Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Machu Pichu: eromena abian
Atalak: Egunerokoa, Peru
Machu Pichuren postal irudia. Aztarnategia deskubritu zeneko ehungarren urteurrena ospatzen da aurten.
Goizeko 4etako iluntasunean, txikitako udalekuetan bezala, gamusinoak ehizatzera goazela dirudi. Ordu goiztiarretan Machu Pichura linterna eskuetan oinez goazenak ehunka zenbatu daitezke. Gehientsuenak gazteak eta ingeles hiztunak dira. Eskaileratan gora Perun nagoela ahaztu dut. Maratoien euforia eta irrikaz denak ia korrikan egin dugu ordubeteko ibilbidea.
Lanbroan barrena ziztu bizian kolibri berdeen, enara urdinen, tximeleta erraldoien eta musker despistatuen ondotik pasa gara. Machu Pichu hodei artean zegoela iritsi gara. Argazki kamerez armatutako turistak noraezean, galdurik ibili dira lanbro trinkoan. Momentu hori aprobetxatuz Wayna Pichu, aztarnategiaren atzealdean dagoen mendira daramatzan eskailera bertikalak igo ditut. Txiletik etorritako bikote bat eta ni izan gara gainera lehenak iristen. 15 minutuz bakardadeaz gozatu eta ondorengo minutuetan masailak gorritutako maratoilari nekatuak iritsi dira.
Txolarre bat lanbro erdian.
Wayna Pichu inguratzen duten mendi berde ederrak kameren flashez erradiografiatu dituzte iritsi berriek. Bat batean oraindik Machu Pichu ezkutatua mantentzen zuen lanbroak, behetik gora ihes egitea lortu du aztarnategia agerian utziz. Segundo gutxi batzuetan jendea asaldaturik ero moduan jarri da. Turisten estasiaren erdian isilik handik alde egin dut.