Tarteka itzuli naiz

Errealitate bat da pandemiak aldatu egiten dituela ez bakarrik teknologia erabiltzeko moduak eta harekin dugun harremana, baita haietan ditugun jokabideak ere. Ez dut jokabideei buruz denbora luzez hitz egingo, ez bainaiz gai sentitzen, baina gustatuko litzaidake esatea gero eta desatseginagoak garela sare sozialetan. Ikusi besterik ez dago Ceutan migratzaile bat besarkatzen zuen Gurutze Gorriko neskaren kontua ixtea behartu duten miserableen ekintzak. Egongo da esango didanik: “Ai, Dabid! Nolakoak zareten lehen mundukoak, zuen arazo txikiekin existitzen ez diren mendiak sortzen”. Eta akaso arrazoia izango du, baina lehen mundutik idaztea dagokit, teknologia ardatz duen blog baten.

Gaur artikulu pertsonalago batekin nator.

Bada, mastodon.eus sortu genuenean, Twitterretik ateratzeko beharra sentitu nuen, eta hala egin nuen. Ezabatu nituen nire aurreko txio guztiak, ezabatu nuen aplikazioa mugikorretik eta urtebete inguru eman nuen Twitter irakurtzen, asko jota, urtean bitan edo hirutan. Beti ordenagailutik. Denbora horretan ez nuen mikroblogintza esparru horretan gehiegi hitz egiteko beharrik sentitu, ezta pertsona askorekin elkarreragiteko beharrik ere.

Baina pandemia iritsi zen. Eta Twitterren egunero sartzen hasi nintzen. Eta egunkariak egunero, behin baino gehiagotan, irakurtzen nituen. Eta albisteak irensten nituen. Eta irakurtzen ari nintzen albiste horiek aztertzeko oso denbora gutxi neukan. Eta iritziak osatu behar nituen, batzuetan erabat polarizatuak, oso denbora-tarte laburretan. Eta ibaiak nola publizitateak hala egin zidan. Gainezka.

Twitterri dagokionez, hasieran ordenagailutik konektatzen nintzen eta Nitter izeneko software libre bat erabiliz. Ondoren, Twitterreko lotura bat egin nuen nire telefono mugikorraren pantaila nagusian, aplikazioa instalatu gabe. Hurrengo urratsa, noizean behin txio bat edo beste idaztea izan zen, tarteka idazten ari nintzen artikuluen loturekin. Ondoren, aplikazioa instalatu nuen, baina jakinarazpenak isildu nituen, nahi dudanean sartzeko, ez Twitterrek sartu beharko nukeela pentsatzen duenean. Eta puntu horretan nago orain. Inori axola ez zaizkion gauzak idazten ditut, eta, kasurik onenean, irakurri eta pare bat ordura ahaztuko direnak. Jakinarazpenak desgaituta.

Joan den astean jakin nuen euskaraz idatzitako asteko txio onenen zerrendan nengoela.

Eta orduantxe konturatu nintzen porrot egin dudala, neurri batean, Twitterreko irteeran. Eta nahi dudanean eta nahi dudan bezala itzultzea erabaki dut. Whatsapp instalatzeko beharrari eskinazoa eman diot eta horrekin kontsolatu beharko naiz, baina ez da erraza izan. Horrelako erabakiak hartzen dituzunean, zure bizitzako egun guzti-guztietan justifikatu behar dituzulako. Barkamen eske edo.

Eta Twitterren dagoen publizitate kopuruarekin flipatzen jarraitzen dut.

Nik nahiago dut Internet herritarra, pertsonetan oinarrituko dena, ez enpresetan. Nik nahiago dut, aberastasun guztia dozena bat enpresa teknologikotan biltzen duen gizarte digitala feudalismotik alde egiteko gaitasuna izango balu. Burujabetza teknologikoa eta software librea sustatzeaz gain, pentsamendu kritikoa eta balio askatzaileak ere sustatuko dituen gizarte digitala. Pertsona eta kolektibo asko gara espazio hori osatzeko asmotan guretik onena ematen ari garenak. Web pertosna.pertsona. Hemen utziko dizkizuet Munduko Gizarte Foroaren harira Latinoamerikako pertsonen ahotik egin zituzten aurkezpen eta hausnarketa interesgarri batzuk. Zenbat ikasi behar dugun Latinoamerikatik!

Guk ere horrelako erakunde bat behar dugu Euskal Herrian. Aktibistok osatua. Baina, bitartean, badirudi irrikaz nagoela noizean behin publizitatea bazkaltzeko.

Jario bete zirkulu

Gero eta gehiago harritzen naute Twitterren ikusten ditudan joera batzuek. Eta bi arrazoirengatik harritzen naute. Lehenik eta behin, duela urte batzuk, beharbada, horietan ere parte hartuko nukeelako; bigarrenik profil teknologiko oso lehiakorreko jendea ikusten dudalako beldurra ematen duten gauzak egiten.

Ziur nago urte bukaeran zehar irudi dezente ikusi dituzuela Twitterreko profil-argazki batekin erdian eta argazkia inguratzen, sare sozialean interakzio gehien egiten dituzten lagunen argazkiekin inguratuta. Behar bada zuk ere egin duzu zeure zirkulua. Irudia egitea onartzen duzunean, ohikoa da hiru eraztun egotea zure argazkiaren inguruan, eta pentsatu nahi dut, inguruko eraztunik hazienetako argazkiak interakzio gehien egiten duzun jendea dela. Hau da, tamaina interakzioen arabera marrazten dela. Baina ez kasu handirik egin azken honi, ez baitiot jaramon handirik egin.

Sare sozialen beste txorrada bat. Beste edozein bezalakoxea. Honaino dena zuzen, ohiko.

Arazoa irudi hori sortzea onartzen duzunean hasten da. Zerbitzu bat baino gehiago dago horiek egiteko, baina ikusi ditudan irudi gehienak Twitterreko “Zure zirkulua Twitterren” izeneko aplikazio batetik datoz. Ingelesez edo gaztelaniaz, zure hizkuntza-lehentasunen arabera. Bada, aplikazio horrek, jakina, Twitterren sartzeko baimena eskatzen digu. Eta aldi berean, irakurri izan bazenu, onartuko ez zenukeen baimen-sorta erabat lotsagarria.

Uste dut guztira zortzi baimen eskatzen dituela. Nire arreta gehien deitu zutenen artean, azpimarragarrienak: zure izenean kontuak jarraitu edo jarraitzeari utzi, zure profila eta zure kontuaren konfigurazioa eguneratu edo txioak argitaratu zure izenean.

Suposatzen dut lehendabiziko baimena, zirkuluak sortzen dituen aplikazioa jarraitzeko behar dutela, argazkiak sortzen dituen kontuari jarrai diezaiozun. Bigarren baimenaren zergatia, ez zait bururatzen, baina hor dago eta argazkia sortu baduzu musu-truk onartu duzu. Azkeneko baimena, irudia egindakoan, zure izenean sortutako irudia eta testu estandar edo pertsonalizatua argitaratu ahal izateko eskatuko duela suposatzen dut. Baimenak onartu dituzuen profiletan gaiztakeria asko egin daitezkeela bururatzen zait. Adibidez, lehenengo baimenarekin Vox Vizcaya jarraitu. Bigarren baimenarekin, Vox Vizcaya-ko boto-emailea zarela idatzi zure biografian. Hirugarren baimenarekin, txio bat argitaratu, euskal legebiltzarrerako azken hauteskundeetan Vox Vizcaya-ri botoa eman diozula esanez.

Azken finean, baimen guztiak onartu dituzu. Izorratu. Faxista atseginaren itxura egin dezakezu orain. Bai, jauna.

Suposatzen dut, behin ditxosozko zirkulua zure profilean argitaratuta, aplikazio horri baimenak kentzeaz gogoratu zarela. Ez? Ba segi baimena kentzera.

Erradikalizatu zaitez

Mundu guztiak erabiltzen du Youtube. Nik dakidanez, pertsona batzuk ezin dira bizi bera gabe. Erabili nahi ez dugunok ere, gauza batengatik edo beste batengatik, astean behin, gutxienez Googlen plataforma horretan bukatzen dugu. Dela politikariren baten esku-hartzea ikusi nahi dugulako, dela zerbait egiteko manual bat jarraitu nahi dugulako, dela gure talde gogokoenaren azken bideoklipa iritsi zaigulako. Input asko.

Baina, gutxienez, Youtubek gugan duen eraginaz jabetu beharko genuke.

Gauza jakina da, gizarte-sare digitalak erabiltzen ez dituzten askorentzat ere bai, sare horietako ahalegin handienetako bat haiekin gero eta denbora gehiago egotea lortzea dela. Youtube ez da salbuespena. Ziur nago askotan galdu egin zarela bideoen alboko barran, Youtubeko algoritmoak aulkiari itsatsita egon gaitezen proposatzen digun eduki zerrenda amaierarik gabeko horretan. Niri sarri gertatu zait.

Eta zerrenda hori osatzen duen algoritmoan dago gakoa. Oso ezaguna da Trump efektua, edo Youtubek eragin handia izan zuela Brasilen eskuineko igoeran eta herritarren erradikalizazioan. Sare sozialek herrialdeen egoera politikoan duten eraginaren bi adibide baino ez dira, agian ezagunenak. Psikologoetan dirutza inbertitzea, eraginkorra ei da haientzat. Zenbat eta gorroto gehiago sustatu gugan, orduan eta denbora gehiago egongo ei gara haiekin.

Okasinte hutsak garelako akaso?

Vox efektua ere aipatu nezake, baina ez dakit bide horretan Youtubek eragin handia izango ote zuen. Twitterrek eta Facebookek bai, argi dago.

Azterlan batzuek, esaten ari naizena ez ezik, aipatu besterik egin ez dudan honen sakontasuna ikertzen hastea ere bermatzen dute. Baliteke Youtubek sinetsarazi nahi izatea bere algoritmoaren programazioak ez duela sustatzen edukiaren erradikalizazioa, baina gero eta pertsona gutxiagok sinesten dugu.

Atzo bertan, Mozilla Foundation-ek plugin berri bat aurkeztu zuen Firefox-entzat, Youtube Regrets Reporter. Mozillari horrelako bideoen berri eman ahal izateko. Konspirazioak, erradikalizazioa, gorrotoaren sustapena… plugin horren bidez berauek salatzera gonbidatzen gaituzte. Youtubeko algoritmo erradikalizatzailearen programazioan ikertzeko, frogak biltzeko eta eragina izateko itxaropen hutsarekin.

Nik instalatu dut dagoeneko.

Bi hitz hausnarketarako: Neutrala al da teknologia?

Askotan, teknologia neutrala den ala ez eztabaidatu izan dut hainbat pertsonarekin. Gainera, ikuspegi desberdinetatik eztabaidatu ditugu, hau da, hezkuntzan, osasunean edo gure eguneroko bizitzan teknologien erabilera pertsonalaren inguruan argudiatuta.

Duela urte dezente uste nuen teknologia neutrala zela. Hala ere, aspalditik ari naiz defendatzen eztabaida horietan ezetz, teknologia ez dela neutrala. Ezta gutxiago ere.

Teknologiarekin dudan harremana aldatu nuen, konturatu nintzenean teknologia ez dela zerbait natural, jainkozkoa, purua, sakratua, emana. Teknologia bakoitzak behar batzuei erantzuten diela. Orduz geroztik, zailagoa egiten zait teknologia bati buruz hitz egitea haren testuinguru historiko, politiko eta sozialean pentsatu gabe.

XX. mendearen hasieran -XXI. mendan irakurri nuenean-, oso interesgarria iruditu zitzaidan kontzeptu baten berri eman zuten zenbait pentsalarik: teknologiaren ikuskera praktiko hutsa faltsua da.

Edo behintzat, egia erdia. Pertsona bat beti ona edo beti txarra dela pentsatzea ere justua ez den modu berean.

Teknologia modu berdintsuan diseinatzen dugu gizakiok ere. Gehienetan ongi eta zenbaitetan gaizki. Jakina, ez da gauza bera mailu bat erabiltzea iltze bat horman sartzeko edo norbaiti burua hausteko. Erabileraren araberakoa, ere, izango da mailuaren diseinua. Beste adibide argigarriago bat jartzearren, argi dago ez dela gauza bera erabiltzaileen arteko elkarrekintza modu osasuntsu eta dibertigarrian sustatuko duten sare sozialen algoritmoak diseinatzea, edo segmentazioaren bidez dirua egiteko algoritmoak diseinatzea. Bigarrenen kasuan, beharra, oso bestelakoa baita.

Robot sexual bat ez da neutrala. Auto autonomoa ere ez da hala. Ezta ere langileak hautatzeko algoritmoak. Algoritmo biometrikoak ere ez dira neutralak. Kontrol sozialeko teknologiak ere ez. Langileak monitorizatzen dituzten eskumuturrekoak ere ez dira neutroak. Jarrai nezake.

Teknologia baten atzean dagoen sare sozial, politiko, ekonomiko edo kulturala ezin da teknologia horretatik bereizi. Sare horren arabera, horrela izango da teknologia bera ere. Horregatik, gaur egun, beldurra ematen dit jendeari entzuteak, erabaki- eta botere-guneetan egonda, teknologia neutrala dela eta axola duena berau erabiltzeko modua dela. Kontuan hartzen badugu teknologiaren sorkuntza beharrak nabarmen eragiten duela teknologia eta diseinua, konturatuko gara, besteak beste, zenbait teknologia (edo Google Drive bezalako zerbitzuk) erabiltzean zenbait gizarte-ohitura saritzen ari garela, eta, kasu gehienetan, benetan saritu nahi ditugun balioen kontrakoak izango direla. Kooperazioa vs. konpetentzia, adibidez.

Ideia horretan, eta beste askotan, oinarritzen naiz burujabetza teknologikoaz ari naizenean. Eta uste dut teknologia bat eraikitzen badugu interes ekonomikoa interes komunagatik aldatuta, teknologia hori ere ez dela neutrala izango interesaren eraginez, baina gutxienez teknologia etikoa izango dela.

Teknologikoa (ere) politikoa baita.