Erlezainak ala liztorzainak?

erleekin-dantzan
0

Horixe datorkit burura erlategira garai honetan joaten naizenean: erleak zaintzen ditut edo liztor asiarrak ugaltzen laguntzen dut? Barroa eta liztor asiarra dira erlearen etsairik gogorrenak, eta bata zein besteari aurre egiteko neurriak jartzen ditut, beraz, erlezaina izan banaiz. Eztia jaso ondoren jartzen den barroaren tratamendua martxan dago jada. Liztor asiarrarekin, aldiz, gauzak ez dira horren errazak.

Liztor asiarra… Zenbat buruko min! Aurten berriz ere liztor asiar asko dago erlauntzen ateen aurrean, zain. Baina noiz arte? Iazko abenduan, oraindik ere, topatu genituen liztorrak. Hori horrela, eta txantxa dirudien arren, eguraldian dut jarrita nire esperantzarik handiena liztorra desagertzeko: udazkena, eta hotza batez ere, aurreratzea, liztorra lehenbailehen hiltzeko.

Inozoa eguraldiaz fidatzen banaiz, ezta? Horregatik, hori gertatu bitartean, ez dizkiogu gauzak errazak jarriko liztorrei. Aurten iaz baino hiru bider neurri gehiago ditugu erlategian: Koldo Belaskoren tranpaz gain, tranpa selektiboak eta arpa elektrikoak jarri ditugu. Edozer gauza iazko triskantza ez bizitzeko. Ezin dut ziurtatu tranpa horiekin erleak eroso dauden, gustura lan egiten dutenik edo guztiz babestuta gelditzen direnik. Neurri horiekin guztiekin ere hamar erletik bat liztor asiarraren hortzetan amaitzen du. Baina, aldiz, baieztatu ahal dut tranpa horiei esker ez dagoela erlauntzaren blokeorik, hau da, erleak lanean jarraitzeko aukera dute, beraz, erlauntzaren erreserbak negurako betetzen jarraitzen dute.

Abuztua amaitzear dagoen honetan nire erletxoak indartsu daude, iaz baino loraldi hobeagoak izan dituzte, elikagai nahikoa dute eta lanean aritzeko gai dira. Uda ez bada abenduraino luzatzen, agian jarritako neurriak nahikoak izango dira erleak sasoian sartzeko negura. Argi dut orain: erlezaina naiz, zailtasun izugarriekin baina, inoiz ez liztorzaina!

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA