Telegram, eta orain zer?

Asteburu osoa daramagu bi gauzez hitz egiten: Korrikaren beste edizio zoragarri baten amaieraz eta Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eskatu izanaz. Utzidazue bigarren honetan arreta jartzen. Eta, behin aipatuta, Korrikako antolatzaileak zoriontzen.

Ongi da. Auzitegi Nazionaleko epaile batek (norbaitek esan dezake: “Epaile batek ez, betiko epaileak!”), ostiralean erabaki zuen Telegram aplikazioaren behin-behineko blokeoa eskatzea Espainiar Estatu osoan. Argudiatuz zenbait enpresek salatu izana Telegramek beraien telebista-programen jabetza-intelektuala urratzea. Hau idazten dudan momentuan, ez dakigu zeintzuk diren Telegram talde horiek eta ez dakigu zeintzuk programen jabetza-intelektuala urratu duen Telegramek. Dirudienez, Telegramek ez dio erantzun epaile horrek eskatutako informazioa emateko egindako eskaerari.

Ez dakigu, ezta ere, berdina eskatuko ote dien ChatGPT-ko garatzaileei.

Aipatzekoa da neurriaren neurrigabea, kontuan hartzen badugu epaileak bere herrialdeko 8.500.000 pertsonatik gora berehalako mezularitzarako egunerokotasunean erabiltzen duen aplikaziorik gabe utzi dezakeela. Eta baita gu, hegoaldeko euskaldunok, ere (bertako herritar derrigorrean garen eƱean). Zer esan nahi du honek? Blog sarrera hau irakurtzen ari zaren bitartean, agian ezin duzula Telegram erabili hegoaldean bazaude. Oso ohikoa delako teknologiari buruzko oinarrizko ezagutzarik ez duten pertsonek, teknologiei buruzko erabakiak hartzeko boterea izatea.

Balizko blokeo hori saihesteko, nahikoa da konfiantzazko VPN bat instalatzea edo komunikazioak proxy baten bidez egitea. Behintzat teorian. Baina hori ez da kontua. Hala ere, egia delako neurri horrek, aplikatzen bada, arazo asko ekarriko dizkiela aplikazio horren mende dauden pertsonei eta taldeei. Euskal Herriko milaka talderengan pentsatzen ari naiz, hauteskunde-kanpainan dauden alderdi politikoengan, RT irakurriz informatu nahi duten pertsonengan, bezeroekin komunikatzeko erabiltzen duten autonomoengan… eta abar luze batengan.

Eta neurria ezartzen bada, zein da bidea? Jakina, ez dela zure militanteei Whatsappera alde egitera gonbidatzea, zure Telegram kanal hori azken ordutan egon daitekeelako (hitzez-hitz: “[…] Parece que este canal de Telegram tiene las horas contadas. Nos seguimos viendo en Whatsapp.”). Guzti honek balio behar digu jakiteko etorkizunean ahalegin guztia egin behar dugula 1) erabiltzen duten pertsonen beharrizanetan zentratuko diren, komunikazio komunitario eta espazio teknologikoki burujabeak eraikitzen, eta 2) espazio teknologiko horiek deszentralizatuak izatea bermatzen, zerbitzari bat eroriz gero, gainontzekoak erabiltzen jarraitu ahal izateko. Gauza gehiago gehitu beharko genizkieke. Hala nola, erabiltzailearen pribatutasuna errespetatzea, muturretik-muturrera zifratzeko aukera defektuz izatea, edo horien kudeaketa enpresen mende ez egotea.

Baina momentuz, lehen biekin konformatuko naiz.

Eta, hala ere, oso kontziente naiz milaka eta milaka taldek berehalako konponbidea behar dutela, neurria aplikatuko bada. Gaur bertan. Ez bihar, ez etzi. Beno, hiru irtenbide ikusten ditut: 1) Telegramekiko mendekotasuna erabatekoa bada, VPN bat jartzea, Espainiako Estatutik kanpo dagoena (Riseup gomendatzen dizuet eta dohaintzak onartzen dituztela gogorarazten dizuet). 2) Matrix-en oinarritutako berehalako mezularitza-sistema batera pasatzea, deszentralizatua baita. Eta, 3) bigarrena egiteko aukerarik ez baduzue, behin-behinean, Signal erabiltzea.

Azkenik, gustatuko litzaidake aipatzea oso kezkatuta nagoela azken orduetan han eta hemen agertu diren Telegrameko proxy-ak nork administratzen dituen jakin gabe erabiltzea erabaki duten pertsona horiengatik. Mesedez, ez egin horrelakorik (irakurri hari hau). Telegramek ez ditu bere mezuak muturretik-muturrera zifratzen, txat pribatuetan eskuz gaitzen ez bada behintzat (inola ere ez talde bat bada). Beraz, ez dakigu proxy-aren administratzaileak zer sarbide-maila izango duen gure mezuetara. Mesedez, ez erabili horrelako proxy-rik, administratzen duen pertsona zuon konfiantza osokoa ez bada.

Eta espero dezagun Kataluniako Alderdi Piratak aipatzen dituen bide legal eta politikoek fruituak ematea.

Bitartean, zifratu dena eta ez joan Whatsappera.

Erantzun bat “Telegram, eta orain zer?” bidalketan

  1. […] Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Telegramen blokeoa atzera botatzea erabaki du. Gutxienez norbaitek Telegram zer den, zer funtzio betetzen duen eta zertarako erabil daitekeen azaltzen duen txostena prestatzen dion arte. Eta gaizki esaka aritu nahi duen batek esan dezake hori nik neuk ateratako ondorioa dela, lehenago idatzi izana justifikatzeko: “Oso ohikoa delako teknologiari buruzko oinarrizko ezagutzarik ez duten pertsonek, teknologiei buruzk…” […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude