Neguko lanak

erleekin-dantzan
0

Malu Carriquiry-ren argazkia, Unsplash

Hirugarren neguari aurre egingo diote nire erleek, eta haiekin nik ere bai. Badira garai honetan erlategian propioak diren hainbat zeregin, esate baterako, materialak garbitzea eta jasotzea, barroa tratatzea, eta erleak bazkatzea. Hasiberrientzat akaso lagungarria izan daitekeelakoan, hortxe azaltzen dut erlategian egiten dudana.

Barroa gutxitzeko tratamenduak

Erleak barroaz josita baldin badaude, immunologikoki ahuldu egiten dira, eta zailtasunak izan ditzakete negua gainditzeko. Hori saihestu nahian, urtean zehar barroa kontrolpean mantentzeko bi tratamendu egiten ditut, eta orain arte eraginkorrak izan dira.

  • Eztia bildu ondoren, Apivar tirak jartzen ditut. Erleek gorputzera itsatsita duten barroa erortzen laguntzen du (irudian Apivar tirak tratamendua amaitu ondoren). Erleek tirak propolizatzen dituztenez, tratamenduaren erdialdera atera eta garbitzen ditut, bere osagarri aktiboa (amitraz) berriz ere aktibatzeko. Juan Mari Arabolazak, Bidasoako Erlezain Elkarteko lehendakaria, urteko azken batzordean ginela, tirak garbitzeko erabiltzen duen prozedura erakutsi zigun.

  • Santa Luzia egunean azido oxaliko sublimatuaren tratamendua egiten dut. Azaroa eta urtarrilaren artean sublimazio teknika erabiltzea gomendatzen da, garaia hotza izaten baita tanta-jariatze sistema erabiltzeko. Sublimazioa eraginkorra izan dadin, umerik ez dagoenean egin behar da. Urtarrilera itxaron behar bada hori ziurtatzeko, itxaron. Iaz, Juan Marik egindako tratamendua grabatu genuen. Bideoan tratamenduan jarraitu beharreko neurriak azaltzen ditu (ahotsa garbi entzun dadin maskara jarrita ez duen arren bideoan, ezinbestekoa da bateria piztu aurretik arnas-bideak babesteko maskara jartzea!).

Argizariaren sitsa saihesteko lanak

  • Komenigarria da eztia bildu ondoren, kendutako altzak sopletearekin garbitzea, eta argizaria duten laukiak modu egokian tratatzea (laukiak izozkailuan sartzen ditut hainbat egunetan). Udaberria eta udan zehar erleek egiten duten sobera eztia gordetzeko, erlauntzaren gainean behar adina altza jartzen joaten naiz. Altzek, 9 laukiz osatuta, erlauntzaren tamaina osoa edota erdia dute. Altza eta lauki horiek neguan zehar pilatzerakoan aireztatuta gelditzea ezinbestekoa da. Horrela eginda ere, ez badaude baldintza egokiak sotoko garaje batean daudelako (baserria ez dugunok horrelako arazoak izaten ditugu…), sitsa azaldu daiteke. Ikusi bestela duela aste gutxi aurkitutakoa.

(Sopletearekin garbitzen)                                                   (Sitsak altza batean egindakoak)

Bigarren aldiz sopletea pasa eta hondatutako lauki guztiak deuseztatu ondoren, altzak eta laukiak sare fin-fin batez bildu ditut, eta, sitsaren arrautzarik ez dagoela pentsatuz, berriro ere gorde ditut. Gertutik zaindu beharko dut; ea eraginkorra den jarritako sarea. Edo bestela, baserri bat erosi beharko dut…

Erleak bazkatu

  • Erleei janaria ziurtatzea izango da neguko beste lan horietako bat. Negua gainditzeko erlauntzan ezti nahikorik ez balego,   gomendagarria da kanpotik ematea bazkatzen. Erleek energia handia gastatzen dute erlauntza bero mantentzen, hortaz, gastatutako energia errekuperatzeko behar adina janari behar dute. Udazkenean hotza hasten denetik eta udaberrian giroa epeltzen hasi arte jartzen diet jana, eta jatekorik ez zaiela falta ziurtatzen dut. Merkatuan badira nutrizionalki orekatuak diren elikagaiak (Apipasta adibidez) eta erleei osasun arazorik sortu gabe (ez beherakorik, ez gaitzik…). Ez nintzen horren aldekoa, baina neguan bizirik irauten laguntzen die, eta hori da lehentasuna.

Ezin dut ziurtatu egiten dudan hori guztia egokiena, hoberena edo egin daitekeen bakarra denik. Baina bai ahal dut ziurtatu bi urte eta erdi hauetan, hiru negu gorputzean, nire erleek negua gainditzea lortu dutela. Ez dakit ba ote den super-erleak direlako, edo egindakoa lagungarria izan delako. Badaezpada, orain arte egindakoa egiten jarraituko dut, eta nire super-erleek super-bizitzen jarrai dezatela beste negu bat. Hala bedi!

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA