Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Futbola, aberria eta publizitatea
Atalak: Argentina, Bideoak
Azken urteetan argentinar publizitategileek mundu mailan ospe handia lortu dute bere sormen eta originaltasunari esker. Egia da, telebistako iragarkiak askotan programazioa bera baino dibertigarriagoak direla (niretzat spot jatorrenak Lucchetti janari etxearenak dira).
Aurten gainera, Munduko Futbol Txapelketa Brasilen ospatzen denez, oihartzun handieneko iragarkiek futbolaren gaia darabilte. Gabonetatik hona, futbol irudiekin eta aberria goraipatzen duten mezuekin bonbardatu gaituzte eta momentuz horrela izaten jarraituko duela dirudi. Inork ihes egin ezin dion fenomenoa da.
Izan ere, Argentinan beste herrialde askotan bezala, futbola kirola eta negozioa baino gehiago da. Futbolak patriotismoaren mutur irrazionalena irudikatzen du, pertsonen sentimendu basatienak azalarazten ditu eta noski, saltzea helburu duten enpresen sormena loratzen du. Orain arte ikusi ditudan iragarkien artean deigarrienak bi enpresa karismatiko hauenak izan dira.
Lehendabizikoa, Cristina Fernández de Kirchnerren gobernuak iaz nazionalizatutako Argentinako hidrokarburoen ustiapenaz, banaketaz eta salmentaz arduratzen den YPF enpresaren iragarkia da. Spot hau publizitatea baino gehiago propaganda gerrazalea dirudi. Erabiltzen den hizkera eta agertzen diren pertsonaia historikoak gerra batera doazela diruditelako. Nolanahi ere, mezu fededuna garbia da “gure lurra, gure petrolioa, gure aberria”.
Bigarrena, Quilmes Argentinako garagardo marka ezagunaren spota da. Iragarkiak Argentinako futbol taldeen kamisetak erabiltzeko deia egiten du. Zergatik? Argentinarrak garelako. Ez da azalpen luzeagorik behar. Beno agian gurutze kristauren bat edo beste. Hala ere, nahiko bitxia da Argentinako futbol kamiseten aldeko manifestua Quilmesek egitea. Izan ere, 2002. urtetik Anheuser-Busch InBev enpresa brasildar eta belgikarra da enpresaren jabe.