Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten?
Espainiak 333 urtez (1565-1898 bitartean) Filipinak okupatu bazituen ere gaur egun filipinarrek ez dute gaztelera hitz egiten. Filipinar askoren izen abizenak eta eguneroko hizketaldietan darabilten ehunkada hitzen jatorria gazteleran egon arren hori filipinarren gehiengoarentzat oharkabean pasatzen den zerbait da. Iberiar penintsulatik etorritako batentzat deigarria da oso Espainia eta gaztelerari buruz filipinarrek duten ezjakintasuna. Amnesia kolektiboa baino badirudi filipinarren iragana generazio batetik bestera kolpetik ezabatua izan zela.
Ameriketan ez bezala Filipinetan gaztelera zergatik ez den hitz egiten azaldu dezaketen faktoreetako batzuk hauek dira: (1) eliza katolikoak orokorrean mezetan gazteleraren kaltetan bertako hizkuntzak erabili zituen (hori da Filipinetan kristautasunak izan zuen arrakastaren gakoetako bat); (2) Iberiar penintsulatik etorritako kolonoen kopurua indigenena edota etorkin txinatarrena baino txikiagoa zen (Espainiatik Filipinetara itsasoz bidaiatzeko 4-5 hilabete behar ziren); (3) Filipinetako indigenen eta Iberiar penintsulatik etorritako kolonoen artean egondako mestizajea ez zen Ameriketakoa bezain handia izan (indigena eta etorkin txinatarren arteko mestizajea izan zen garrantzitsuena); (4) 1863. urtera arte Espainiak ez zuen gaztelerari bultzada emango zion hezkuntza sistema publikorik sortu; (5) espainiar kolono eta mestizoekin batera gazteleraz hitz egin zezakeen elite filipinarra oso txikia zen (Manilan eta beste hiri gutxi batzuetan kokatzen zen) eta (6) Ameriketako Estatu Batuak Filipinak konkistatu zituenean ingelesa lingua franca moduan inposatu eta horrekin batera gaztelera desagerrarazteko neurri aktiboak hartu zituen (gaur egun gobernuaren administrazioan tramiteak egiteko oraindik ere ingelesa da derrigorrezko hizkuntza bakarra jatorrizko beste edozein hizkuntzaren gainetik).
José Rizal heroi nazionalaren tragedia nazionala
Zer gertatuko litzateke herrialde bateko heroi nazionalaren liburu garrantzitsuenak herritarrek ulertzen ez duten hizkuntza arrotz batean idatziak egongo balira? Hori da Filipinetan, José Rizal (1861-1896), mediku, idazle eta heroi nazionalarekin gertatzen dena. Noli me tangere eta El filibusterismo nobelak Katipunan isilpean ziharduen erakunde filipino abertzalearen inspirazio-iturri izatearekin batera, independentziaren aldeko mugimendua mitoez hornitu zuen. Edozein nazioarentzat dira beharrezkoak mitoak eta bereziki eraikuntza-prozesuan dagoen nazio batentzat. Filipinarren nazioaren kasuan mito hori gazteleraz jaio zen. 1898ko ekainaren 12an independetzia aldarrikapena ere gazteleraz, garaitutako inperioaren hizkuntzan egin zen. Gazteleraren pisu sinboliko hori ordea AEBen okupazioarekin (1898-1941) kolpetik amaitu zen. Generazio batetik bestera ingelesak gaztelera ordezkatu zuen. Filipinarren nazio nortasunean, sormen kulturalean eta psikologia kolektiboan fenomeno horren eragina oraindik aztertzeke dago.
Chabacanoa: gazteleraren kreolera
Manila eta gainontzeko hiri garrantzitsuetako elite filipinarrak gazteleraz hitz egiteari utzi bazion ere, paradoxikoki Espainiak sekula guztiz konkistatu ez zuen uhartean gaur egun gazteleran oinarritzen den kreolera bizirautea lortu du. Chabacano hiztun gehienak Zamboangako penintsulan (Mindanaon) aurkitu daitezke eta nekez iristen dira milioi bat lagunetara. Hala ere, bost dialekto nagusi mantentzen dituzte bizirik: zamboangueño, caviteño, cotabateño, castellano abakay eta ternateño. Zamboangueñoa eta caviteñoa dira dialekto nagusienak eta hizlarien %90ak hitz egiten du dialekto horietako bat.
Kreolera honen etorkizuna eta biziraupena, Filipinetako gainontzeko hizkuntzena bezalaxe (tagaloaren salbuespenarekin), hizkuntza arautu eta bultzatuko duen akademia eta gobernu administrazio bat izatetik pasatzen da. Hizkuntza sistema publikoan 3. mailarte erabiltzen dira tokian tokiko jatorrizko hizkuntzak, ondoren ikasgai guztiak ingelesez ematen dira eta tagaloa edo filipinoa hizkuntza nazional gisa irakasten da (nahiz eta bakarrik populazioaren %28aren ama hizkuntza izan). Hizkuntz politika neokolonial horren ondorioz eta AEBtako ikus-entzunezko produktuek gizarte filipinarrean duten boterearen ondorioz filipinarrak bertako hizkuntzaren bat hitz egiten dutenean inglesetik etorritako esaldiekin batera nahasteko joera dute. Horri ingelesa hutsean hitz egiten dutenei ingelesak ematen dien status berezia eta prestijioa erantsi behar zaio.
Nolanahi ere, hizkuntzaren gaia ez dago agenda politikoan sartua eta inor gutxiri axola zaio gaia, filipinarrek ingelesaren zabalkundea Asiako gainontzeko herrialdeekiko abantaila bat bezala ikusten baitute.
“Generazio batetik bestera gaztelera ingelesarengatik ordezkatu zen”. Holakoak maizegi irarkurtzen dira Argian, Kontu handiagoz ibili beharko zenukete! Izan ere, euskarazko medioak eredu dira euskaldunetzat/ontzat, eta ereduak kale egiten badu, jai dugu!
Imanol milesker zuzenketagatik. Erderakada galanta nirea! Bestalde, blog hau “nirea” dela azpimarratu nahiko nuke. Hemen aurkitu daitezkeen kontuak nire denbora librean (lanean ez nagoenean) idatziak daude. Lanbidez ez naiz kazetaria eta nire euskara maila ikusiko zenuen nolakoa den. Mesedez ez zaitez nirekin oso zorrotza izan karkar. Besarkada bat 🙂