Urtebete dantzan

erleekin-dantzan
0

Angèle Kamp-en argazkia, Unsplash

 

Hamabi hilabete eta hamahiru idatzi. Blog honek urtebete egin du. Garaia da atzera begiratzeko eta denbora horretan egindakoa hausnartzeko. Burura etorri zait blogaren sorrera eta arrazoia. 2022aren urte amaieran ginen. Udazkenean jasandako liztor asiarraren eraso bortitzaren ondorioz, Bidasoako Erlezain Elkarteko kide batzuk Erleak Salbatzeko Sarea proiektuari ekin genion. Proiektuak hainbat helburu bete nahi zituen: erlea ahultzen duten etsaiz ohartaraztea, horiei aurre egiteko baliabideak bilatzea, eta erlea babesteko eragileak elkarlanean jartzea.

Horretan ari ginela, letretan aditua den lagun on batek animatu ninduen Argia aldizkarian blog bat sortzera, sarean egiten genituen ekintza horiek bertan plazaratzeko. Sarea zabaltzeko bide aproposa izateaz gain, erleak dituen beharrak, sufritzen dituen kalteak eta bere egoera lazgarriaz informatzeko bikaina izan zitekeen. Tira, zalantza asko izan nituen, egia esan. Ez idazle, ez kazetari, ez biologoa, eta saltsa horretan sartu? Baina tira, saltsera beti saltsan, beraz, from de lost to the river esan nion neure buruari, eta aurrera egin nuen. Zer nuen galtzeko?

Orain, atzera begiratzerakoan, urtebeteko bide honetan hainbat gauza ttiki baina dotoreak egin ditugula ohartu naiz. Ez dira tamaina handikoak ezta nahikoak izan ere, baina hasiera bat izan dira, eta horietako batzuk lore-kolore ederra hartzen ari dira, fruituak emateko bidean:

Zarata mediatikoa. Hainbat komunikabide gure elkartearekin harremanetan jarri ziren Erlearen Salbamendu Sarearen berri izateko eta erlearen egoeraz hitz egiteko. Gizartean eragin baikorra izan zuen, eta jende askok erlearen egoerarekin eta erlezainekin bat egin zuen, laguntzeko prest. Erlearekiko kontzientziazioa eta erlearen aldeko auzolana piztu zen. Hazia bota genuen.

Instituzio publikoak. Hainbat udalerrietatik eta Aldunditik jasotako erantzuna ez zen nahi bezain baikorra izan. Batzuk besteei pilota jaurtiz ibili ziren, ea norena zen liztor asiarrari aurre egiteko ardura. Behintzat Aldundiaren eskutik 2023ko udaberrian tranpatze selektiboa testatzeko saiakera bat egin zen. Datuak jasotzeko dauzkagu oraindik. Orain, jakin nahi genuke 2024rako zein den liztor asiarrari aurre egiteko batzuen eta besteen plana. Soilik kabiak kendu? Egiten duten lan hori balio handikoa da, baina ez da nahikoa. Berriz ere erlezainen esku geldituko da liztor asiarra murrizteko babes neurriak jartzearen ardura? Berriz ere erlezainek baliabide tekniko eta ekonomikoak poltsikotik jarri beharko dituzte diru laguntzarik gabe, ingurugirora zuzenean eragiten duen arazoa izanda ere? Berriz ere instituzioek beste aldera begiratuko dute, erantzukizunik gabe? Noiz arte? Erlea desagertu arte? Jatekorik ez dugun arte? Adimen artifizial ditxoso horrekin erle robotikoak egin arte? Uuuffffa, Matrixegi jartzen ari naiz, Gorka Urbizuren Hasiera bat diskoko Lilura bat entzungo dut berriz, bizitzaren edertasunera itzultzeko.

Ezagupen teknikoen birziklapena. Hainbat tratamenduen beharraz jabetzeko aurrerapausoak egin ditugu. Orain arte barroari aurre egiteko tratamendurik egiten ez zituzten erlezainak kontzientziatzeko bidea ireki da. Erlezainen ezagupenen birziklapena eta erlezainen arteko elkar-laguntza dinamikak (lanabesak partekatu, erlategietan auzolana egin…) bultzatzen jarraituko dugu.

Sarearen hedapena. Hainbat eragile elkarlanean hasteko bidea ireki genuen, eta pixkanaka, sarea zabaltzen ari gara. Hauxe izan da sortu den lorerik ederrena, eta ondo zaindu beharrekoa:

  • Gipuzkoako Erlezain Elkartearekin. Irunen abenduaren 21ean egiten den San Tomas azokako ezti lehiaketaz gain, elkarteak jarritako esparrua dinamizatzeko lehen urratsak eman genituen. Bidatz eta Borjaren gogoaz, prestutasunaz eta jakinminaz gozatu genuen. Aurrera egingo dugu elkarrekin hurrengoetan ere.
  • Labore Txingudi kooperatibarekin eta BDSKkoop Hasieratik haien laguntza eskaini ziguten, edozertarako prest: liztor asiarraren tranpa-kanpainetan laguntzeko, erlearen aldeko kontzientziazio kanpainak egiteko (eskolatan, azokatan, auzo eta herri festetan…), bertako eztia ekoizten duten erlezainen alde egiteko… Sarearen beharraz oso kontzientziatuta egoteaz gain, sarea dinamizatzeko lanean ari da Oihana. Sare-kide aparta!

Bloga. 2023an hilero erlearen inguruko idatzi bat zabaldu da, bidean itzaleko izar eskuzabal baten laguntza eta babesa jasoz, zorionez. Bloga batzuetan erlearen egoeraz informatzeko izan da, eta bestetan garrasi eta negar egiteko aitorlekua ere. Noraino izan da baliagarria idatzitakoa? Inork irakurri al ditu hemen botatakoak? Zeinek daki. Bidean ez da ezer galdu, beraz, atzera begiratu gabe, aurrera goaz.

Hamabi hilabete eta hamahiru idatzi behar izan ditut konturatzeko blogaren irizpiderik nagusiena ez dela izan erleaz informatzea. Erlea protagonista izanik, gizakiak ekosistemarekiko duen erantzukizunaz, naturari zor dion begiruneaz eta norberaren bihotzean berpiztu beharreko amalurrarekiko maitasunaz jabetzeko KONTZIENTZIAZIOA izan da, funtsean, idatzien Ariadnaren haria. Kontzientziazioa da, beraz, blogaren izaera eta sena: gizakiari gogoraraztea izakia dela, ekosistemaren gurpilean dagoen beste edozein izakiaren iguala, guztiekin orekan eta errespetuan. Ez gehiago, ez gutxiago. Soilik egoak apalduz eta izakiaren umiltasuna onartuz ziurtatu ahal izango dugu guztion biziraupena: erleena, txoriena, basoena, gizakiena…

Tira, badago zeregina. Irakurleak izan edo ez, 2024an kontzientziak zabaltzeko argia ematen saiatuko gara. Ezer galtzekorik ez dagoen bitartean, beti aurrera!

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA