Zure mugikorra ez da zurea izango

Hori da Googlek isilean exekutatu nahi duen azken erabakiaren laburpen gordina. Bere garaian Android telefono bat aukeratu zenuen horietakoa bazara, Appleren “hesitutako lorategiaren” burdinazko paretetan harrapatuta bizi nahi ez zenuelako hain zuzen ere, presta zaitez, jokoaren arauak erabat aldatuko baitira atzeraeraginez.

Software librearen aktibista eta burujabetza teknologikoaren defendatzaile gisa, urteak daramatzat monopolio digitalaren arriskuez ohartarazten, eta horietako batek laurogeita hamar egunen buruan marra gorri arriskutsu bat zeharkatuko du. 2026ko irailetik aurrera, Googleren bigarren planoko eguneratze batek automatikoki blokeatuko du edozein aplikazio, baldin eta garatzailea haiekin ofizialki erregistratu ez bada, kontratu bat sinatu ez badu edo kutxatik pasatu nahi ez badu.

Zer esan nahi du honek guztiak? Bada, hemendik aurrera, garatzaileek Googleren arau berriak onartzen ez badituzte, haien aplikazioak ezingo direla erabili. Hau da, Googlek zure mugikorretik ezabatu edo blokeatu egingo duela software guztia: dela F-Droid bezalako denda askeetatik jaitsitako aplikazio bat, dela lagun programatzaile batek zu laguntzeko egindako kodea, edota ikasle batek sortutako edozein tresna. Ez du axola mugikorra zuk erosi eta ordaindu izana, ezta zure jabetza izatea ere. Googlek zure poltsikoko jabe eta aduanazain bakarra izatea erabaki baitu.

Google, korporazio handiek beti egiten duten bezala, “erabiltzailea malwarearen aurrean babesteko” argumentuan ezkutatzen da. Baina ez gaitezen engaina: ke-gortina bat da.

Dagoeneko, Google Play Protect-ek zure mugikorraren kodea aztertzen du birusen bila. Garatzaile batek bere nortasun-agiri ofiziala eta gako pribatuak entregatzeko eta tasa bat ordaintzeko eskatzeak ez du esan nahi kodea magikoki seguruagoa denik. Software-sortzaileak identifikagarriak eta kontrolagarriak izatea besterik ez du lortzen. Malware profesionalaren benetako sortzaileek nortasunak erregistratzeko edo faltsutzeko moduak aurkituko dituzte. Hala, pribatutasuna defendatzen duen programatzaile independentea, erregimen autoritarioan bizi den aktibista edo irabazi-asmorik gabeko app bat mantentzen duen boluntarioa erabat kanporatuko dira ekosistematik.

Erregulatzaileen animoak baretzeko, Googlek dio “erabiltzaile aurreratuek” oraindik ere nahi dutena instalatu ahal izango dutela prozesu alternatibo baten bidez. Baina letra txikiari begiratzen badiogu, iseka da. Hau ez da erabiltzaileari aukerak ematea. Arreta handiz pentsatuta dago herritarren % 99k atzera egin eta Play Store dendara itzultzeko. Gainera, prozesu hori guztia Googleren zerbitzuen bidez kudeatuko da, eta horrek esan nahi du arauak gogortu edo erabat deuseztatu ditzakeela nahi duenean, inori baimenik eskatu gabe.

Munduko teknologia fabrikatzaile guztiak begira daude, zer gertatuko.

Androidek bere inperioa eraiki zuen milaka milioi pertsona konbentzitu zituelako, hain zuzen ere, plataforma irekia eta Appleren benetako alternatiba zela aginduz. Orain, merkatuaren erabateko nagusitasuna lortu duenez, uste du promesa hori hautsi dezakeela. Baina oraindik garaiz gabiltza neurri berri hau geldiarazteko, horretarako, kontsumitzaile pasiboak izateari utzi eta erabiltzaile aktibo bihurtu behar dugu:

Lehenik eta behin, F-Droid babestu eta erabili behar dugu, alternatibek erabiltzen baditugu bakarrik irauten dutelako. Bigarrenik, funtsezkoa da mezua zabaltzea eta gure ingurunearekin honi buruz hitz egitea, lagunei eta senideei azaltzeko zergatik eragiten dion software librearen blokeoak denon askatasunari. Azkenik, funtsezkoa da presioa egitea, merkatu digitalen legeek monopolio horiek gertutik zaintzen ei dituztela aprobetxatuz. Hala, kontzientzia kolektiboa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta presio handiagoa egingo zaie agintariei honen aurka egiteko.

Azken finean, zure telefonoa zuk erosi zenuen, zuk ordaindu zenuen eta zurea da. Beraz, ez utzi korporazio bati erabakitzen zer egin dezakezun edo zer ezin duzun egin zure gailuarekin.

#KeepAndroidOpen

Hackstañazo-n ikusiko dugu elkar!

Adi, hacker, aktibista digital eta teknologiaren zale amorratuak! Aurtengo Hackmeeting-a leku berezi batean ospatuko da: Gaztañon, Euskal Herrian. Markatu zuen egutegietan irailaren 26, 27, 28 eta 29a, elkarrekin ikasteko, lankidetzan aritzeko eta, batez ere, eraikuntza kolektiborako lau egun bizi datozelako.

Ez dakizula zer den Hackmeeting-a? Hackmeeting-a urtero antolatzen den topaketa autogestionatua da, eta teknologian, zibersegurtasunean, software librean, kontrakultura teknologikoan eta oro har hacker kulturan interesa duten pertsonak biltzen ditu. Ezagutzak, tailerrak, hitzaldiak, eztabaidak eta proiektuak trukatzeko gunea ere bada, teknologiaren erabilera kritikoa eta sortzailea sustatzeko. Han, komunitate hacktibista ideiak partekatzeko eta askatasuna eta burujabetza teknologikoa sustatzeko tresnak eraikitzeko elkartzen da.

Topaketa honetan, beste hainbatetan bezala, tailer teknikoak, eztabaida filosofikoak eta kultur jarduerak proposatuko dira. Besteak beste, segurtasuna eta pribatutasun digitala, informazio pertsonala eta kolektiboa babesteko tresnak eskainiz; software librea eta autogestioa, erabiltzaileek kontrolatutako teknologia libreen erabilera sustatuz; hacktibismoa, teknologia aldaketa sozial eta politikorako tresna gisa erabiliz; eta ZZE kultura (Zuk zeuk egin), hardwarearen fabrikaziotik hasi eta sare komunitarioen sorkuntzaraino.

Hackmeeting-ean parte hartzea librea eta doakoa da, baina parte hartuko dugun guztiok nola edo hala laguntzea espero da, bakoitzak ahal duen neurrian. Dela tailer bat antolatuz, dela janaria prestatuz, dela logistikarekin lagunduz. Jarduera baterako ideia bat baduzu edo edozein zereginetan lagundu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta eman paseotxo bat hackmeeting-eko wiki-tik, proposamena egiteko eta koordinatzeko.

Hackmeeting-ean parte hartzen duten guztiei ostatua hartzeko eta bertan bazkaltzeko aukera eskainiko zaie, esperientzia erosoa eta atsegina ziurtatuz eta hackmeeting-aren ezaugarri den komunitate- eta lankidetza-espiritua indartuz.

Azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi, Hackmeeting-aren egoitza gisa Gaztaño aukeratzea ez dela kasualitatea. Gaztaño auzo borrokalaria, erresistentziaren eta autonomiaren sinbolo garrantzitsu bat izan baita urteetan zehar Euskal Herrian. Bere historia eta kultura oinarri hartuta, beti erakutsi du bere komunitatearen ahalduntzearen aldeko apustua, eta balore hauek guztiz errotuta daude filosofia hacktibistan ere.

Gaztañon ikusiko dugu elkar! Ekarri zure ideiak, zure energia eta zure hacker espiritua komunitatearekin bat etorkizun teknopolitiko askeagoak eraikitzeko!

Mastodon ez da Twitter (lehena, finantziazioa)

Azken egunetan hainbeste jende Mastodonen lurreratu izana eta denbora luze batez bisitan etorri gabe egon direnak Mastodonera itzuli direla ikusteak, eta idazteko hainbeste denbora alfer eramateak, Mastodoni buruz hitz egitera bultzatu naute.

Egia esan, aste hauek apur bat kaotikoak izan dira Mastodonen instantziak administratzen eta moderatzen ditugun pertsonentzat. Instantzia horietako asko behartuta egon gara erregistro berrien onarpena gelditzera edo erregistro-formularioetan eskaerak hobeto kudeatzen lagundutzen diguten sistemak ezartzera. Twitterretik etorritako erabiltzaile berrien uholdeak eraginda. Mastodon.eus-en kasuan, ongien ezagutzen dudana, erregistro-formularioan galdera bat sartu behar izan dugu. Honela dio galderak: «Zergatik elkartu nahi duzu?». Erantzunetan oinarrituta, alta berriak onartzen edo ukatzen ditugu. Atzo, ostirala, zenbait doiketa egin behar izan genituen zerbitzariaren konfigurazioan, lan-ilarak pilatzen ari zirelako. Nolanahi ere, zerbitzariak ezin hobeto eutsi zion, baina horren meritua, esan gabe doa, Admin erabiltzailearena da.

Hala ere, esan bezala, Mastodoneko beste instantzia batzuek izen emate formularioak itxi behar izan zituzten, ezin zietelako aurre egin erregistro berriei maila teknikoan, moderazio mailan edo bietan. Badira iristen zaizkien jakinarazpen guztiak irakurri ere ezin dituzten administratzaileak.

Eta hori, berez, alde handia da Twitterrekiko.

Interneten dena doakoa dela pentsatzeko obsesioa dugu. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa bada ere. Mastodon instantzia bati eusteko, gutxienez, honako hauek behar dira: instantzia muntatzeko zerbitzari bat, berau elikatzeko argindarra, mantentzen eta eguneratzen duen arduradun bat eta moderatzen duen pertsona bat. Egia esan, instantzia askoren kasuan, rol horiek guztiak pertsona berak estaltzen ditu. Baita horiek suposatzen dituzten gastu guztiak ere.

Aurreratu dizuedan bezala, instantziak gehienak pertsona partikularren borondatearen bidez mantentzen dira eta pertsona horiek beraien denbora eta ilusioa jartzen dituzte proiektu horietan. Euskal Herrian eskura ditugun bi instantzien kasuan (mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus), berauek finantziatzeko modu desberdinak daudela esango nuke. Hala ere, ez dut mastodon.jalgi.eus nola kudeatzen duten azaltzeko adina ezagutzen (nahiz eta badakidan Izarkomek kudeatzen duela), beraz, mastodon.eus-en jarriko dut arreta. Mastodon.eus komunitatearen atzean hainbat talde eta norbanako gaude: Azkue Fundazioa, PuntuEUS Fundazioa, iametza, Talaios Koop., Dinahosting eta Laborategia.eus. 2018ko azaroan aurkeztu genuen proiektua eta ordutik online gaude. Proiektu sendoa da. Elkarlanean oinarritzen den egitura mota hori, oso urrun dago multinazional baten estrukturatik. Batzuk zerbitzaria eskuragarri egoteaz arduratzen dira, zerbitzaria beti online eta eguneratuta mantentzeaz, beste batzuk komunitatearen moderazioaz eta batzuk fronte guztietan daude… Bertolt Brechtek esan zuen bezala, ezinbestekoak dira.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Mastodon osatzen duen sarea ekilibrio prekario perfektu batean dagoenik (gezurretan aritzea ere ez litzatekeena, bestalde). Esan nahi dut, Mastodonen instantzia horien guztien atzean, pertsona gaudela, gehien-gehienak borondatez, eta horrek dakartzan gastu guztiekin, gure denbora, ahalegina eta dirua eskaintzen dugunak komunitate digital bat sortzeko. Maila politikoan burujabetza teknologikoan sinisten dugulako.

Twitter milaka langile, nahiz eta gero eta gutxiago izan, dituen sare sozial bat moderatzen duen algoritmoa da eta sistemarekiko desadostasuna podcast batean porro bat errez frogatzen dela uste duen aberats libertizida exzentriko bat.

Gu, hobeto saretu beharko ginatekeela uste badut ere, elkarlaguntza sareak gara. Twitterrekiko ezta antzik ere.

Netflix euskaraz

Bere garaian, lagun batek Twitter euskaratzera gonbidatu ninduen. Uko egin nion Twitter itzultzeari. Alde batetik, Twitter baliabide itzelak dituen enpresa bat delako. Bestetik, Twitter software pribatiboa delako eta nik software librea baino ez dudalako itzultzen. Estatu Batuetako enpresa batek bere plataforma euskaraz izan nahi badu, itzulpena ordaindu dezala. Nolanahi ere, galdera garrantzitsu baten aurrean jarri ninduen. Zer da garrantzitsuagoa, euskara ala burujabetza teknologikoa?

Saiatuko naiz erantzuten.

Aurrekoan, Durangon aurkeztu zen Netflix euskaraz egitasmo ezaguna. Eta blog bidalketa hau idatzi nahi nuenetik publikatzen dudan eguna arte Disney+ euskaraz ere aurkeztu dute. Netflix euskaraz taldeak aurkezpen horretan, azken hilabeteetan egindako lana aurkeztu zuen, 10.000 sinadura baino gehiago gizartearen esku jarri zituen eta bere etorkizunaz hitz egin zuen.

Nik ez dut sinatu eskaera hori. Hala ere, une batzuetan sinatu egin beharko nukeela pentsatzen dut eta momentuko gogo horri eutsi egin behar diot. Noizean behin horietan, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko aktibista izatea eta euskaltzalea izatea balantzaren aurkako platerean dauden zera horien artean aukeratzera behartzen nau. Aurrekoan Twitter bezala, gaurko honetan euskara dago plater batean eta software librea eta burujabetza teknologikoa bestean.

Alde batetik, euskaltzalea naiz, eta horrek esan nahi du, nire ustez, euskara streaming plataformetara ate handitik (mugimendu batek aupatua) sartzea desiragarria litzatekeela. Plataforma horiek duten izena berdin dit. Bestalde, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko aktibista naiz, eta, beraz, erraza da ondorioztatzea niretzat teknologia borrokarako esparru jarraitua dela. Ez erreminta, helburu. Gaur gaurkoz, ezagunenak diren streaming sistema guztiak software pribatiboak dira. Bere algoritmoek ikusten ditugun edukiei buruz hartzen ditugun erabakietan nola eragiten duten baloratzera sartu gabe, derrigorrezkoa bihurtzen zait esatea, Netflix burujabetza teknologikoaren guztiz aurkako norabidean doala. Kontuz, horrekin ez dut esan nahi streaming bidezko edukia kontsumitu behar ez dugunik, baizik eta Netflixen eredua ez dela eduki hori kontsumitzeko modurik eredugarriena. Desazkundetik ere azter genezake beste egun batean.

Balantzaren alde batean euskara eta balantzaren beste aldean burujabetza teknologikoa. Nola asmatu?

Azken zera baten ondorioz, nire balantzak, eskaera ez sinatzearen alde egin zuen: sinadurak change.org plataforman eskatzea. Sinadura kanpaina bat egiteko modu asko daude Interneten, baina change.org da modu horietan guztietan okerrena. Urtzi Urkizuk, Berrian, software librearen aldeko aktibista batzuei change.org-ri buruz egin zigun elkarrizketa irakurtzea gomendatzen dizuet. Uste dut artikuluaren izenburua ezin dela hobeto aukeratuta egon: Sinatzea ez da doakoa.

Laburbilduz, ulertzen dut Netflix euskaraz jartzearen aldeko eskariaren garrantzia. Hala ere, ezinezkoa zait sinatzea. Aspaldi ulertu nuen euskara ezin dela teknologia berrien karrerara bakarrik joan. Horrela egingo balu, inora ez daraman esprint nekagarrian bukatuko luke. Euskara software librearen eta burujabetza teknologikoaren eskutik atera behar da teknologiaren zelaira, euskararen independentzia eta epe luzerako estrategia erabat bermatu dezakeen eredu teknologiko eta politiko bakarra baita.

Zientziaren copyrighta

Ukaezina da historiaren puntu batean gaudela, non, nire ustez, ezinbestekoa zaigun gauza bakarra baitago: zientzia. Eta inork ez dezala zalantza minimorik izan: psikologia barne hartzen dut. COVID-19aren pandemiatik atera nahi badugu, zientzia behar dugu. Baina zientzia librea.

Badakizue zeintzuk diren behar ez ditugun gauzetako bi? Etxeratze agindua eta polizia.

Duela urte gutxi hasi nintzen Kropotkin irakurtzen, baina esan behar dizuet niretzat irakurketa benetan errebelatzailea izan dela. Gaur egun lortzen ditugun lorpenak, edozein eremutan, beste pertsona askok gizartearen izenean iraganean lortu zituzten lorpenen eraginez datoz. Kropotkinen kosmobisio horrek etorkizunean ideiak askeak izan behar dutela azaltzeko balio dit. Are gehiago, aspaldidanik aske izan beharko luketela. Baina egungo egoeran, berebiziko garrantzia du zientzia iraganeko oztopoetatik askatzea.

Eta oztopo horiei buruz badakigu zerbait software librearen komunitatean. Horregatik animatu naiz panfleto hau idaztera.

Ez dut gehiegi luzatu nahi azalpena. Beraz zuenean ondoriora: software librearen ideia askatzaileek, software-patenteen beharrik ezari dagokionez, niri behintzat, patenteak gizarteko oztoporik handienetako bat direla ondorioztatzeko balio didate. Richard M. Stallmanek idatzi zuenez, “Software proiektu baterako, software patenteak lurreko minen baliokideak dira: diseinuari buruz hartzen den erabaki bakoitzak proiektua suntsi dezakeen patente batekin estropezu egiteko arriskua dakar”.

Pandemiaren gaur egungo egoerara itzuliz, iruditzen zait proiektu zientifiko bat aurrera eramateak ideia desberdineko batasun konplexu bat behar dela. Litekeena da ideia horietako asko patentatuta egotea. Kasu horretan, patentea abokatu-armada batekin baliogabetzen saia zaitezke. Eta horrek ez zaitu bide onean jarriko. Badira inozoak patenteek berrikuntza sustatzen dutela defendatzen dutenak, halako anormalidaderik! Sortzaileak bakarrik saritzen dituzten patenteak, urte askoan beren asmakuntzen gaineko legezko monopolioa emanez, asmakizun berriak bultzatzeko modurik onena al dira? Begi bistakoa da ezetz. Jabetza intelektualeko eskubideek zikindutako iragana (eta oraina) baitute.

COVID-19aren txertoak, medikamentuak eta diagnostikoak munduko pertsona guztiengana iristea nahi badugu, ezinbestekoa da patente medikorik ez egotea. Ez pandemian bakarrik, batzuek proposatzen duten bezala, patente sistema, gizartearen mesedetan, betirako suntsitzea baizik. Egungo patenteak kendu gabe, txertoak ez dira merkeak izango eta ezin izango dira mundu osora iritsi.

Osasuna ez da negozio bat, eskubide unibertsal bat baizik. Eta pertsonen bizitza da BETI garrantzitsuena. Miserable batek bakarrik ezkuta dezake bere burua patente medikoetan, etika eta enpatia falta nabarmena agerian utziz.

Ez da nire gaurko asmoa software libreko ereduen abantailak agerian uztea, baina adierazi nahi dut erabiltzaileez gain, Administrazio Publikoak eta enpresak direla, iturburu-kodea libreki ikuskatu, aldatu eta birbanatu dezaketen aplikazioak edukitzeagatik onura gehien atera dezaketenak. Zientziak gauza bera egitea behar dugu (iturburu-kodea libreki ikuskatu, aldatu eta birbanatu).

Eta orain behar dugu, bihar berandu izango delako.


Hizkera panfletariotik haratago joan nahi duenarentzat: