Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Polena - Erleen opila, polena baino elikagarriago

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Polena

Erleen opila, polena baino elikagarriago

2007-11-23

Amerikako Estatu Batuetako apiterapiazaleak biltzen dituen American Apitherapy Society-k azken buletinean plazaratutako berria da hau. Iraileko zenbakian "The benefits of beebread for T.J.: An apitherapy case history of a child born with a rare chromosomal abnormality" publikatu du, bertan esplikatuz kromosometako anormaltasun arraro bat daukan mutikoaren ixtorioa, zeina bere amatxi erlezaina erleen opilarekin ari baita artatzen. Kasuaren zehaztasunez gain, Priscilla Coe-k idatzi du "Beebread in Apitherapy" (Erleen Opila Apiterapian) izeneko artikulu interesgarria. Hemen dakargu euskaratuta.

Erleen opila (gizakiak eskuz ekoiztua) polenez eta eztiz egindako toniko oso elikagarria da, eta erleak aberaskan egiten duen opilaren antza handia du. Daukan azido laktikoak dijestioari lagundu egiten dio, eta hau da osasun onaren oinarria. Azido laktikoa glukosa ere bihur daiteke, eta glukosa da gorputzak erabiltzen duen energi iturri nagusia.

Ez dago erabat esplikatuta nola sortzen den opila aberaskan. Erlauntzatik atera eta uztarako adinean diren erleen laurdenak polena biltzen du eta ez besterik, beste laurdenak nektarra, eta gainerako erdiak bietarik biltzen du, ezti eta polen. Horregatik, uste da erlauntzera datorren polenaren erdia nektarrez nahastuta datorrela. Gainerako polena erleek bidaia egiteko energiatzat daramaten eztiarekin nahastu dute. Erleek pikor horiek -bakoitzak milioika polen ale dauzkalarik- ondo estututa eta bere listuz bilduta sartzen dituzte gelatxoetan, hauetako bakoitza hiru laurdenez bete arte. Aurrez, gelatxoak ondo garbitu eta propoliz igurtzi dituzte, eta bete ondoren opilez betetako "siloak" propoli geruza mehe batez estaltzen, bakterio eta onddoetatik babesteko.

Apiterapiarako erle opila egitekotan, "ezti adina polen" da ratioa, nahiz eta jende batzuek nahiago duen ezti gehiagorekin egina, likidoagoa delakoan. Nahasketa beirazko ontzi esterilizatuan ipintzen da eta hor uzten aste batzuetan, ondo hartzitzen. Guzti honetan egokiena polen freskoa erabiltzea da, ez polen idortua: idortutakoan bizitasuna eta zenbait elikagai galtzen ditu polenak. Freskoak %10-20ko hezetasuna dauka eta lehorrak aldiz %4-6koa.

Vetaley Stashenko apiterapeutak nabarmendu du polena eztiarekin nahastutakoan, polenaren bakterio laktikoek, polenak berak daukan proteina ugariaren laguntzarekin, fite sortzen duela azido laktikoa kopuru handitan. Polen berriaren pH-a 7,2 da gutxi gora behera; aste betez ondutako erle opilaren pHa 3,5-4.2era jaitsiko da. Gainera, Stashenkok dio erle opila ondoen oxigenorik gabe egiten dela, eta horregatik gomendatzen du ontzia ondo ixtea eta hartzitzen utzitakoan barrukoa gehiago nahastu gabe uztea. Aste batzuetan hartzitu ondoren, opil hau hozkailuan sartu behar da eta han eduki. Teorian, bai hozkailuan edo bai izoztuta, bost urte arte eduki daiteke, nahiz eta denborarekin bere proteina, azukre eta  zenbait azido ahultzen joango diren. Horregatik, onena da erle opila kopuru txikietan egin eta hilabete gutxiko epean jatea.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan