Zure mugikorra ez da zurea izango

Hori da Googlek isilean exekutatu nahi duen azken erabakiaren laburpen gordina. Bere garaian Android telefono bat aukeratu zenuen horietakoa bazara, Appleren “hesitutako lorategiaren” burdinazko paretetan harrapatuta bizi nahi ez zenuelako hain zuzen ere, presta zaitez, jokoaren arauak erabat aldatuko baitira atzeraeraginez.

Software librearen aktibista eta burujabetza teknologikoaren defendatzaile gisa, urteak daramatzat monopolio digitalaren arriskuez ohartarazten, eta horietako batek laurogeita hamar egunen buruan marra gorri arriskutsu bat zeharkatuko du. 2026ko irailetik aurrera, Googleren bigarren planoko eguneratze batek automatikoki blokeatuko du edozein aplikazio, baldin eta garatzailea haiekin ofizialki erregistratu ez bada, kontratu bat sinatu ez badu edo kutxatik pasatu nahi ez badu.

Zer esan nahi du honek guztiak? Bada, hemendik aurrera, garatzaileek Googleren arau berriak onartzen ez badituzte, haien aplikazioak ezingo direla erabili. Hau da, Googlek zure mugikorretik ezabatu edo blokeatu egingo duela software guztia: dela F-Droid bezalako denda askeetatik jaitsitako aplikazio bat, dela lagun programatzaile batek zu laguntzeko egindako kodea, edota ikasle batek sortutako edozein tresna. Ez du axola mugikorra zuk erosi eta ordaindu izana, ezta zure jabetza izatea ere. Googlek zure poltsikoko jabe eta aduanazain bakarra izatea erabaki baitu.

Google, korporazio handiek beti egiten duten bezala, “erabiltzailea malwarearen aurrean babesteko” argumentuan ezkutatzen da. Baina ez gaitezen engaina: ke-gortina bat da.

Dagoeneko, Google Play Protect-ek zure mugikorraren kodea aztertzen du birusen bila. Garatzaile batek bere nortasun-agiri ofiziala eta gako pribatuak entregatzeko eta tasa bat ordaintzeko eskatzeak ez du esan nahi kodea magikoki seguruagoa denik. Software-sortzaileak identifikagarriak eta kontrolagarriak izatea besterik ez du lortzen. Malware profesionalaren benetako sortzaileek nortasunak erregistratzeko edo faltsutzeko moduak aurkituko dituzte. Hala, pribatutasuna defendatzen duen programatzaile independentea, erregimen autoritarioan bizi den aktibista edo irabazi-asmorik gabeko app bat mantentzen duen boluntarioa erabat kanporatuko dira ekosistematik.

Erregulatzaileen animoak baretzeko, Googlek dio “erabiltzaile aurreratuek” oraindik ere nahi dutena instalatu ahal izango dutela prozesu alternatibo baten bidez. Baina letra txikiari begiratzen badiogu, iseka da. Hau ez da erabiltzaileari aukerak ematea. Arreta handiz pentsatuta dago herritarren % 99k atzera egin eta Play Store dendara itzultzeko. Gainera, prozesu hori guztia Googleren zerbitzuen bidez kudeatuko da, eta horrek esan nahi du arauak gogortu edo erabat deuseztatu ditzakeela nahi duenean, inori baimenik eskatu gabe.

Munduko teknologia fabrikatzaile guztiak begira daude, zer gertatuko.

Androidek bere inperioa eraiki zuen milaka milioi pertsona konbentzitu zituelako, hain zuzen ere, plataforma irekia eta Appleren benetako alternatiba zela aginduz. Orain, merkatuaren erabateko nagusitasuna lortu duenez, uste du promesa hori hautsi dezakeela. Baina oraindik garaiz gabiltza neurri berri hau geldiarazteko, horretarako, kontsumitzaile pasiboak izateari utzi eta erabiltzaile aktibo bihurtu behar dugu:

Lehenik eta behin, F-Droid babestu eta erabili behar dugu, alternatibek erabiltzen baditugu bakarrik irauten dutelako. Bigarrenik, funtsezkoa da mezua zabaltzea eta gure ingurunearekin honi buruz hitz egitea, lagunei eta senideei azaltzeko zergatik eragiten dion software librearen blokeoak denon askatasunari. Azkenik, funtsezkoa da presioa egitea, merkatu digitalen legeek monopolio horiek gertutik zaintzen ei dituztela aprobetxatuz. Hala, kontzientzia kolektiboa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta presio handiagoa egingo zaie agintariei honen aurka egiteko.

Azken finean, zure telefonoa zuk erosi zenuen, zuk ordaindu zenuen eta zurea da. Beraz, ez utzi korporazio bati erabakitzen zer egin dezakezun edo zer ezin duzun egin zure gailuarekin.

#KeepAndroidOpen

Metaren eta adimen artifizialaren kolonialismo digitala

Drop Site News hedabideak (botere-abusuak mundu mailan agerian jartzeagatik ezaguna) argitaratutako ikerketak interneten bilakaeran kezka sortu beharko lukeen joera baten adierazle den albistea argitaratu du. Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazionalak scraping masiboa egin du, mundu osoko sei milioi webgune baino gehiagoren datuak automatikoki kopiatuz. Tartean Euskaltzaindia, Emakunde, Naiz, Deia, EITB, Halabedi, Ikasbil, Euskadi.net, Justizia edo euskarazko fedibertsoaren instantzia handienak ere (mastodon.eus, mastodon.jalgi.eus eta peertube.eus, adibidez).

Hau da: auzoko liburutegira sartu da, bertako liburu guztiak fotokopiatu ditu (argitaratu gabeko eskuizkribuak barne) eta horiek bere entziklopedia pribatu propioa eraikitzeko erabiliko ditu, gehien ordaintzen dion horri saltzeko. Ez dago trukerik, ez dago baimen eskaerarik eta ez dago edukia sortu duen komunitatearentzat onurarik. Dagoen gauza bakarra balioaren erauzketa unilaterala da.

Metak euskarazko edukira jotzea ez da kasualitatea.

AAko ereduak garatzeko orduan, hizkuntza-aniztasuna aktibo baliotsua da: sistemari mundu osoan jarduteko gaitasuna ematen dio, inklusibitate berniza ematen dio eta merkatu berriak irekitzen dizkio. Baina “aberastasun” horren kostua, euskararen kasuan, komunitatearen bizkar geratzen da erabat, ekoizpen digitala merkatu-kuota eta irabaziak handitzea helburu duen korporazio baten esku (ere) geratzen delako. Ondorio legalak argiak dira: kopiatutako eduki gehienak egile eskubideen babespean daude (izan Copyright, Creative Commons edo bestelako Copyleft lizentziak) eta baimenik gabeko erabilera legez kanpokoa da. Hala ere, arazoaren muina ez da juridikoa, baizik eta etikoa. Hau erauzketa digitalaren adibide garbia delako: datuen eremuan kolonialismo ekonomikoaren logikak errepikatzen dituen praktika. Komunitate periferikoek sortutako baliabideen apropiazioa botere korporatiboaren kapital teknologikoa elikatzeko.

Autonomia digitalaren printzipio oinarrizkoenen urraketa.

Edukiak irekian argitaratzen dituzten proiektuek konfiantza-esparru baten barruan egiten dute: euren lana zabal dadin espero dute, bai, baina egiletza, testuingurua eta jatorrizko helburuak errespetatzen dituen ekosistema batean. Meta bezalako multinazional batek datu horiek kopiatzen, testuingurutik ateratzen, prozesatzen eta eredu pribatu eta itxi batean integratzen dituenean, hitzarmen hori apurtzen du. Ekintza horrek internet irekiaren oinarria degradatzen du eta kultura digital partekatu baten euskarriak higatzen ditu. Arazoa are larriagoa da euskararen eta beste hizkuntza gutxituen kasuan. Emaitza paradoxa perbertsoa delako.

Baina hau ez da akats txiki edo momentuko oker bat.

Metak datu asko behar (nahi) ditu, kosturik gabe, bere AA merkatuan nagusitu ahal izateko. Eredu honetan, datuak baliabide natural bat dira eta horiek sortzen dituzten komunitateak ustiagarri gisa ikusten dira. “AA demokratizatzea” dioen diskurtso korporatiboak praktikan gertatzen dena ezkutatzen du: arpilatze isil, sistematiko eta global bat.

Horri bere izenez deitzen ez diogun bitartean, arpilatzeak jarraituko du.