Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Campo Grandeko bizkotxoak
Atalak: Brasil, Lagunak
Ana eta Vanessa, ama eta alaba.
Campo Grande Mato Grosso do Suleko hiriburua da. Afonso Pena etorbide luzearen alboetan antolatzen da hiriaren merkatal bizitza. Hiria horretara mugatzen dela dirudi. Campo Grandek ez du bereziki polita egiten duen ezaugarririk, parke eder handi bat izan ezik. Hala ere, bada hiri hau interesgarria egiten duen zerbait, Brasilgo pantanal edo zingira famatua. Abendua eta maiatza bitartean lautada tropikal hau urez betetzen da eta mundu osoko ekosistema aberatsenetakoan bihurtzen da. Animaliak ikusteko leku paregabea da.
Campo Granden Couchsurfing (bidaiarien arteko abegikortasun komunitatea) bitartez lotarako lekua topatu nuen familia brasildar baten etxean. Vanessa eta Ana, nire anfitrioiak Sao Paulokoak izan arren lan kontuengatik duela hiru urte hiriburu honetara etorri ziren bizitzera. Diotenez Campo Granden bizitza Sao Paulon baino askoz ere lasaiagoa da, baina jendea itxiagoa ere bada.
Etxeratu berria Anak ongi etorri beroa prestatu zidan, mahai gainean caipirinha (azuke kanabera likorea erabiltzen duen edaria) hotz bat eta feijoada (fabada brasildarra) gozo bat zituen prest niretzat, Campo Grandeko 35 graduei aurre egiteko osagai hoberenak.
Campo Granden pasatako bi egunetan euri zaparradek kaleak urez gainezka utzi zituzten eta hori dela-eta Anarekin etxean sukaldean pasa nituen orduak. Hemen Anak prestatutako errezeta sinple eta gozoa:
Biscoito de Povilho (Manioka bizkotxoak)
Manioka bizkotxoak.
Osagaiak:
250 gramo povilho azedo edo manioka fekula.
2 ur edalontzi.
Ekilore edo arto olio edalontzi erdia.
Arrautz bat.
Gatz goilarakada txiki bat.
Prestaketa:
Ura eta olioa nahastu eta irakiten jarri behar dira sutan. Manioka irina ur edalontzi hotz batekin nahastu behar da eskuekin. Jarraian irakin dugun olio eta ura manioka irinarekin nahasten dugu eskuekin. Ondoren arrautza eta gatza gehitzen dizkiogu nahasitakoari.
Oreak pastelgintzan erabiltzen diren nahaskien antzeko itsaspena eduki beharko du. Horretarako, gure orea lehorregia edo gogorregia egotekotan ur hotz gehiago gehitu beharko diogu. Orea prest dugunean poltsa edo zorro batean sartuko dugu luzera txikiko zutabeak erretilu batean egiteko.
Azkenik, aldez aurretik bost minutu berotzen eduki dugun labean sartuko ditugu bizkotxoak 150 gradutan 30 minutuz. Bizkotxoek puztu eta kolorea hartzen dutenean labetik aterako ditugu eta jateko prest izango dira.