Bi urtetan ikasitako erleen lezioak

erleekin-dantzan
0

Unplash, Florida memory

Bi urte. Bi urte egin ditut erlezain lanetan. Ez da asko. Eta, hala ere, bi urte hauetan zerbait ikasi dudala ohartu nintzen duela aste batzuk erlezaintzaren munduan murgildu nahi duten lau lagunekin izandako elkarrizketa batean. Elkarrizketa horretan adierazi nien erleen ikuspegi erromantikoaz gain, errealak diren beste hainbat egoera izan behar direla kontuan, amatasunaren alde liluragarria zapuzten duen ama nekatuaren antzera. Erleengandik jasotako lezio gutxi batzuk dira haiekin aipatutakoak. Hemen jaso ditut denak:

1.lezioa: Erleak ez dira gure maskotak

Erlea ez da zure txakurra; ez du isatsa astinduko edota ez da pozez zaunkaka hasiko erlategira hurbiltzen zarenean; akaso eztena aterako du eta gorputza mugitzen hasiko da honen zaratarekin zu ziztatzeko prest dagoela adierazteko. Erleak ez zaitu ezagutzen; zu erlearentzat artza zara, eta eztia lapurtzera zoaz (eta ez dago errealitatetik horren urruti, ezta?). Beraz, erlategira zoazenean goxotasunez joan zaitez, mugimendu ez bortitzekin gerturatu, kea suabe-suabe bota, hitz xamurrez tratatu, baina, beti erne! Ez zaituzte bertan nahi.

2.lezioa: Erleak animalia basatiak dira

Ezti-erleari domestikoa deitzen diogu guretzako erosoak diren kaxatan bizitzera behartu ditugulako historian zehar. Baina horrek ez du esan nahi gure menpe daudenik; basatiak dira eta nahi dutenean ospa egiten dute lasaiagoa den beste nonbaitera. Horregatik ez da oso komenigarria egunero erlategian egotea erlauntzak zabalduz, kea botaz, erleak zirikatuz… Utz itzazu bake-bakean, gutxieneko interbentzioak eginez, eta gustura jarraituko dute zuk eskainitako etxean bizitzen.

3.lezioa: Joan zaitez erlategira egun eguzkitsu eta epeletan

Erleek ez dute gustuko eguraldi goibeletan zirikatuak izatea. Honelako egun batean erlauntza zabaltzen bada, eta egin beharreko lanak denboran luzatzen badira, erleak urduritzen hasten dira. Kea botata ere, badira uneak zeinetan hobe den erlauntza tapatu eta joatea, eguraldia gozoagoa denean bueltatzeko. Bestela, egin kasu 4. lezioari:

4.lezioa: Presiopean, erleen erantzuna bortitza da

Erleak haserre daudenean erlezain trajearen edozein zirrikitutik sartzeko gai dira. Ez pentsatu nahikoa izango denik trajearen kremailerak  ixtearekin eta  belkroa pegatzearekin; sartzeko gai dira, zinez diot! Ez da txantxetarako kontua zure aurpegi aurrean, trajea pasa eta bizpahiru erle oso-oso haserre izatea… Eta ezin atera bertatik! Hasten dira orduan garrasiak, kolpeak aurpegian, zentzurik gabeko korrikaldiak; ihes egiteko ahaleginean etsaia barruan izanda! Eskarmentuarekin ikastea oso egokia iruditzen zaidan arren, hobe egoera desatsegin hau aurrezten baldin baduzu. Beraz, lehenik eta behin, ondo ikasi 3. lezioa, eta horretaz gain erlezain trajearen zirrikitu guztiak ondo tapatu (belaki zati bat erabili horretarako, argazkian adierazten den moduan).

 

5.lezioa: erleen erritmora dantzatuz gero, erlezaintza benetan ederra da

Aurten ikasi dut bi modutan ahal dela erlategi bat eraman: erleekin dantzan eginez edo haiekin kung-fu praktikatuz. Aurten, eztiaren ekoizpenari eutsi nahian, bigarren modalitatea praktikatzen hasi nintzen: erleekin borrokan ibili nintzen egutegiak zionean erregina berriak akabatu behar zirela. Bost axola eguraldia makal egotea, edota erlauntza goitik behera zabaldu behar izatea… Eta erleek gogor erantzun zuten, trajean sartuz adibidez (4. lezioa ondo ikasi dut aurten!). Ze une desatseginak; neure buruari galdetzen nion erlezaintzak merezi ote zuen. Horrezkero argi izan nuen flow-erlezaina izango nintzela: orain erleekin gozatzera joaten naiz erlategira, bizi eta utzi bizitzen leloa buruan. Agian, ekoizpenean oinarritzen den erlezainak erleak gehiago estutuko ditu, borrokatzeko prest. Norberak erabakiko du bere estiloa, erleekin dantzan egin edo kung-fu.

6.lezioa: Erleak autonomoak dira

ErleZAINA zara, beraz, uste duzu erleak ZAINTZEN dituzula… Gezurra galanta! Argi izan hau: erleek ez gaituzte behar haien koloniak aurrera ateratzeko. Zoritxarrez, barroa eta liztor asiarraren kontrako tratamenduak erlezainen esku daude eta ezinbestekoak dira. Baina, gizakiaren mundu globalizatuaren eraginez etorritako kalte horiek egongo ez balira, ez lukete gure laguntzarik beharko. Are gehiago, erleek gu zaintzen gaituzte: naturaren zikloak jarraitzen irakasten digute, eta horren bitartez ama-lurraren kontaktuaz jabetzen gara; haiei esker ditugu zereal, fruitu eta barazkiak; beraiek ekoiztutako eztiaz gozatzen dugu; propoliaz eta erregina-jeleaz sistema immunologikoa indartzen dugu; argizariaz egindako kandelekin une ilunei argia ematen diegu… Nork zaintzen du nor?

Ez nuke erlezaintzaren alde erromantikoa izorratu nahi hemen idatzitakoarekin. Ez diet erlezain berriei gogoa kendu nahi ere, baina erlearen ziztada bat jasotzen duzunean, bat-batean bueltatzen zara naturaren errealitatera. Beraz, mantendu dezagun erlezaintzaren begirada liluragarri hori, beti ere kontuan izanik zein ezaugarri dituzten erleek, zein ziklo eta behar, animalia hauen balioa lehenetsiz, umiltasunetik eta berdinetik berdinera.

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA