Amalurra lokartzen denean

erleekin-dantzan
0

Mikela Urtsainen erlategia, Azkainen

Urteko sasoirik lasaiena iritsi da erleentzat. Amalurra lo egitera etzan da, bere bibrazioa apalduz, iluntasunaz gozatuz, barrura begiratuz. Bizitza patxadaz hartzeko garaia da. Tenperatura eta argia pixkanaka behera doaz, eta dagoen polena eta nektarra oso eskasa da. Erreginak jada ez du erruten, sarekumea txikitu da desagertzeraino, eta langileak, kopuruz dezente murriztuta, erlauntzaren berotasuna mantentzeko ahaleginetan ari dira, udaberrira bizirik iristeko. Gordeta dagoen eztia eta polen erreserbak nahikoak izango ote dira negua gainditzeko? Badaezpada, ez dituzte hegaldi luzeak egingo. Etxean goxo-goxo egoteko garaia da.

Erlezainak ere hausnarketarako garaian gaude. Norberak erlategian egindako ekintzak baloratzeko unea da: Nola joan da sasoia? Negua gainditu zuten erleak kopuruz handitzea lortu dut? Erlekumeak sortzeko egoerak egoki kudeatu ditut? Ezti nahikoa jaso dut? Zenbatekoa izan da liztor asiarraren erasoa eta egindako kaltea? Jarritako neurriak nahikoak izan dira? Kontrolpean daukat barroa? Halako kezkak ugariak izaten diren honetan, beste erlezainekin partekatzea lasaigarria izaten da.

Ez dira gutxi beste erlezainekin elkartzeko dauden aukerak. Baserritaren azoka eta ezti lehiaketa ugari daude orain. Jardunaldiak, formazioak eta tailerrak ere zalantzak argitzeko oso egokiak dira. Edo Mikela Untsainen erlategia bisitatu daiteke; esperientzia aberasgarria da emakume zoragarri horrekin kafe bat partekatzea eta haren jakituriarekin bustitzea.

Erlategiaren lan-erritmoa baretzen den garai honetan, beraz, erlezainek gure gauzei buruz hitz egingo dugu, gure artean lagunduz, negu gorria datorrenean elkar babestuz. Hurrengo elkarretaratzea: Erle Eguna, azaroaren 26an, Usurbilen. Ez dezagun auzolana egiteko aukera pasatzen utzi!

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA