Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Cochabambara goaz lagun!
Atalak: Bolivia, Egunerokoa
Cochabambako udaletxea militarrez inguratua.
Ordu bat eta erdi lehenago iritsi da Cochabambara ekarri nauen autobusa. Sorpresa galanta hartu dut. Goizko 5ak eta ilun oraindik. Hala ere saltzaileak dagoeneko gauari bizia ematen dabiltza gosari beroak eta egunkariak jendeari eskaintzen.
Argitzen hasi bezain pronto noraezean ibili naiz kaleetatik eta bakarra ez naizela jakiteak lasaitu nau. Mantal zuria jantzita eskolara doazen gazteen artean bidaiari iritsi berriak aurpegia iturrian garbitzen ikusi ditut.
Goizeko 8ak ematear zirenean Irailak 14ko plaza zentralak militarren presentziak asaldatu du, edo hori da behintzat nik sentitu dudana. Militarrez betetako kamioiek plazako txoko guztiak kontrolatu dituzte segundo gutxi batzuen buruan. Momentu batez Bolivia diktadura militarra zeneko garaietan pentsatu dut. Jendeak militarrei jaramon gehiegirik egiten ez ziela ikusteak lasaitu nau ordea.
Nire jakin mina ase nahian pasieran zebilen gizon batengana jo dut. Kontatu didanaren arabera astelehenero probintzia guztietako hiriburuetan bandera boliviarrak jartzeko ekitaldi aberkoia egiten dute. Gizonak eta nik haurrak eta militarrak gure aurretik pasatzen ikusi ditugu. Plaza osoko soldaduak lerrokatu direnean ozen Boliviako ereserkia hasi dira kantatzen banderak altxatzen zituzten bitartean. 2008ko Boliviako konstituzio berriaren arabera bandera ofizialak bi dira: bata marra horizontal gorri, hori eta berdeak dituena, eta bestea ortzadarraren zazpi koloreak erabiliz lauki karratu ezberdinez osatutakoa, Whipala izeneko bandera (aimara herriaren sinbolo etnikoa, gaur egun nazionalitate ezberdinen ikur bihurtu dute Bolivian).
Ereserkia bere amaierara iritsi da eta azken esaldia bota dute soldaduek harro eta tente: “Hobe hil esklabo bizi baino!”. Nire ondoko gizonak zera esan du orduan: “arazoa boliviar batzuk gringoen edo europarren esklabo izaten jarraitu nahiago dutela”. Irribarre zabal bat oparitu diot Evo Morales eta MAS alderdia defendatzen topatu dudan lehen pertsonari.
Gauean desfile militarra izan den plaza berean tamal (arto orea) egosi bat jaten ari nintzela, Evoren gobernuaren aurka klase ertain-altuek antolatutako manifestazio batekin tupust egin dut. Beraien osasun seguru pribatuen defentsan oihu batek bereziki utzi nau zuhur eta lur: ¡los bancos unidos jamás serán vencidos! (“bankuak elkarturik ez dira sekula garaituak izango!”). Victor Jarak arrazoia zuen zizareekin adi egon behar da.