Aldarrikatu zu zeu zaren altxorra

Asel Luzarragak Bioklik idatzi zuenean, baleko distopia bat aurkeztu zigula uste nuela esan nion. Bere liburu onenaren aurrean geundela. Ez naiz nekatu Bioklik gomendatzeaz. Aste honetan irakurritako albiste batek, berriz ekarri dit gogora Aselen liburua. Izan ere, martxan jarri duten Reclaim Your Face kanpaina hausnarketarako momentu egokian etorri dela uste dut.

Reclaim Your Face kanpainak teknologia biometrikoen erabilera zorrotz arautzeko eskatuko dio Europako Batzordeari, europarron oinarrizko eskubideak ez suntsitzeko. Bereziki, Batzordeari eskatuko dio debekatzeko, legedian eta praktikan, legez kanpoko zaintza masiboa eragin dezaketen biometriaren erabilera arbitrarioak. Kanpainaren sortzaileen arabera, eta neure egiten dut idatzitakoa, biometria sistema maltzurrak ez dira garatu behar, ez eta hedatu ere (ezta probak egiteko). Erakunde publikoek edo pribatuek ere ez dituzte erabili behar, pertsonen oinarrizko eskubideetan beharrezkoa ez den edo neurriz kanpokoa den esku-sartzea eragin dezaketelako. Pribatutasuna, adierazpen-askatasunerako eskubidea edo diskriminaziorik ez jasateko eskubidea. Batzuk aipatzearren.

Sinadura bilketak 28.000 sinadura baino gehiago ditu gaur-gaurkoz, eta kanpaina bera ideia ona iruditzen zait bi arrazoirengatik.

Alde batetik, interpelatu nahi duten erakunde horrek legedi bat proposatzeko eta estatu kide guztietan betearazteko eskubidea daukalako. Nik dakidanez, estatu bakoitzak balizko legea egokitzeko aukera du, baina, gutxienez, EBtik etor daitekeen adostasun minimo hori bete beharko luke. Bestalde, gaur egun ematen ari ez den eztabaida publikora gonbidatzen gaituelako.

Zure datu biometrikoak erabili behar dituzte lan bat ondo egin dezakezun erabakitzeko? Poliziak susmagarrien zerrenda batean sartu behar zaitu ibiltzeko duzun moduagatik? Ospitale batek senide bati bisita ukatu behar dizu protesta batera joan zinelako? Unibertsitate batek uko egin behar al dizu plaza bat aukeratu duzun ikastaroan zure lagunen itxuragatik?

Erantzunak begi-bistakoak dirudite, baina biometriaren erabilera batzuek kontrakoa adierazten didate.

Izan ere, BBVA bezalako erakundeak esaten ari dira, duela urte nahikotxo, bankuek asko dutela irabazteko biometria dela eta. Pasahitzak jartzeko beharrarekin zuritzen badira ere. Baina, adibidez, osasun-erakundeak, sasi-demokraziak edo enpresa handiek, dagoeneko erabiltzen ari dira biometria mota bat edo beste: hatz-markak, begi-eskanerrak, ahotsaren ezagutza edo portaera-ereduak. Batzuk aipatzearren.

Neurri horiek guztiak berriz ere agerian geratzen dira eztabaida publikorik eskaini ezean.

Reclaim Your Face sina dezazun gomendatzen dizut. Oraindik iritzi osaturik ez baduzu, eztabaida dezagun. Eztabaidatzea, kasu honetan, sinatzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaidalako.

Hitz gutxi batzuk dependentzia teknologikoaz

Askotan, dependentzia teknologikoaz hitz egiten dugunean, zerbitzariak, sistema eragileak, aplikazioak… irudikatzen ditugu. Baina, gehiago jaitsi beharko genuke teoriara (arkitektura eta politika), praktikara joan aurretik (hardwarea edo softwarea).

Gaur-gaurkoz, bistakoa da herrialde aberats gutxi direla teknologia adarbakarraren jabeak. Euren negozioak hedatzeko sortu zituzten talaietatik, etorkizuna asmatzeko modu desberdinak garatu dituzte, beti ere, helburu argi batekin: adarbakarraren jabetza mantendu. Eta besteen dependentzia bermatu.

Dependentzia teknologikoa ezinbestekoa da garapen teknologiko kapitalistarako. Eta mundu global eta kapitalista batean diharduten herrialde garatuen domeinu, desberdintasun eta asimetrien multzo gisa ulertu behar dugu dependentzia teknologikoa.

Beraz, garapen teknologikoa puru gisa ikusteari utzi behar diogu. Neutrala eta soilik teknologikoa. Boterearen elementu estrategikoa delako. Ezkutuko konkistatzailea. Gizateria osoa mendean har dezakeena. Herrialdeei zuzenean men egiteko edo etorkizunean erabili beharreko abantaila estrategiko eta politikoak aurkitzeko lan egiten duen konkistatzailea. Biztanleria teknologia jakin batzuen mende egoterakoan, barne egitura ekonomikoak moldatzera bideratu daitekeelako. Adibidez, industria arakatu eta geldiarazi dezakezu. AEBei eta Txinari begiratu besterik ez dago. Android eta Huawei.

Zorionez, egoera hau irauli egin daiteke. Lehenik eta behin, gaiari buruzko eztabaida behar dugu, inplikatutako eragile guztiek parte har dezaten. Enpresen dependentzia ekonomiko, politiko eta teknologikorik sortzen ez diguten elementuak babestea behar dugu. Mendekotasun egoerarekin amaitu nahi badugu, Latinoamerikak, Asiak eta Afrikak bidearen hasiera zein izan daitekeen erakusten duten egiturei erreparatu beharko diegu. Eta, batez ere, gure sistemako sektore kritikoen autonomia teknologikoa, gutxienez, politikoki bermatu behar dugu. Gaur baino, atzo.

Gauza bat proposatu nahi dizut, gailu elektroniko bat erabiltzen duzun hurrengo aldian, saiatu galdera hau erantzuten: Zein da gailu horrek sortzen duen mendekotasun teknologikoaren katea?

Azter ezazu norbanako zein kolektibo gisa.

The (double) social dilemma

Ados. Horrenbeste input jaso eta gero, The social dilemma ikusi dut asteburuan. Netflix-en.

Horra nire lehen dilema.

Deigarria iruditu zitzaidan dokumentalaren lehen lau minutuetan agertzen diren pertsonek, Facebook, Instagram, Google, Youtube, Apple, Twitter, Palm eta Mozilla Labs-eko langile ohiak, ia osotasunean, “Noren errua izan da?” galderari antzera erantzunen ziotela, “Ez genuen txanponaren beste aldea ikusi. Ez, ezin zaio errua inori bota”. Mozilla-koak ez du lehen galdera erantzuten. Bigarren galdera datorkie gainera, olatu gisa, “Orduan bada arazorik? Zein da?”, denak isiltzen dira, behintzat 5 segundoz. Mozilla-koak ez du bigarren galdera erantzuten.

Baina gai asko jorratzen ditu dokumentalak irauten dituen ordu eta erdian, burbuila efektua, fake news-ak, teknologia enpresen nagusitasun ekonomikoa, ziber-atakeak… Gaixotasun mentalen gaia ere aipatzen dute, baina zoritxarrez ez dute horretan sakontzen. Esango nuke, gai honek beste dokumental bat egiteko beste ematen duelako izango dela. Snapchaten dismorfia terminoa ere erabiltzen dute. Koronabirusa ere aipatzen da. Eta Jaron Lanierren liburu hau.

Gai konplexuz jositako dokumentala da, ondo azaldutakoa eta gomendagarria da berau ikustea. Baina osotasunean aztertzen du algoritmoek gugan duten edo izan dezaketen eragina? Ez. Dokumentalak aplikazioak eta beraien algoritmo teknologikoak jartzen ditu zalantzan, bada zerbait, baina aipatu ere ez ditu egiten algoritmo horiek martxan egoteko beharrezkoak diren sare politikoak eta ekonomikoak.

Netflix-ek ezin duelako kapitalismoa zalantzan jarri. Horra nire bigarren dilema.

Badirudi, teknologia ikuspuntu antikapitalista batetik aztertzea ezinezkoa dela. Baina teknologia ikuspuntu antikapitalista horretatik aztertzen duten norbanako eta talde asko ezagutzen ditut. Hackmeeting-ak bezalako proiektu komunak egin ditugu eta algoritmoak maila kritikoan aztertzen ikasi dugu. Horixe da Netflix-eko dokumentalari aurkitu diodan arazorik nabarmenena: ondoriora heltzeko moduko zimenduak jarri eta, ostruka gisa, azken momentuan, burua porlanean sartu izana.

Izan ere, lehen lau minutuetara bueltatuz, nork sinetsi behar du, hau guztia ez dela inoren errua. Nork sinetsi behar du enpresa teknologiko handienek, guzti hau martxan jarri orduko merkatu azterketa, osoa, egina ez zutenik.

Zu eta ni produktu gisa kokatuz.

Hona bururatzen zaizkidan errudun batzuen izen abizenak: Adam Smith, Mark Zuckerberg, Larry Page eta Sergey Brin, Steve Jobs, Steve Wozniak eta Ronald Wayne, Jack Dorsey, Jeff Bezos… denak gizonak. Eta guzti hau egia bihurtu zitekeela jakinda, legislazioa aldatu ez zuten terrorista zibernetiko-politikoak.

(Kontrakoa dirudiela jakin badakit, baina, aipatu bezala, dokumentala ikustea gomendatzen dizuet. Baina jarri kritikotasunaren txipa eta ahal dela, ez egin ni bezala eta P2P sareetatik jaitsi.)

Bi hitz hausnarketarako: Neutrala al da teknologia?

Askotan, teknologia neutrala den ala ez eztabaidatu izan dut hainbat pertsonarekin. Gainera, ikuspegi desberdinetatik eztabaidatu ditugu, hau da, hezkuntzan, osasunean edo gure eguneroko bizitzan teknologien erabilera pertsonalaren inguruan argudiatuta.

Duela urte dezente uste nuen teknologia neutrala zela. Hala ere, aspalditik ari naiz defendatzen eztabaida horietan ezetz, teknologia ez dela neutrala. Ezta gutxiago ere.

Teknologiarekin dudan harremana aldatu nuen, konturatu nintzenean teknologia ez dela zerbait natural, jainkozkoa, purua, sakratua, emana. Teknologia bakoitzak behar batzuei erantzuten diela. Orduz geroztik, zailagoa egiten zait teknologia bati buruz hitz egitea haren testuinguru historiko, politiko eta sozialean pentsatu gabe.

XX. mendearen hasieran -XXI. mendan irakurri nuenean-, oso interesgarria iruditu zitzaidan kontzeptu baten berri eman zuten zenbait pentsalarik: teknologiaren ikuskera praktiko hutsa faltsua da.

Edo behintzat, egia erdia. Pertsona bat beti ona edo beti txarra dela pentsatzea ere justua ez den modu berean.

Teknologia modu berdintsuan diseinatzen dugu gizakiok ere. Gehienetan ongi eta zenbaitetan gaizki. Jakina, ez da gauza bera mailu bat erabiltzea iltze bat horman sartzeko edo norbaiti burua hausteko. Erabileraren araberakoa, ere, izango da mailuaren diseinua. Beste adibide argigarriago bat jartzearren, argi dago ez dela gauza bera erabiltzaileen arteko elkarrekintza modu osasuntsu eta dibertigarrian sustatuko duten sare sozialen algoritmoak diseinatzea, edo segmentazioaren bidez dirua egiteko algoritmoak diseinatzea. Bigarrenen kasuan, beharra, oso bestelakoa baita.

Robot sexual bat ez da neutrala. Auto autonomoa ere ez da hala. Ezta ere langileak hautatzeko algoritmoak. Algoritmo biometrikoak ere ez dira neutralak. Kontrol sozialeko teknologiak ere ez. Langileak monitorizatzen dituzten eskumuturrekoak ere ez dira neutroak. Jarrai nezake.

Teknologia baten atzean dagoen sare sozial, politiko, ekonomiko edo kulturala ezin da teknologia horretatik bereizi. Sare horren arabera, horrela izango da teknologia bera ere. Horregatik, gaur egun, beldurra ematen dit jendeari entzuteak, erabaki- eta botere-guneetan egonda, teknologia neutrala dela eta axola duena berau erabiltzeko modua dela. Kontuan hartzen badugu teknologiaren sorkuntza beharrak nabarmen eragiten duela teknologia eta diseinua, konturatuko gara, besteak beste, zenbait teknologia (edo Google Drive bezalako zerbitzuk) erabiltzean zenbait gizarte-ohitura saritzen ari garela, eta, kasu gehienetan, benetan saritu nahi ditugun balioen kontrakoak izango direla. Kooperazioa vs. konpetentzia, adibidez.

Ideia horretan, eta beste askotan, oinarritzen naiz burujabetza teknologikoaz ari naizenean. Eta uste dut teknologia bat eraikitzen badugu interes ekonomikoa interes komunagatik aldatuta, teknologia hori ere ez dela neutrala izango interesaren eraginez, baina gutxienez teknologia etikoa izango dela.

Teknologikoa (ere) politikoa baita.