Zaintza digital ariketa gisa

Argiaren Telegram kanalera harpidetuta bazaude, jakingo duzu hilaren 13an Instagramek, bere burua biluztasunaren aurkako terminoetan babestuz, Joxe Arregiren torturen irudia zentsuratu zuela. Torturak gertatu eta berrogei urtetara. Otsailaren hasiera zaila izan zen, digitalki aztertuz, Hala Bedirentzat ere. Maiteminduen eguna baino bi egun lehenago, Youtubek Hala Bediren kanala itxi zuelako. Zorionez, berreskuratu egin dute.

Ez da herri mugimenduak nagusiaren hedabideetan zentsura jasaten duen lehen aldia. Azkena ere ez da izango.

Gauzak honela, bi albiste hauek aukera paregabea eskaintzen didate bi gai jorratzeko: lehenengoa, sarean sartzen ditugun materialei buruzkoa. Bigarrena, partidak beste batzuen etxean jokatzeari buruzkoa.

Materialei dagokienez, askotan pentsatzen dugu Internetera igotzen duguna betiko geratuko dela hodeian-edo. Aktibista asko ezagutzen ditut, adibidez, Youtubera bideo bat igo ondoren disko gogorrean gordetzen ez dutenak. “Fitxategia Youtuben dagoelako”. Akats larria iruditzen zait. Ezin dugu beste batzuen esku utzi (Youtube, Dropbox, Google Drive…) geuretzako garrantzitsua den material hori. Zer gertatuko litzateke zerbitzua eskaintzen duen enpresak berau ixtea erabakitzen badu eta horren kopiarik ez badugu? Imajinatzen duzue Hala Bedik bere material grafikoa lokalean gordeko ez balu, zelako putada izango litzatekeen Gasteizeko herri mugimenduarentzat Youtubek kanal hori ixtea? Hondamendia.

Bestalde, beste pertsona batzuen etxean jokatzeak, de facto joko-arau batzuk betetzera garamatza. Normalean arau horiekin ados ez bagaude ere. Instagramera igotzen diren argazkien biluztasuna neurtzen duen algoritmoaren kasua jende askok kritikatzen duen arau horietako bat da. Eta argi dago kritikagarria dela, baina oso gutxitan lortu dugu Silicon Valley-ko erraldoi teknologikoek (ez ahaztu Instagram Facebookena dela eta Youtube Googlena) herri mugimenduaren eskaerei kasu egitea.

Bide oso interesgarria daukagu esploratzeke. Kolektiboa. Autogestionatua. Guk geuk eskaini behar ditugu guk geuk behar ditugun zerbitzuak. Baina ez dut esan nahi Argiak bere Pixelfed edo Hala Bedik bere Peertube muntatu behar dutenik. Esan nahi dut, arlo digitalean ere, elkar-laguntza sareak ehundu behar ditugula, eta sare horiek, komunitatearen mesedetan jartzen baditugu, burujabetza kolektiboa bermatuko lukeen ariketa bat egiten egongo ginatekeela. Eta ertz horretatik eutsi behar diogu burujabetza teknologikoari ere. Burujabetza teknologikoaren helburua ez delako software librea erailtzea, baizik eta herri mugimendua ahalduntzea. Guk geuk adosteko bete nahi ditugun joko-arauak. Malguak izateko. Geure etxe propioa sortzeko.

Argi dago doako zerbitzu bat erabiltzea baino deserosoagoa izango dela. Asanbladak, arauak sortu, taldeak dinamizatu, softwarea martxan jarri, ekonomikoki bideragarriak izateko moduak bilatu, autogestiora heldu… baina gaztetxea okupatzen dugunean ere, erosoagoa izan liteke lan hori hartu ordez parkean pipak jatea. Baina autu politiko kontzientea egiten dugu. Gauza bera egin behar dugu maila digitalean.

Uler dezagun burujabetza teknologikoa zaintza digital ariketa gisa. Teknologia gaur egun, bere horretan, borroka esparrua delako.

Hezkuntzan burujabetza teknologikoaren alde

Blogeko bilatzailea erabili dut Hezkuntzan Librezaleri buruz zenbat aldiz idatzi dudan jakiteko asmoz. Hiru aldiz. Eta gaurko honekin laugarrena izango da. Baina iruditzen zait ezinbestekoa dela kontzeptu garrantzitsu batzuk noizean behin gure burmuinetara berriro ekartzea. Ahanzturan erori ez daitezen.

Hezkuntzan Librezale, neurri batean edo bestean hezkuntzarekin lotuta gauden profil desberdineko pertsona talde bat da: senideak, irakasleak, ekintzaileak, hacktibistak, ikasleak… Zerk batzen gaitu? Bada, kezkatuta gaudela ikasgelak digitalizatzen ari diren moduagatik.

Hezkuntza publikoan, zein pribatuan.

Bost dira Euskal Herriko ikasgelen digitalizazio-prozesuaz eztabaidatzen hasteko mahai gainean jarri genituen puntuak. Urte batzuk daramatzagu gai hori lantzen, eta zuetako askok 2019an argitaratu genuen komunikatuaren bost puntuak ezagutzen badituzue ere, baimendu nazazue labur-labur berriz jasotzen.

Bat, gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Bi, bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da. Hiru, euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Lau, ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Bost, hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da.

Aste honetako astelehenean, hilak 8, Hezkuntzan Librezale taldearen irakurketa Legebiltzarrera heldu zen. COVID-19k azkartutako digitalizazio prozesuaz eta gaur egun esku artean ditugun erronkez eztabaidatzeko asmoarekin, ponentzia bat burutu genuen Hezkuntza Batzordean. EH Bildu talde parlamentarioak gonbidatuta.

Ponentzia horren helburua argia zen, goian laburtu ditudan arrazoiak kontutan hartuta, eztabaida prozesu bat bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten alternatibak egon badaude, eta momentua egokia da digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko.

Gizarte gisa eztabaidatzeko aukera daukagu. Burujabetza teknologikoa ala kritikoak diren azpiegitura teknologikoak multinazionalen esku utzi?

Trumpista tranpatiak: entzun, klik, klak, kluk…

Baimentzen badidazue zalantzatiaren plantak egingo ditut, epailea pozte aldera: Trumpistak, entzun klik, klak, kluk… zuek ere faxistak zarete?

Jebediah Springfielden inguruan sarean bolo-bolo egondako albistea komentatu nahi nuen blog honetan. Azken finean, nork esan zuen albiste baten iraungitze-data 24 edo 48 ordutakoa dela?

2019ko ekainean “Software antifak fedibertso antifa” izeneko blog bidalketa bat idatzi nuen, bertan eskuin muturreko Gab proiektuaren inguruan niri iritzia emanez. Ez nuen ezer berririk aipatzen ordea: fedibertsoko proiektu desberdinek bizkarra eman ziotela, besterik ez. Lehen momentutik eman ere.

Afera asko laburbilduko dut ez daukadalako gehiegi luzatzeko asmorik, zer gertatu zen 2019 horretan? Ba besteak beste, aldez aurretik espero zitekeena, eduki misogino, homofobo, faxista eta orotar eskuin muturreko ideiak zabaltzeko bozgorailu bilakatu zela Gab. Seguruenik, bilakatu baino, helburu horrekin sortu zela esatea askoz zuzenagoa litzateke.

Orduz geroztik zabor faxista horren jarioa etengabekoa izan da. Eta inork ez du sekula ezer esan. Ez behintzat Googlek, Facebookek edo Twitterrek. Hau da, zuetako batzuek orain dela astebete ezagutu duzuen horiekin borrokan daramagu mastodonte-hazleok orain dela urtebete baino gehiago. Eta gauzak nolakoak diren kamaradak, jakin ez dakit zenbat aldiz blokeatu dioten Trumpi bere Twitter kontua. Azkenean zertarako? 48 orduen buruan berriz jo ta fuego ekiteko? Gure erabakia irmoa izan zen.

Trumpek ez dauka konturik Gab-en, azalekoegia litzateke. Bere jarraitzaileei uzten die esparru hori. Laissez faire, laissez passer. Faxistak interneten. Poliziak Kapitolioan. Beraien kabuz irten ziren Jebediahtarrak, gogoratzen? Zu, antifa hori, ostiatuta irtengo zinateke. Atxilotuta kasurik onenean.

Google, Facebook edo Twitter soka berekoak dira. Laissez faire, laissez passer. Adam Smitharrak hauek ere.

Harira Dabid. Gab, Mastodon sare sozialeko iturburu-kodea erabiliz sortu zen, izan ere Mastodon software librea zen (eta da) eta horretaz baliatu ziren plataforma terrorista osatzeko. Honela dio software librearen lehen askatasunak: helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea.

Baina software librearen alde borrokatzen garenok eta fedibertsoa osatzen dugunok ez gara inozoak eta zorionez antifaxistak gara. Gutako askok. Agian gehienak. Gurean bai, sare sozial handietan hartu ez zuten erabakia hartu genuen. Txikitasunetik, lehen momentutik bagenekielako Gab-ekin zetorrena ez zela gauerdiko eztula. Eta blokeatu egin genituen. Erabat. Zokoratu. Baztertu. Marjinatu. Eta noski, publikoki salatu. Zilegitasun osoz egin genuen. Gurean ez ditugulako jarrera faxistarik nahi. Faxismoa sustengatu nahi duenak, egin dezala Twitterren. Edo zuzenean Gab-en.

Eta pena bat da Gab-en inguruan berba egiteko fedibertsoa aipatu behar izatea. Baina gardentasunaren alde mesedegarria dela uste dut. Eta pena da, baita ere, software librearen lehen askatasunarekin horrelako gauzak egiteko aukera eskaintzea. Baina burujabetza teknologikoaren mesedetan ezinbestekoa da lehen askatasun hori, eta baita hurrengo denak ere. Eta askoz garrantzitsuagoa da burujabetza teknologikoa, beste inozo hauek baino.

Bihar beste faxista batzuk etorriko balira, leku berberean bukatuko lukete. Erabat zokoratuta. Marjinalidadean. Eta gure proiektu askatzaileetatik, erabat baztertuta. Tusky aplikazioak Gab txerritegia blokeatu zuenean esan zuena irakurtzea besterik ez dago, gu zertan garen jakiteko:

Ez saiatu gurekin adierazpen askatasunaren diskurtsoaren inguruan eztabaidatzen. Hau da gure adierazpena [Gab blokeatu izana], #Antifa ikuspuntua baliatuz. Eta egiten jarraituko dugu.

Neutralak ez diren teknologiak maite ditut.

Etorkizuna iraganean

Atzo José (Pepe) Mujicaren agur diskurtsoa entzun nuen. Diskurtsoan esan zuen zerbaitek nire arreta piztu zuen. Ezagutzen nauzuenok, bere hitzak entzun badituzue, badakizue zein zati izan zen. Pribatutasun digitalaren aldeko diskurtso gisa ulertu nuen momentu hori, hain zuzen ere:

“Denborak aldaketak eragiten ditu. Beste garai batean sartzen ari gara, garai digitalean. Ez hobea, ez okerragoa, desberdina. Eta uste dut arazoak agertu direla, arazo teknologikoak, aurresateko gai direnak, hala nola izaera eta funtsean giza jokabidearen ildo eragileak, batzuetan, gurekin hitz egin gabe. Eta hori etorkizuneko estatuek eta sistema politikoek izango duten dilema bat izango da: noraino bortxatzen den giza intimitatea eta noraino dagoen askatasuna.”

Bi hitz:

Ez dut uste hobeto azaldu daitekeenik, ezta hitz gutxiagorekin ere, gaizki deituriko teknologia berriekin, ditugun arazo filosofikoak. Eta uste dut galdera, gaur-gaurkoz, funtsezkoa dela: “noraino bortxatzen den giza intimitatea eta noraino dagoen askatasuna”.

Pepek bota digun galderak ez du galdera-ikurrik. Lehenengo zati horri eman diezaiokedan erantzun bakarra, zera da: nire aburuz, erabat kontziente izan gabe, aspaldi gainditu genuela lerro gorri hura.

Galderaren bigarren zatiari dagokionez, noraino iristen da askatasuna? Pepek bere diskurtsoarekin jarraitzen du esanez zientziak askatasun hitzaren irakurketa desberdina eskaintzen digula, bere hitzetan entzutea gomendatzen dizuet. Ez naiz itzultzera ausartzen. Baina askatasuna noraino iristen den definitzeko, iruditzen zait eseri egin behar dugula, zuhaitz baten azpian, eta pentsatu. Zer askatasun? Korporazio teknologiko handiek lapurtzen digutena, horretarako aukera ematen duten terrorista politikoen laguntzarekin, edo enpresa berek gure kontura dirua egiteko duten askatasuna? Izan ere, uste dut eskutik doazela biak: gizarte gisa bigarren zatia onartzen dugula eta oso gaizki erantzuten diogula, herri gisa, lehenengoari.

Eta, momentuz, gu ez garela subjektua. Ez lehenengoan, ezta bigarrenean ere. Eta zoritxarrez, subjektu bihurtu duten horri, ez dagokiola bere posizioa.

Hori ere pentsatzen dut.

Pepek dio etorkizuneko estatu eta sistema politikoek (bereizketa ederra) egin beharko dietela aurre arazo horiei. Hala ere, uste dut badakiela, oraineko estatuek eta sistema politikoek erantzun beharko diogula dilema horri iraganean.

Arrazoia zenuten: software librea ez da segurua

Ez, Arantxak ez dut blog bidalketa hau promozionatzen. Clickbait bat zen.

Gaur, zuon laguntzarekin, beste mito bat apurtu nahiko nuke: Software pribatiboa software librea baino seguruagoa dela esaten duen hori. The (double) social dilemma artikuluaren iruzkinetan egin zidaten beste planteamenduetako bati erantzunez.

Baina, gai honi ekiteko, lehenik eta behin, hau ulertu behar dugu: Zerk suposatu dezake segurtasun arazo bat? Bada, faktore askok sor dezakete segurtasun-akats bat sistema informatiko batean, baina nire asmoa ez da tesi bat idaztea, eta ez dut kontzeptuetan galtzerik nahi. Hori dela eta bi terminotan zentratuko naiz: iturburu-kodea eta bug-a.

Termino bi horiek erabiliko ditut nagusiki argumentazioan, eta, beraz, ondo ulertzea komeni da.

Bug bat edo softwarearen errore bat, edo, besterik gabe, akats bat, arazo bat da ordenagailu-programa edo software-sistema batean. Softwareak guk espero dugun emaitza lortu beharrean, espero ez genuen beste emaitza bat sortzen duenean gertatzen da. Bug askok segurtasun akatsak sortzen dituzte. Listo, honaino. Ez dugu gehiago sakondu behar azaldu nahi dudana azaltzeko. Bestalde, iturburu-kodea, software programa bat exekutatzeko ordenagailuak jarraitu beharreko urratsen testu-lerroen multzoa da. Irudikatu ezazue sukaldaritzako errezeta bat izango balitz bezala. Errezetak lortu nahi dugun pastela nola egin behar dugun azaltzen digu, pausuz pausu. Gauza bera egiten du iturburu kodeak, softwareari zeintzuk pausu eman behar dituen azaldu. Lau askatasun hauek onartzen dituen software oro, software librea da. Eta, hortaz, beste gauza askoren artean, iturburu kodea publikoki plazaratzen du. Lau askatasun horiek onartzen ez dituen softwarea, software pribatiboa da eta ondorioz ez dut iturburu kodea publikoki erakusten.

Bai, badakit asko laburtu dudala. Agian gehiegi.

Orain, softwarearen bi termino eta bi aldaera orokorrak ezagutzen ditugunez, utz iezadazue argudioak hiru zutabetan zentratzen, nire ustez garrantzitsuenak direnak. Defendatzen dudan ideia, softwarea librea izan ezean (eta ondorioz, besteak beste, bere iturburu kodea publikoa), software horren segurtasuna zalantzan jartzeko moduko argudioak ditugula da. Hau da, software pribatiboa, pribatiboa izateagatik bakarrik, zalantzan jarri dezaket bere segurtasuna.

1) Lehenik eta behin, esango dut, software pribatiboan (gogoratu, besteak beste, iturburu kodea ezkutatzerakoan), enpresako garatzaileak nahita ezkutatzen dituela softwareak erabiltzaileenganako dituen ahultasunak eta akatsak, eta ondorioz euren erabiltzaileek ezin direla akats horiengandik babestu (akatsak aurkitu ahal izateko iturburu kodea publikoa izatea ezinbestekoa baita, bestela, non bilatuko dugu?). 2) Bigarrenik, kodea aztertzeko askatasunik ezak beste garatzaile batzuk ahultasun horiek konpontzen edo enpresari oharkabean pasatu zaizkion akatsak atzematen lagun ez dezaten eragiten duela uste dut. 3) Eta amaitzeko, esango dut, besterik gabe, software libreko paketeak ez direla beti software pribatiboarekin lehiatzen, baina beti lehiatzen direla izen ona lortzeko, eta pozik mantentzen ez gaituen programa batek ez du lortuko garatzaileek espero duten ospea. Are gehiago, software libreko garatzaile batek iturburu-kodea publikoki eskaintzen duenean, bere izen ona arriskuan jartzen du, eta komeni zaio softwarea garbia, akatsik gabekoa eta argia izatea, komunitateak onar dezan.

Eta bukaerarako gaurko onena: software libreak komunitate osoa inplikatzen du akatsak zuzentzeko lan bateratuan. Erabiltzaileek ez dute akatsen berri bakarrik ematen, hala nahi badute, berauek zuzendu eta zuzenketak proiektura bidaltzen dituzte.

Hala ere, ez dut nahi hemendik ateratzea software libreak segurtasun-akatsik ez duela pentsatuz; bai, baditu, eta egunero zuzentzen dira. Euretariko batzuk oso serioak izan dira. Eta izango dira gehiago. Alde bakarra da software libreko komunitateak esaten dizula: “akats bat izan dugu, eta partxe honek konpontzen du arazoa”. Normalean, partxea ateratzeko ez da denbora asko behar. Gehienetan orduak.

Munduan zehar milioika begi eta esku izatearen onurak dira.

Software pribatiboak, bere aktibo ekonomiko guztiekin, gure komunitateak baino denbora gehiago behar du bere segurtasun-partxeak ateratzeko. Hori, akatsa antzematen badute.

Laburbilduz, oso lasai esan dezaket segurtasun informatikoa bermatzen hasi behar badugu, softwarea askatu behar dugula. Edo beste modu batera esanda:

Erabateko segurtasuna bermatu beharko lukeen softwarerik existituko balitz, librea izango litzateke.

Orain, nire erantzuna ulertzeko prest zaude.