Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Motor gainean Ameriketatik
Atalak: Lagunak, Peru
Mihai Panaman.
2007. urtean Leonardo Da Vinci programarekin Transilvaniako hiriburuan, Cluj-Napocan (Errumania), PATRIR izeneko bake eta gatazka institutuan egin nituen unibertsitate ondoko praktikak. Ahaztuko ez dudan esperientzia izan zen hura, horregatik Cluj beti izango dut gogoan. Cuscoko ostatuan Cluj berriz ere gogora ekarri didan Mihai ezagutu dut. Mihai izatez Cluj-Napocakoa den arren azken urteetan Kolonia, Sevilla eta Madril aldean egon da bizitzen. Duela ia urtebete lana amaitu eta New Yorketik motorrez Amerika osoan bidaiatzeko erabaki hartu zuen. Hauek dira Cusco ederrean milaka kilometro egin ostean Mihaik kontatutakoak.
Bidaiari hasiera emateko zergatik aukeratu zenuen New York?
AEBetan motorrak merkeak zirela banekien eta New Yorkeko hiria ezagutzen ez nuenez handik bidaiari ekitea ideia ona izan zitekeela pentsatu nuen.
Zein da zure helmuga?
Ba begira, hasiera batean Rio de Janeirora iristeko asmoa nuen, handik lana topatzeko aukera nuelakoan. Bidaia aurrera egin ala aukera horrek indarra galdu zuen. Orain, bidaiatzen ia urtebete daramadanean nekatua sentitzen hasia naiz eta litekeena da bidaiari amaiera Buenos Airesen ematea.
Zein motor erosi zenuen?
Ba Europan topatzen ez den motor erresistente japoniar bat erosi nuen, Kawasaki Klr deituriko bat.
Ba al du izenik motorrak?
Hasiera batean ez nion izenik jarri, “motorra” esaten nion. Behin bidean mutil portuges batekin gurutzatu nintzen eta honek motorra Raimunda bezala batailatu zuen. Esaera brasildar batek zera esaten omen du: “Raimunda, feia de cara mas boa da bunda” (Raimunda aurpegiz itsusia eta ipurdiz ederra).
Machu Pichu bidean ibaiak zeharkatzen.
Zergatik aukeratu zenuen motorra bidaiatzeko?
Motorrak beti izan ditut gustuko, horrez gain mekanika aldetik errazak dira mantentzen eta kotxeek baino gasolina gutxiago kontsumitzen dute. Raimundarekin 400 kilometrotako autonomia dut, eta hori ez da batere makala.
Zer daramazu zurekin?
Motorrarekin bide-zorro batzuk daramatzat. Alde batean motorra konpontzeko tresnak eta beste aldean nire gauzak daramatzat. Atzealdean, bide-zorroen gainean kanpatzeko tresna guztiak eta su bat daramatzat. Horrez gain ur galoi bat dut beti prest nirekin.
Zein herrialde zeharkatu dituzu orain arte?
AEBak, Mexiko, Belize, Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua, Costa Rica, Panama, Kolonbia, Ekuador eta Peru oraingoz. Aurrerago Brasil, Bolivia eta Argentina ezagutzea espero dut.
Zer nolakoa da bakarrik bidaiatzea?
Alde positiboak eta negatiboak ditu. Esaterako bakarrik bidaiatuz muturreko egoerak aguantatzea errazagoa da. Konpainian bidaiatzea ondo legoke baina denbora eta dirua duen laguna topatzea zaila da.
Zer dio jendeak errumaniarra zarela esaten diezunean?
Gehienak Erromakoa, italiarra naizela pentsatzen dute.
Zerk harritu zaitu gehien?
Oraingoz ez nau ezerk harritu, oso naturala izaten ari da bidaia.
Non sentitu zara erosoen?
Mexikon denbora gehien pasa dudan herrialdea izan da eta bertako errepideetatik lasai asko ibili naiz. Bestela, Panamak asko inpresionatu nau. Aldez aurretik ez nuen herrialde honen irudirik eta agian horregatik sorpresa itzela hartu dut. Panama gainera aniztasun handiko herrialdea dela ikusi dut.
Ertamerikako errepide batean.
Nola gurutzatu zenuen Panama eta Kolonbiaren arteko muga?
Urteko sasoi ez euritsuan bada Darien oihana zeharkatzen duen errepide moduko bat, baina inguru horiek ez dira batere seguruak gatazka armatua dela eta. Horregatik nire motorra eramatea onartu zuen merkatalontzi bat topatu nuen. Bidaia ahaztezin bezain luzea izan, normalean 10 orduz egiten den bidaia guk 10 egunetan egin genuen. Gasolina generaman gainean eta irlaz irla genbiltzan banaketa egiten, pentsa.
Mihairen bloga: http://vagand0.wordpress.com/
Mihairen argazki bilduma: http://www.flickr.com/photos/clandestino_20