Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Peruko kostalde idorra
Atalak: Egunerokoa, Peru
Basamortuko dunak ilunabarrean.
Andeak kontinente oso batean zabaltzen den mendilerroa izateaz gain habitat ezberdinak mugatzeko ahalmena ere badu. Machu Pichuko ohian hezeak atzean utzita kostaldera salto egiterakoan paisaia mututu eta basamortua izatera pasatzen da. Peruko kostaldeak Almeria dakarkit gogora baina hemen distira egiten duten plastikoak ez dira negutegienak zabor poltsarenak baizik.
Gizakiek sortutako hondakinak han-hemenka ikus daitezke autobusaren leihotik. Gasolina errearen eta usteldutako janariaren usainek beroa apenas egiten dute jasangarria. Zorionez Lima bidean zikinkeriari ihes egiten dion oasirik bada. Huacachinako oasia Peruko elitearentzat opor lekua izan zen duela urte batzuk, garai haiek gogoratuz oraindik 50 soleko billeteek oasiaren eta lakuaren argazkia daramate. Garai batean elitearen txokoa izan zena, gaur egun, turismoaren aroan turistek konkistatu dugu.
Huacachinak Saharako Merzougako dunak ekartzen dizkit gogora nolabait. Hori bai, hemen ez daude dromedarioak, hemen boggiak (abentura autoak) dira errege. Natura bizitzeko kontzeptua ez da ekologikoegia eta askotan boggiek bisitarien adrenalina barru barrutik ateratzeko abiada basatiegia darabilte.
Boggiak giltzaperatuak daudenean, gaua partean dunetan oinez paseatzea denbora geldiaraztea bezalakoa da. Eguzkiak eta hareak laranja koloreak batzen dituenean, bat batean argi boteretsu horrek isilpeko ilunabarrari ematen dio txanda dena isilaraziz. Isiltasun horren konpainian nabil lerro hauek idazten.