“La Pazek ezarritako ordenari eta modernitateari ihes egiten dio”
Leioako Nazioarteko Ikasketen masterrean ezagutu genuen elkar Diegok, Minervak eta nik. Diego Kolonbia atzean utzita etorri zen Euskal Herrira. Ordutik ia lau urte egin ditu Bilbon iazko urte amaieran La Pazera lanera alde egin zuen arte. Bera La Pazen ibiliko zela aitzakia hartuta nire bidaia asmoek bultzada ederra jaso zuten. Honela Diego, Minerva eta nik elkar ikusi genuen azken bi aldiak Buenos Aires eta Hernanin izan ziren. Hirugarrena La Pazen izan da. Buenos Aires-Hernani-La Paz, konexio bitxia. Chacaltaya mendira (5.300 metro) gindoazela elkarrizketatu nuen Diego.
Zergatik aukeratu zenuen Bolivia eta zehazki La Paz UNICEFekin lan egiteko?
Jende asko ez bezala nik “lana” aukeratzeko zortea izan nuen. Bi hiri nituen aukera-gai: Bartzelona eta La Paz. Bartzelonara Erasmus Mundus programarekin joateko aukera nuen. Boliviara berriz Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen lankidetza bekekin joan nintzakeen. Nik Boliviarako norabidea hartu nuen.
Hiri hau unibertsitatean nenbilenetik erakarri ninduen. La Paz 3.660 metrotara dago eta populazioaren gehiengoa indigena da. Gainera, inguruetan El Alto, beste hiri bat dago. Fundatu zenetik bakarrik 30 urte pasa diren arren El Altok dagoeneko milioi bat lagun baino gehiago du eta politikoki aldarrikapen handikoa da.
Unibertsitatean hiri latinoamerikarrak ikasterakoan, hiri gehientsuenak lauki formako hiri-zentroan eliza, erakunde baten eraikina eta agian eskola edo parke bat zutela ikusi genuen. La Paz ordea logika horretatik ihes egiten du. Kaleak kotxeentzako direla erakutsi diguten arren hemen pertsonentzako eta saltzaileentzako ere badirela ikusi daiteke. Halaber, garraiobide publikoak zerikusi gutxi du mendebaldeko antolaketarekin.
La Pazek ezarritako ordenuari eta modernitateari ihes egiten dio. Hemen beste hiri logika bat existitzen da: aimara, ketxua, mestizoa eta beltza. Logika berezi hori ulertu ahala hiria maitatzen ikasten da. Izan ere, desberdintasunak eta pobreziak ez dute derrigor miseriara eramaten. Mundu-ikuskera berezi honetatik ezberdintasunak errespetatuz pertsonak berdinagoak dira.
Zein da zure lana UNICEFen?
UNICEFen egiten dudan lana 2.000 lagun baino gutxiagoko herri sakabanatuetan Ura eta Saneamenduarekin erlazionatua dago. Egitasmoa bost pauso jarraitzen ditu. Hasiera batean herrietan eskaria sortzea bilatzen dugu (udalak edo agintariek proiekturen bat eskatzen dutenean) eta amaieran postinbertsioaren (epe luzera proiektuen jarraipena) bitartez herri sakabanatu horiek Ur Segurua izateko eskubidea bermatzeko helburua dugu.
Zer nolako harrera egiten dizuete lan egiten duzuen komunitateek?
Komunitatera gertutasunez iristen gara eta beraz harrera beroa izaten da. Lan egiten dugun komunitateetan gure papera ez da proiektua exekutatzearena. Lana udalek edo instituzioek kontratatutako GKEek gauzatzen dute. Aurrera eramaten den proiektu orok gainera komunitateekin egin beharko du lan, xede horretarako tokiko liderrekin harremanak bultzatzen ditugu.
NBE eta UNICEFek orokorrean Bolivian eragin positiboa dutela uste ahal duzu?
Jakin badakigu Nazio Batuak gobernuen agendetan eragina dutela, nahiz eta burutzen duten lan horren nondik norakoa zehatz-mehatz ezagutzea zaila den. Horregatik, bulegoan lanean dabilen jendea konprometitua dela ikusteak eragin hori positiboa dela pentsatzera narama.
Hala ere, egunkaria zabaltzen dudanean eta Libian gertatzen ari dena ikusten dudanean, lanean zeinekin nabilen pentsatzera narama. Aurrera eramaten diren proiektuak zeini ekartzen diote onura?
Evo Moralesen gobernua krisialdian dagoela dirudi, egia al da hori? Zein da zure iritzia?
Urte amaiera eta hasiera ez da Evoren gobernuaren epe hoberena izan. Abenduaren 28an gasolinaren prezioa %70 handitzen zuen legea atera zuen kalera. Jarraian azukrearen prezioa %100 handitu zuen, eta duela gutxi narkotrafiko kontuengatik polizi buruetako bat atxilotu zuten AEBetan. Gertakizun horien oihartzuna handia izan da hedabide boliviarretan. Nolanahi ere, krisi politikoaz hitz egitea ez da egokiena.
Hedabideei kasu eginez Evoren ospea %30 inguruan dabil eta badirudi gobernua ondoratzear dagoela. Analisi sakonago bat egin ezkero, Santa Cruzeko zuriek duten indar politiko eta ekonomikoa ikusi daiteke. Klase altu horiek urteetan botere politikoa bereganatu zuten eta atzerritarrei (AEBei bereziki) saldu zizkieten Boliviako baliabideak. Horiexek dira gaur egun gobernuari gerra egiteko hedabideak erabiltzen dituztenak. Gaur prezioen igoeraz eta atzo Evo Morales eta Hugo Chavezen lagun harremanaz murduskatzen dute. Beste batzuetan Santa Cruzen independentziaz jarduten dira. Azken hori CIAren taktika zaharrak segitzen ditu, alegia, herrialdea zatikatu boterean AEBen interesen alde egingo duen buruzagia boliviarrei inposatzeko.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks