“20.000 especies de abejas” filmari esker

erleekin-dantzan
0

Oraindik ez dut ikusi behin eta berriro saritua izaten ari den “20.000 especies de abejas” filma. Bertan, erleak protagonista ez diren arren, pelikularen tituluak erleenganako interes bat sortu du gizartean. Azken aldian, askotan egin didaten galdera izan da hauxe: Benetan al daude 20.000 erle mota? Bat-batean erleen eta erlezaintzaren inguruko interesa eta jakin mina piztu zaie askori, horrek poztasunez bete nau, eta elkarrizketa dibertigarriak eskaini dizkit lagunen artean, familian eta baita lankide eta ikasle artean ere. Baina, solasaldi horietan ohartu naiz zenbateko ezezagutza eta beldur dauden, zein handia den naturarekiko dugun deskonexioa.

Beraz, ezezagutzak sortzen dituen beldurrak uxatzeko intentzioarekin eta jasotako hainbat galderei erantzuteko nahiarekin idatziko dut. Ezagutu ditzagun hitz hauen bitartez 20.000 espezie horien artean gurekin bizi diren erle eta liztor gutxi batzuk:

Erleak

Oso modu sinplean, hauek dira gure inguruan erraz topatuko ditugunak:

Erle domestikoak (Apis Mellifera): Eztia egiten dutenak, ezagunenak: Erlezainak erle hauekin aritzen gara eztia eta beste hainbat produktu ekoizten. Sozialak dira, hau da, komunitatean lan egiten dute; erregina, erle langileak eta erlemandoak bereizten dira. Gurea erle beltza (apis mellifera iberica) deritzona da, bertakoa, eta zaindu beharrekoa. Gorputza beltza du, eta marra hori-ilun definitugabeak bereizten dira, horregatik erle beltza deritzo.

Erle basatiak: Ez dute eztirik egiten. Erle mota gehienak basatiak dira. Bakartiak dira, hau da, haien kabuz bizi dira lurreko edo enborretako zulotxoetan eginiko kabietan. Gure basoetan topatu ditzakegu maiz, arreta jarriz gero. Horietako batzuk gorputza laranja eta beltza dute, baina forma anitzekoak aurki ditzakegu.

 

Erlastarrak (Bombus mota): Errazak ikusteko eta desberdintzeko, erle oso potoloak eta oso iletsuak baitira. Gorputzean marra laranja eta beltzak dituzte tartekatuta, eta ipurdia zuria. Ohikoa da gure herrietako parkeetan lorez lore ikustea. Basatiak dira gehienak; sozialak eta bakartiak topa ditzakegu, motaren arabera.

 

 

Liztorrak

Antza izan arren, liztorrak eta erleak ez dira espezie berdinekoak; “lehengusuak” akaso. Duela 100 milioi urte guztiak liztorrak ziren, baina beharren eta eboluzioaren poderioz, gaur egun bi espezie mota izatera iritsi dira. Gure inguruneetan erraz topatuko ditugun liztorrak honako hauek dira:

Liztor arrunta (Vespula vulgaris): Erleen tamaina berdina dute. Gorputza ondo definitutako eta tartekatutako marra beltz eta horiz osatua, ilerik gabekoa.

Liztor asiarra (Vespa velutina): Erlearen tamaina hirukoizten du. Gorputza beltza du, ipurdi aldea laranja eta hankak horiak. Espezie inbasorea da, ugaltzeko eta zabaltzeko erraztasun handia du. Arazo larria da: erlearen biziraupena kolokan jarri du azken urteotan, erleak bere dietan sartzen baitira.

Liztortzarra (Vespa crabro): Liztor asiarra baino zertxobait handiagoa izan arren, oso antzekoak dira, berezitasun batzuekin: gorputzaren ipurdi aldea horiagoa eta hankak gorrixkak. Bertako liztorra dugu, eta erleak jateko zaletasuna duen arren, bere ugalketa ez da liztor asiarrarena bezain handia, beraz, kaltea erlearentzat mugatuagoa da.

 

Nola bereiztu erleak eta liztorrak?

Erleak eta liztorrak bereizteko, errazena honako hiru ezaugarriak kontuan hartzea da:

  • Tamainia: Erleak eta liztor arruntak 1,5 cm inguruko luzera dute; liztor asiarrak eta liztortzarrak aldiz 3,5cmko luzera.
  • Ilea: erleak iletsuak izaten dira, liztorrak aldiz, ez.
  • Kolorea: Erleak kolorez ilunagoak, beltzagoak dira, eta marra horiak ez dira horren definituak. Aldiz, liztorren gorputzeko marra horiak eta beltzak oso biziak eta definituak dira.

Bermeoko Herri Babesaren irudi honetan primeran ikus daitezke erleen eta liztorren ezaugarriak:

 

Erronkarako prest?

Udaberria garai bikaina da naturarekin bat egiteko eta bertan bizi direnekin elkarbizitzen ikasteko. Beraz, oinarrizko ezagupen hauetatik abiatuz, jolas dezagun naturan eta naturarekin: ea zenbat erle eta liztor bereizten dituzun zure herriko parke eta basoetan! Zerrenda handitzen joan, 20.000 arteko tartea txikitu… Hor duzu erronka! Bihur ditzagun naturarekiko ditugun ezezagutza eta beldur horiek jakinminean, jakinmina ingurunearekiko kontzientzia hartzean, kontzientziazio hori naturarekiko ardura eta maitasunean, eta azken horren bitartez izan gaitezen guztiak ingurugiroaren zaindariak.

 

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

 

Argazkiak Unsplash-etik: Eduardo Gorghetto,  sebastien rosse, Thomas Willmott, Adonyi Gábor, Colin Davis

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA