Izorratu, botoak dakartzalako

Jenofa Berhokoirigoin
0

“Badut zinez txertatuak ez direnen izorratzeko gogoa. Bururaino aspertuko ditugu”. Frantziako presidentearen hitzak dira, lehendakaritzarako berriz aurkezten denarenak. Hasi da kanpaina, eta ondoko ehun egunetarako tonua eta norabidea markatu dizkigu Macronek. COVIDari bideratuko zaio monopolioa –eta izorra daitezela zerbitzu publikoez, krisi sozioekonomikoaz, kulturaz edota ingurumenaz eztabaidatzea espero zutenak–. Bestelako guzia gorderik eta aipamenik gabe atxikitzeko estalki sendoa badu botereak; ezkerraren proposamen eskasia begi-bistan uzteko gaia badu; bozka beldurretik bideratzekoa. “Etorkin terroristaren” mamua bezain emankorra izan daiteke koronabirusa. Boto-emaileak eskuinetik xarmatzeko amuzkia badu: aker pekatzailea edota barne-arerioa izendatzeak eta hauen haserrea hauspotzeak botoak dakartzate –eta hainbat hobe sua piztuz adierazten badute kexua–. Errepresioz eta nagusikeriaz “ordena” eta “bake soziala” berreskuratzeko urratsak botoak dakartzalako.

Esaldi ttipi mingarrien estrategia ezaguna da. Sarkozyk bere garaian “kaka [banlieue auzogune txioetako gazteak ] karcher-arekin garbitzeko” asmoa zuen. Aurretik Chiracek “atzerritarren gaindosia” eta hauen “arrabotsa eta usaina” zituen azpimarratu. Hiruak presidente. Hiruak eskuinekoak. Hiruak zentzu guztietan pribilegiatu. Hiruak azpikoa iraintzeko axolagabekerian. Ze gauza batzuen haserre eta miseriatik zukua atera nahi izatea. Ze gauza piramidaren puntatik oinarrian dagoenari tu egitearena. Banlieue-tako gazteak aurpegia estalirik barrikadetan behar dituen gisara, nahiko lituzke berriro ere Parisko hirigunea sutan jartzen dabiltzanak –Jaka Hori, blac block ala txertoaren kontrako… bost axola zer diren; sua piztu dezatela, besterik ez–. Hortik Le Parisien egunkariari eskainitako elkarrizketako iraina, Eliseoko kontseilariek aurretik irakurritakoa, zuzendutakoa eta onargarritzat jotakoa. Hots, kalkulu politiko bati segi plazaratutakoa.

Baina sua menderakaitza bihurtu daiteke. Makineria indartsuenak ukateak ez dakar automatikoki suaren kontrola. Onerako ala txarrerako. Eskuin-muturraren mehatxua erreala da, piramidearen gailurrean baita oinarrian ere. Maleruski, ezkerraren muturretik, mugimendu guti sendi da. Karrikan egon behar luke ezkerrak, benetako aldaketak proposatzen. Eskuin-muturra hauspotu ez dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA