Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Haur langileak Sucren
Atalak: Bolivia, Egunerokoa, Lagunak
Sucre hiriko behatokitik.
Estilo kolonialeko eraikin ederrez dago betea Sucre. Nire arbaso andaluziarren herriak ekartzen dizkit gogora. UNESCO ondarea izendatua, Boliviako hiriburu konstituzionalean bidaian euskaldunekin topo egin dudan lehen aldia izan da. Kilometro askotxo neramatzan euskaldunekin gurutzatu gabe. Kasu honetan Donostian irakasle-eskolan dabiltzan hiru neskarekin ibili naiz berriketan. Euskal Herrian ikasi baina Sucrera praktikak egitera etorritakoak dira. Esperientzia aparta izaten ari direla iruditu zait.
Euskal Herritik Boliviara haurrekin lanera etorrita, Sucren Bolivia osoan bezala, haur askoren egoera oso makala dela pentsatzera eraman nau. Adin txiki askok beraien eta familiaren onerako lan egitera behartuta daude Bolivian.
Mutiko horietako batekin Maiatzaren 25 plazan ibili gara solasean. Victorrek 12 urte ditu eta guregana zapatak garbitzeko asmoz etorri da. Berak, haur indigena askok bezala, etxera dirua eramateko egiten du lan. Ketxuera du ama hizkuntza, baina nolabait gaztelera, aimara, ingelesa eta frantsesa murduskatzeko gai da. Victorrek atzerriko txanponen bilduma egiten duela esan eta erakutsi digu. Guk Brasil eta Uruguaiko txanpon batzuk oparitu dizkiogu. Horrez gain nik mutilari besapean zeraman Inti (ketxueraz eguzkia esan nahi du) aldizkaria erosi diot.
Inti aldizkaria
Inti aldizkaria saltzen duten haur batzuen gogoetak aldizkari barruan.
Boluntarioek egi bihurtzen duten egitasmo hau 7 eta 17 urte bitarteko haur langileak laguntzeko xedea du. Gehientsuenak zapatak garbitzen, gozokiak saltzen edo amari lanean laguntzen dihardute. Sucren lanean dabiltzan haurrek nahi izanez gero Inti aldizkaria sal dezakete 3 pesoren (0,30 €) truke. Erdia beraiek eramaten dute eta beste erdia hurrengo aldizkaria argitaratzeko erabiltzen dute egitasmoa bultzatzen duten arduradunek.
Bolivian haurrek eskolara derrigor lau orduz joan behar dute. Hori dela eta, haurrek eskolara goizez, arratsaldez ala gauez joatea “erabaki dezakete”. Boliviako eta nazioarteko erakundeak hori aldatzeko zerbait egiten ote duten pentsatu dut eta UNICEFen lanean dabiltzan lagun batzuk itaundu ditut. Erakundeetatik hori aldatzea oso zaila dela esan didate, izan ere haurrei lan egitea debekatuko balitzaie kaltetuenak beraiek eta euren familiak izango liratekeela baitiote. Amorrua piztu zait eta egunerokoan haurrak lanean ikusteko aitzaki eta justifikazio lotsagarria iruditu zait argudio hori.