Mate bat eta amodio bat
Argentinarren, paraguaitarren eta uruguaitarren idiosinkrasia ezin da ulertu mate infusioa gabe. Iraganean, guaraniek matea zeremonietan erabiltzen bazuten, gaur egun ere halako garrantzia izaten jarraitzen du. Lalo Mir kazetari argentinarrak hurrengo testuan primeran azaltzen du zergatik den matea edari hutsa baino gehiago.
Mate bat eta amodio bat
Matea ez da edari bat. Beno, bai. Ahotik sartzen den likido bat da.
Baina ez da edari bat. Herri honetan ez dago matea egarriagatik edaten duenik.
Ohitura bat da, hazka egitea bezala.
Matea telebistaren kontrakoa da hain zuzen ere: norbaitekin bazaude hitz eginarazten dizu eta bakarrik zaudenean pentsarazi egiten dizu.
Etxera norbait bisitan datorrenean lehendabiziko esaldia ‘kaixo’ da eta bigarrena ‘mate bat nahi?’.
Etxe guztietan gauza bera gertatzen da. Aberatsenean eta pobreenean.
Emakume berritsuei eta aho-handiei pasatzen zaie, eta gizon serioei edo heldugabeei ere bai. Geriatriko bateko zaharrei pasatzen zaie eta nerabeei ikasten ari direnean.
Gurasoek eta seme-alabek eztabaidatu eta lehiatu gabe partekatzen duten gauza bakarra da.
Peronistek eta erradikalek matea galdetu gabe zebatzen dute.
Udaran eta neguan.
Biktimek eta borreroek, onek eta gaiztoek dugun antzekotasun bakarra da.
Seme-alaba bat duzunean, matea, eskatzen dizunean ematen diozu. Epel ematen diozu, azukre askorekin, eta helduak bailiran sentitzen dira. Harrotasun handia sentitzen da zure odol bereko adaxkak matea hurrupatzen hasten denean. Bihotza gorputzetik ateratzen zaizu. Urteek aurrera egin ahala beraiek erabakiko dute nola nahiago duten hartu, mingotsa, gozoa, oso beroa, tereré erara, laranja-azalarekin, yuyoarekin, limoi zorrotada batekin.
Lehendabiziko aldiz norbait ezagutzen duzunean, mate batzuk edaten dituzu. Konfiantza ez dagoenean jendeak zera galdetzen du: ‘gozoa ala mingotsa?’ Besteak orduan zera erantzuten du: ‘zuk edaten duzun moduan’.
Argentinako teklatuetako letra guztiak mate-belarrez daude beteak.
Mate-belarra etxe guztietan dagoen gauza bakarra da. Beti. Inflazioarekin, gosearekin, militarrekin, demokraziarekin, gure izurrite eta madarikazio amaigabe tipiko horiekin. Eta egunen batean mate-belarra ez badago, bizilagunen batek badauka eta eman egiten dizu. Mate-belarra ez zaio inori ukatzen.
Ume izateari utzi eta gizon izaten hasi egun zehatz batean gertatzen den munduko herrialde bakarra da hau. Ez galtza luzerik, zirkunzisio, unibertsitate edo gurasoetatik urrun bizi. Hemen heldu izatera pasatzen gara mateak bakardadean edateko beharra sentitzen dugunean. Ez da kasualitatea. Ez da beharkizun bat.
Ume batek, etxean inor ez dagoela, mateontzia sutan jarri eta bere lehen matea hartzen duen egunean, minutu horretan bertan, arima duela deskubritzen du. Edo beldurrak akabatzen dago, edo maitasunez zoratzen, edo zerbait: baina ez da egun normala. Matea lehen aldiz bakarrik hartu genuen egunaz ez da gutariko inor gogoratzen. Baina seguru egun hori denontzat garrantzitsua izan zela. Barrutik zurrunbiloak sentitzen dira.
Mate soila baloreen erakustaldi bat baino ez da.
Solasaldi atseginean, zaporerik gabe geratu den mate garbi horri eustea da.
Solasaldia da, ez matea.
Hitz egin eta entzuteko garaiaren errespetua da, zuk hitz egiten duzun bitartean besteak edaten du eta zintzotasunez zera esaten dizu: ‘nahikoa da! alda ezazu mate-belar hori’.
Adiskidetasuna momentu zehatzean bihurtua da.
Ura irakitearen sentikortasuna da.
Maitekiro, modu inozoan ‘beroa dago ezta?’ galdetzeko unea da.
Matea hoberen zebatzen duenaren apaltasuna da.
Bukaerara arte ematearen eskuzabaltasuna da.
Gonbidatzearen abiegikotasuna da.
Txandakatzearen justizia da.
Egunean gutxienez behin ‘eskerrik asko’ esateko betebeharra da.
Asmo handirik gabe, matea konpartitzeko premiaren jarrera etiko, franko eta leiala da.
Lalo Mir
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Mate bat eta amodio bat | Argentinatik | Merezi... - […] RT @aiztierdi: Nik ere teklatua Mateaz zikintzen dut :) http://t.co/j6WOicbl6U @argia-rn bdz #Argentinatik […]
Mate belarra motxilan erorita, kotxearen alfombrilletan, eserlekuetan., momentu honetan sakatzen dudan teklatuan.
Mate belarra nahigabe sartzen da zure etorkin bizitzan. Hasieran bisitak etortzen direnerako erosten duzu eta, derepente, domeka bateko goiz berandutar baten materik ez duzula topatzerakoan larritu egiten zara.
Egun baten Etxera zoaz bisitan. Etxera EHtxera. Ahiztagaz berbaiten zaude sukaldean, betiko sukaldean, eta konturatu gabe diozu “¿nos hacemos unos mates?”