Hasi da Rock & Roll-a!

erleekin-dantzan
0

Niklas Stumpf-en argazkia, Unsplash

Ez dago egutegia begiratu beharrik udaberrian gaudela ziurtatzeko. Naturaren seinaleak adierazgarriak dira arretaz begiratuz gero. Berdez janzten hasi dira etxe ondoko parkean, udan, itzal freskoa eskainiko diguten zuhaitzak. Zelaiak eta landa bide bazterrak lore koloretsuz josita daude. Erlastar erreginen hegaldi zaratatsuak ohikoak dira gereziondo japoniarren loreetan, neguko barauari amaiera eman ostean gose baitabiltza janari bila. Eta, inork udaberrian gaudenaren zalantzarik balu, gure mendietan kukuak bere kantarekin udaberriari ongietorria emana dio dagoeneko.

Erleen dantzan ere antzematen da. Urtarrila eta otsaileko egun epeletan neguko erle zaharrak vals-ean hegan zebiltzan, patxadaz, gelditzen zitzaizkien azken bizi izpiak neurtzen, erlauntza barruko janari erreserba eskasak handitu nahian. Orain, loreen eztandarekin bat, sasoiko lehen erle gazteak Rock and Roll-eatzen dabiltza, gogotsu, nekerik gabe, adinari dagokion bezala. Etengabeak dira helburu bakarra duten erleen joan-etorri bizkor eta urduriak: ahal duten polen eta nektar gehiena jasotzea.

Erlea txikorian gozatzen

Gogoz ari dira lanean, bai, eta horren beharra dago. Jateko aho gehiago daude etxean, erregina atsedenik gabe erruten hasi baita erlauntzaren langile kopurua handitzeko, eta ez da geldituko loraldiak egon bitartean. Erlemandoen arrautzak ere jartzen hasi da; laster erregin berriak direnak eztei-hegaldia egiteko prest egongo dira.

Eta dantzaren erritmo aldaketarekin hasten dira erlezainen zalantzak ere. Zer egin hemendik aurrera? Handitzen ari diren erlauntzak erdibanatu eta erlauntza berriak sortu? Edo uda amaieran eztia jasotzeko altzak jarri? Erlezain bakoitzaren egoeraren eta interesen arabera hartuko ditugu gutako bakoitzak erabakiak. Juan Marik, nire “maisu-Yoda” eta erleen munduan eskutik naraman Oiartzungo erlezain jakitunak, erlauntza dezente dauzka bi ekintzak aurrera eramateko: erlauntza batzuk bikoiztuko ditu, eta beste batzuetan eztia biltzeko altzak jarriko ditu.

Nik, aldiz, hiru erlauntza dauzkat, soilik. Liztor asiarrari aurre egin zioten hiru erle txapeldun dira, horietako bat erlekume txiki batetik jasotakoa. Hortaz, negua gainditu izatea nahikoa sari izan da, haientzat eta niretzat. Hirurak indarrez eta populazioz eskas sartu ziren neguan eta oso erle gutxirekin iritsi dira udaberrira. Hori horrela, hauxe izango da nire lehenengo helburua: lehenik eta behin, erlauntza denak haztea eta indartzea.

Eta ondoren, erlauntzarik indartsuenean ezti pixka bat biltzeko altza jarriko dut eta kaxa berriak sortzeko nukleoak egingo ditut, erlauntzen hazkuntza erritmoaren arabera. Hala ere, badakit ezti produkzioa eskasagoa izango dela aurten. Honekin, beste kezka bat datorkit burura: gai izango naiz iaz nituen sei erlauntzak errekuperatzeko? Ez al dira nire erleak liztor asiarren menu nagusi izango berriro ere? Eztirik jaso ez eta erleak ere galduko banitu, a ze negozioa!

Kezka horiek izan arren, aurrera egingo dut. Egia esan, eztia lortzea ez da nire interesik handiena. Azken finean, ez dut neure burua ezti-ekoizletzat. Erlezaintza ulertzen dut auzolan bezala: erlezainak erleak zaintzen aritzen gara, erleen biziraupenari eusten, erlerik gabe ez legoke polinizaziorik, ez eta eztirik ere. Ofizio honen alderik ederrena ere bada hori: naturari ematen diguna itzultzea. Eta une horietan erlearekin, naturarekin, sinbiosian sentitzeak ez du preziorik…

Erleekin dugun zorra handia da. Ezin dugu ahaztu hau: gizakiaren biziraupena erleen mende dago. Erleen polinizazioak ematen digu gizakioi jateko beharrezkoa dena; ez badago erlerik, ez dago zer janik. Horrenbestez, gure biziraupena haien esku dago. Beraz, tontotzat hartzeko arriskua handia izanda ere, kontzientzia lasaiarekin jarraituko dut erleekin Bizia bizi truk egiten. Eta vals, Rock and Roll edo twistaren erritmora haiekin dantzatzen.

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA