Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Polena - Polen idortua ona da osasunarentzako, baina freskoa are hobea

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Polena

Polen idortua ona da osasunarentzako, baina freskoa are hobea

2007-05-02

Martxoan Passau hirian izan zen Alemaniako 5. Apiterapia Biltzarra, eta bertan Jost Dustmann doktoreak komunikazio garrantzizko bat aurkeztu zuen titulu honekin: “Fresh Pollen Offers Best Therapeutic and Nutritional Benefits” (Polen freskoak eskaintzen ditu onura terapeutiko eta nutriziozkorik onenak). Mediku horrek hesteetako inflamazioa zeukaten arratoiekin egin zuen esperimentua, eta erakutsi zuen horiei janaritzat polen freskoa emate hutsarekin hesteetako zauriak %40an hobetu zitzaizkiela.

Espainiako Extremadurako mendialdeko polenetan oinarritutako ikerketaren emaitza da. Inguru horietan txara da (Cistus Ladaniferus) landarerik ugariena, eta horregatik bertako erlezainek biltzen duten polena gehienbat laranja-kolorekoa izan ohi da. Erleak biltzen du lorez-lore hauts hori, erlauntzako kume gazteek behar duten proteina damaiena; bilketan ari diren erleek ahoan daramatzaten laktobakterio eta legamiak nahasten dizkiote beren listuarekin, soineko iletxoetan erantsi zaien hautsa atzeko hanketan pilotatxotan biltzeko ahaleginean.

Hain zuzen ere laktobakterio eta legami horiek gizakiaren hestearentzako oso mesedegarriak dira, koloneko flora orekatzen laguntzen dutelako. Horregatik, polen freskoak hestearentzako babesgarri prebiotiko eta probiotikoak dauzkako, hestean bertan bestelako bakterio patogenoak kontrolatzen ditu. Aldiz, polen idorra –komertzio eta belardendetan normalean aurkitu ohi dena- bitamina eta mineral aldetik zinez osagai onak izanik ere ez da iristen polen freskoak daukan ahalmen terapeutikora.

Logika horri jarraiki, erleen opilak polenak berak baino indar handiagoa dauka: erleak aberaskan sartu eta aipatu laktobakterio eta legamiek artzituarazitakoan bihurtzen da polena erleen opil, B ataleko bitaminetan eta K bitaminan oso aberatsa dena. Baina herritar arruntari oso zail zaio erleen opila eskuratzea, biltzea bera oso nekeza da eta. Polen freskoa ekoizten errezagoa da: erlauntzako atarian bildu ondoren, izoztu egiten da lehenbizi –daramatzan xomorro-arrautzak akabatzeko- eta ondoren hozkailuan kontserbatzen da, hutsean ontziratuta. Ekodendetan espreski enkargatu behar izaten da, eta gutxitan dago salgai.

Polen freskoari buruzko informazio gehiago frantsesez, Pollenergie.fr gunean.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan