Erleekin dantzan
Sailkatu gabea
by erleekin-dantzan
  • Sailkatu gabea

Eztia gozoagoa da kuadrillan biltzen bada

erleekin-dantzan
2023-07-21
1

Gure lurraldean ohikoa da kuadrilla baten kide izatea, bat baino gehiago askotan, aitzakia desberdinak direla medio: lagun-taldea, gimnasioko kideak, parkeko zakur-jabeak, trinketekoak, ostegunetako afarikoak, kintakoak, josketa taldekoak, seme-alaben laguntxoen gurasoak, goizeko 8tan korrika egiten dutenak, dibortziatuena, Afrikako bidaian ezagututakoak… Zerrenda amaiezina izan daiteke, norberak berea izango du gainera. Horren harira, nire zerrendan bada espeziala den kuadrilla bat: erlezainen kuadrilla.

Erlezainen kuadrilla, erlezain hasiberriaren eskolarik hoberena

Kuadrilla hau elkartzeko aitzakia zein da? Juan Mariren erleek egindako ezti goxoa jasotzea. Aurten bigarren aldiz bildu gara Migel, Imanol eta ni neu Juan Mariren baserrian. Azken honek eztia jasotzeko unea iritsi dela esan bezain pronto, bertan elkartu gara lauak elkarrekin lanean hasteko prest. Hauxe da egiten duguna: baserrian eta beste hainbat tokitan dituen eztiz jositako altzak jaso, eztiolara eraman, eta bertan eztia bildu. Lan asko da, eta baita ordu asko ere. Baina elkarrekin igarotako denbora horretan partekatzen ditugun bizipenak arina egiten dute lana, eta botatako izerdia merezi du jasotako informazio zaparradaren truke. Ez da gutxi kuadrilla honek eskaintzen duena! Merezi du banaka ezagutzea:

Juan Mari: Nire Yoda maisua. Urte osoan zehar une desberdinetan bere babesa jasotzen dut: edozein zalantza dudala, deitu, eta laguntzeko prest dago beti. Erlategian erleekin lanean ikustea ikasbidea da bere horretan: erleak maneiatzeko eta tratatzeko erabiltzen duen goxotasuna, hitz egiteko tonu xamurra, mugitzeko erritmo lasaia, emandako azalpenak… Gizon aberatsa da Juan Mari, bai ezagutzan eta kutsatzen duen bizi-pozean ere. Nola ez diot lagunduko ba, eztia biltzeko beharra duenean?

Migel: Juan Mariren laguna, urteak daramatza bere itzalean erleekin laguntzen. Erlezaina ez den arren, eskarmentuaren poderioz, erleaz asko daki. Langile bikaina, pauso bat aurretik beharrezkoa den tresnarekin, erne, arin. Fin-fina. Eta hori gutxi balitz, lana amaitzerakoan kanpineko mahaia eta aulkiak atera eta ti-ta batean hamaiketako (edo bazkari…) bikainak prestatzen ditu. Hori da hori efikazia! Tripa bete bitarteko atseden une horietan, oso garrantzitsuak, mundua konpontzen dugu.

Imanol: Erlezain hasiberria, ni bezala, beraz, erraz elkar ulertzen gara. Biak Juan Mariren apopiloak gara, eta antzeko zalantzak eta arazoak topatzen ditugu bidean. Bata bestearen lorpenaz pozten gara; aurten biontzako urte bikaina izan dela esan genezake, eskuratutako eztiaz gain ikasitakoa balio handikoa izan delako. Aupa Imanol, eutsi!

Imanol, Migel eta Juan Mari Bidasoako Erlezain Elkarteko eztiolan

 

2023ko ezti uzta egina dago. Baina ez dugu 2024ra itxarongo berriro elkartzeko. Hurrengo elkarretaratzea Santa Luzian izango da, barroaren bigarren tratamendua egiteko. Eta orduan, berriz ere, mundua konponduko dugu.

Zeinen ederra den kuadrilla honen parte izatea!

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Itziar Lopez

About Me

Erlezain hasiberria, oso kezkatua erleen egoeraz. Bidasoako Erlezainen Elkarteko kidea da Juan Mari, Pili, Migeltxo, Lurdes, Jexus eta beste hainbatekin batera. Blog honen helburua da martxan jarri berri duten Erleak Salbatzeko Sarea proiektuaren berri ematea. Twitter kontua: @soserleak

1 Iruzkin
    Kontxi (e)k dio: Erantzun
    2023-07-23, 17:39

    Aupa zuek, eskerrak zuei, jaten dugu ahalako ezti goxo ta sano, sanoa, eskerrikasko!

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Udaberriaren amaierako suak2023-06-26
Erlezainak ala liztorzainak?2023-08-28
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA