Mau mauren istorioa
San Carlos eta Rocha batzen dituen errepidean noala motor bat nire albotik pasa eta bozina sei, zazpi edo zortzi aldiz jo du. Motoristen jarrera horrek asko haserretzen nau. Ez dakit zergaitik baina tipo horiek motorrean joatea txirrindan joatea bezala dela pentsatzen dute eta nire ondotik pasatzen direnean pozez lehertzen direla dirudi. A ze aurpegia duten!
Gaurkoan bozina jo eta jo ibili den motoristak atzean utzi nauenean hirurehun metrora motorra itzali eta nire ondoan geratu da. Hurbildu ala nabaritzen hasi naiz tipoak nirekin hitz egiteko asmoa zuela. Gizon nagusiaren piura xelebrea da benetan, bi betaurreko daramatza aurpegian jarrita bata bestearen gainean, batzuk bistarako eta besteak eguzkitarako. Gainera, buruan daraman kaskozarrak ez dit bere aurpegiko espresioa ikusten uzten. Azkenean, izerditan, beregana iritsi naiz.
— Egun on!
— Kaixo. Nongoa zara?
— Euskal Herrikoa.
— A bai? Niri ETA gustatzen zait.
Isilik geratu naiz eta irribarre lotsati batekin erantzun diot.
— Begira mutil hemen zuretzat asko gustatuko zaizun opari bat dakat.
— A bai! Zer da ba?
— Duela urte batzuk, 60 urte nituenean, orain 72 dauzkat, nik zuk bezala bizikletan bidaia luze bat egin nuen. 4.000 kilometro egin nituen Salvador de Bahiatik Uruguaiko La Palomaraino. Guztira, 54 egunetan egin nuen bidaia.
— A ze marka! Nik ere antzeko bidaia bat egin nuen Transilvaniatik Euskal Herrira. Baina noski, ni zu baino askoz ere gazteago nintzen eta naiz, kar kar. Nolatan bururatu zitzaizun bidaia hori bizikletaz egitea?
— Lagun, nik 10 urte egin nituen kartzelan diktadura garaian!
— Eta hori?
— Kar, kar, kar. Militarren etsaia nintzen. Aizu nola duzu izena?
— Iker: i-k-e-r.
— Beno, utz ezazu, konplikatuegia niretzat. Zein kilometrotan gaude?
— Ideiarik ez.
— Beno mutil tori nik idatzi dudan liburua, seguru barre ederrak botako dituzula nirekin, edo nire kontura.
— Milesker!
— Ah, eta nahi dituzu hemen ditudan sagar eta aranpasa batzuk?
— Bai, eskerrik asko.
— Agur eta zorte on!
— Bai, agur lagun!
Motorrak eta gizon bitxi horrek ziztu bizian utzi naute atzean. Eguzkiari izkutatzeko denbora asko falta ez zaiola ikusita, eta gizonak emandako liburuari gainbegiratua emateko irrikaz, topatu dudan lehendabiziko eukalipto basoan gaua pasatzeko prestatu dut guztia. Orduan erreparatu diot liburuaren azaleko izenburuari “The Mau Mau´s Story”. Izenburu bitxia pentsatu dut. Orriak pasa eta tipoaren izena Jorge Rossi dela irakurri dut. Liburua pupurri itzela da, denetik hitz egiten du: kartzelan pasa zuen denboraz, munduaren norantzaz eta gainera, primeran etorri zaidan bere bizikleta bidaiaren egunerokoa ere badu. Gozatu ederra hartu dut lotara joan baino lehenago.
ETArena ez da berria… Leku askotan pasa zait/zaigu!
Horixe gertatu zitzaidan niri ekialdeko Europatik bidaiatzen: euskalduna nintzela esan nion parean tokatu zitzaidan tipo bati, eta “gora ETA militarra!” oihukatu zuen. Hori bai, libururik ez zidan oparitu. Kauen!
Izan ere, hemen eta Argentinan, ETA(m)aitasuna da.