Emaitza paradoxa perbertsoa delako.

Baina hau ez da akats txiki edo momentuko oker bat.

Metak datu asko behar (nahi) ditu, kosturik gabe, bere AA merkatuan nagusitu ahal izateko. Eredu honetan, datuak baliabide natural bat dira eta horiek sortzen dituzten komunitateak ustiagarri gisa ikusten dira. “AA demokratizatzea” dioen diskurtso korporatiboak praktikan gertatzen dena ezkutatzen du: arpilatze isil, sistematiko eta global bat.

Horri bere izenez deitzen ez diogun bitartean, arpilatzeak jarraituko du.

Teknologiak aniztasuna ulertzen ez duenean

Atzo bertan, azken belaunaldiko erloju adimendun bat jaso nuen. Pantaila distiratsuarekin, diseinu dotorearekin eta nire osasuna, loa eta jarduera fisikoa monitorizatzeko gai izango zena. Hala ere, gailua behar bezala ez zebilela konturatu nintzen. Arrazoia? Tatuajeak.

Bai, tatuajeak. Erlojuaren sentsore optikoak argi berdea erabiltzen du bihotz-maiztasuna neurtzeko, eta ezin du nire tatuajeen tintaren erruz “ikusi”. Horrek esan nahi du, janzten dudan bakoitzean, erlojuak ezin duela antzeman soinean daramadala eta, ondorioz, funtzio guztiak galtzen dituela. Hasieran, arazo isolatua zela pentsatu nuen, software doikuntza batekin edo konfigurazio aldaketa batekin konpon zitekeen zerbait. Pixka bat gehiago ikertzean, ohartu nintzen enpresa fabrikatzaileak ohar bat duela bere webgunean, argi eta garbi azaltzen duena:

“Banakako diferentziek, hala nola larruazalaren koloreak, ileak, tatuajeek eta orbainek, bihotz-maiztasunaren kontrolean ere eragin dezakete, behar bezala erabiltzen badira ere (larruazal marroia eta beltza ezin dira neurtu, eta larruazal ilunak argi berde asko xurgatzen du, eta ezin da detektatu).”

Adierazpen horrek zur eta lur utzi ninduen. Baina ez erlojuak tatuajeengatik funtzionatzen ez duelako, baizik eta enpresak argi eta garbi onartzen duelako bere teknologia ez dela bateragarria larruazalaren tonu jakin batzuekin, ilunagoekin hain zuzen ere. Eta badakite, baina hori gertatzea onargarria dela uste dute.

Teknologiak aniztasuna ulertzen ez duenean

Hau gertatzen dela kontu jakina da aspaldi, baina nire larruan bizi izan dut lehen aldiz. Gizon zuri europarra naizen aldetik, hau da nire posizio pribilegiatutik horrelako arazo bati aurre egiten diodan lehen aldia. Inoiz ez dut sentitu nire gorputza, nire itxura edo nire nortasuna produktu teknologiko bat erabiltzeko oztopo izan denik. Eta azaleko kexa baten itxura izan dezakeen arren, gertakari honek bide ematen dit askoz sakonagoa den arazo bati buruz idazteko: arrazismoa teknologian. Teknologiak, teorian, neutrala izan beharko luke. Hala ere, ez da. Guztientzat berdin funtzionatu beharko luke, arraza, generoa, adina edo itxura fisikoa edozein dela ere. Hala ere, gailu eta sistema asko pertsona-talde batzuek ez erabiltzeko moduan diseinatuta daude, askotan inkontzienteki, beste batzuetan… Kasu honetan, badirudi erloju adimenduna erabiltzaile “estandar” batean pentsatuta diseinatu dela: larruazal argia duen norbait.

Horrek dagoeneko nahikoa errotuta dauden desberdintasunak areagotzen ditu.

Enpresak bere gailuak larruazal ilunagoetan behar bezala funtzionatzen ez duela onartzea, nire ustez, oso arrazista da. Larruazalak argi berde hori xurgatzen ez duela esanez zuritu nahi badute ere. Ez da arazo tekniko bat bakarrik; diseinu eta perspektiba arazo bat da. Ingeniariek eta diseinatzaileek hasieratik aintzat hartu izan balute giza aniztasuna, hasieratik inklusiboa izango litzatekeen teknologia bat garatuko zuketen. Horren ordez, azal iluneko pertsonak diskriminatzen dituen produktu bat sortu dute. Beste bat.

Gertakari honek teknologiaren neutraltasunari buruz idatzi nuen azken artikuluan idatzitako argudioak indartzen ditu. Bertan, argudiatzen nuen teknologia ez dela neutrala, baizik eta teknologia sortzen dutenen balioak eta aurreiritziak islatzen dituela. Kasu hau horren adibide ezin hobea da. Erloju adimendun honen diseinuan aniztasunarekiko begirunerik eza ez da akats tekniko bat bakarrik; talde batzuk besteen gainetik lehenesten dituen pentsamolde baten isla da.

Enpresa teknologikoek haien praktikei buruz hausnartu behar dute, eta inklusiboagoak izateko neurriak hartu. Funtsezkoa da diseinu- eta garapen-taldeak askotarikoak izatea. Teknologia horiek sortzen dituzten pertsonak jatorri desberdinetatik badatoz eta esperientzia desberdinak badituzte, litekeena da premia eta ezaugarri fisikoen sorta zabalagoa aintzat hartzea. Bigarrenik, enpresek proba sakonak egin behar dituzte erabiltzaile desberdinekin produktu bat merkaturatu aurretik. Horrek gaur azaltzen ari naizen bezalako arazoak identifikatzen eta zuzentzen lagunduko luke, dagoeneko nahikoa bazterkeria sufritzen duten taldeei eragin aurretik. Garrantzitsua da kontsumitzaileok ere enpresei gehiago eskatzea. Ez dugu konformatu behar talde jakin batzuk baztertzen edo diskriminatzen dituzten produktuekin. Gardentasuna eskatu behar diegu enpresei, eta benetan inklusiboak diren irtenbideak exijitu behar ditugu. Gertakari honek gogorarazi dit teknologiak gu batzeko potentziala duen arren, zatitu ere egin gaitzakeela kontuz eta arretaz diseinatzen ez bada.

Beraz, gailu teknologiko bat erosten duzun hurrengo aldian, galdetu zeure buruari: berdin funtzionatuko du guztiontzat? Edo pertsona mota jakin batentzat bakarrik diseinatuta dago?

Erantzunak harritu egin zaitzake.

Hackstañazo-n ikusiko dugu elkar!

Adi, hacker, aktibista digital eta teknologiaren zale amorratuak! Aurtengo Hackmeeting-a leku berezi batean ospatuko da: Gaztañon, Euskal Herrian. Markatu zuen egutegietan irailaren 26, 27, 28 eta 29a, elkarrekin ikasteko, lankidetzan aritzeko eta, batez ere, eraikuntza kolektiborako lau egun bizi datozelako.

Ez dakizula zer den Hackmeeting-a? Hackmeeting-a urtero antolatzen den topaketa autogestionatua da, eta teknologian, zibersegurtasunean, software librean, kontrakultura teknologikoan eta oro har hacker kulturan interesa duten pertsonak biltzen ditu. Ezagutzak, tailerrak, hitzaldiak, eztabaidak eta proiektuak trukatzeko gunea ere bada, teknologiaren erabilera kritikoa eta sortzailea sustatzeko. Han, komunitate hacktibista ideiak partekatzeko eta askatasuna eta burujabetza teknologikoa sustatzeko tresnak eraikitzeko elkartzen da.

Topaketa honetan, beste hainbatetan bezala, tailer teknikoak, eztabaida filosofikoak eta kultur jarduerak proposatuko dira. Besteak beste, segurtasuna eta pribatutasun digitala, informazio pertsonala eta kolektiboa babesteko tresnak eskainiz; software librea eta autogestioa, erabiltzaileek kontrolatutako teknologia libreen erabilera sustatuz; hacktibismoa, teknologia aldaketa sozial eta politikorako tresna gisa erabiliz; eta ZZE kultura (Zuk zeuk egin), hardwarearen fabrikaziotik hasi eta sare komunitarioen sorkuntzaraino.

Hackmeeting-ean parte hartzea librea eta doakoa da, baina parte hartuko dugun guztiok nola edo hala laguntzea espero da, bakoitzak ahal duen neurrian. Dela tailer bat antolatuz, dela janaria prestatuz, dela logistikarekin lagunduz. Jarduera baterako ideia bat baduzu edo edozein zereginetan lagundu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta eman paseotxo bat hackmeeting-eko wiki-tik, proposamena egiteko eta koordinatzeko.

Hackmeeting-ean parte hartzen duten guztiei ostatua hartzeko eta bertan bazkaltzeko aukera eskainiko zaie, esperientzia erosoa eta atsegina ziurtatuz eta hackmeeting-aren ezaugarri den komunitate- eta lankidetza-espiritua indartuz.

Azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi, Hackmeeting-aren egoitza gisa Gaztaño aukeratzea ez dela kasualitatea. Gaztaño auzo borrokalaria, erresistentziaren eta autonomiaren sinbolo garrantzitsu bat izan baita urteetan zehar Euskal Herrian. Bere historia eta kultura oinarri hartuta, beti erakutsi du bere komunitatearen ahalduntzearen aldeko apustua, eta balore hauek guztiz errotuta daude filosofia hacktibistan ere.

Gaztañon ikusiko dugu elkar! Ekarri zure ideiak, zure energia eta zure hacker espiritua komunitatearekin bat etorkizun teknopolitiko askeagoak eraikitzeko!