Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Rio de Janeiroko oihana
Atalak: Brasil, Egunerokoa
Tximeleta bat Tijucako ohianean.
Munduko hiri politenetakora iritsi berri naiz, sentsazio berriak zaharrekin nahastu zaizkit. Rio de Janeiroko galtzadarriek eta muinoetara igotzen diren tranbia horiek Lisboa ekartzen didate gogora. Hala ere, Riok badu Lisboak ez duen zerbait: hiriak badia berde ikusgarrian ditu landatuak bere hormigoizko eraikinak. Gaspar de Lemos konkistatzaile portugesak 1502an topo egin zuen badiak gaur egungoa baino ikusgarriagoa izan behar zuela pentsatu dut.
Rio de Janeirok zirrikitu ugari ditu mendien artean sartuta, horrek hiria unibertso txikiz betetzen du. Behin kaleak deskubritzen hasi naizela Rio argazkietan bezain harrigarria ez dela ikusi dut. Telebistan maizegi txorien ikuspuntutik, zerutik erakusten dute hiria. Bisitarien ikuspegi nagusia ordea, lurretik, porlanezko oihanetik altxatzen da. Agian horregatik, ia derrigorrezko bisita da. Kristo Berreroslearen monumentua. Han hiria ia bere osotasunean marrazten duen postala bihurtzen da ikuspuntua.
Brasilen denbora dezente daraman bidaiariarentzako ez dira beste munduko hondartzak izango Riokoak. Hegoalderago ala iparralderago dauden hondartzak politagoak eta bakartiagoak dira eta.
Brasilen eta Rion hondartzak baino gehiago ere badagoela ikusi daiteke Tijuca parke natural urbanoan. Gezurra badirudi ere, hiritik hurbil, ohian atlantikoa errege den berdegune erraldoia dago. Bertan, hiritik ihesi, animalia eta landare askoren artean galdu dezake bisitariak bere burua. Nik horretan dihardut orain, tximeleta eta matxangoei begira.