“Hiritargoaren Iraultzak” teoria polita du
Naroa (Ondarroa) unibertsitatean ezagutu nuen, elkarrekin Administrazio eta Politika Zientziak ikasi genituen. Gogoan dut bere euskalkia lehen aldiz entzun nuenean, estralurtarren hizkuntza iruditu zitzaidala, oraindik ere noizean behin kosta egiten zait ulertzea. Iaz Naroa Eusko Jaurlaritzako beka bati esker, Nazio Batuek Quiton duten Emakumeen zuzendaritzara joan zen lanera. Gabonetan gainera, lagun batzuekin Kubara eskapadatxo bat egin zuen. Sei hilabete luze hauetan bizitako esperientziaz ibili gara berriketan.
– Ameriketara etorri zaren lehen aldia ahal da hau?
Ez. Hirugarrenez gurutzatu dut Atlantikoa. Lehen bidaia Mexikora egin nuen, 19 urterekin, bigarrena orain 3 edo 4 urte Kolonbia eta Venezuela izan nintzen. Oraingoa oso diferente izaten ari da. Aurrekotan udan joan nintzen, opor sasoian, oraingoan bizitzera eta aspertuko esperientzia bizi nahi dut; noiz bueltatu nik erabakiko dut.
– Zergatik aukeratu zenuen Hego Amerika?
Aurretik hemendik bisitatutako lekuek asko erakarri ninduten eta nire arreta bereganatzea lortu zuten bertako bizitasunak eta bizi filosofiak. Horrez gain, hizkuntza ere hor da. Herri baten kultura ezagutzeko orduan asko galtzen da ez baduzu ulertzen osoki esaten dutena. Gaztelania menderatzeak pila bat errazten dut dena. Azkenik, Latinoamerikan politikoki bizi duten egoera ere oso interesantea iruditzen zait.
– Zer nolako inpresioa izan zenuen Quitora iritsitakoan? Eta orain, sei hilabete geroago?
Hasierako irudia eskasa izan zen. Grisa, poluzioa, Europako ohitura txarrak hemen ikusi nituen; zentro komertzialak, eraikin altuak, publizitatea, irudi komertzialak, bozina doinuak, etab. Quiton aurkitutakoa buruan nuen Latinoamerika koloretsuarekin ez zuen zerikusirik. Baina era berean, kale saltzaileak eta Quito inguratzen duten Andeek nire jakin-mina bereganatu zuten. Pichincha ikusi bezain pronto hara joan behar nintzela pentsatu duen. Orain zer? Ba orain jendea eta bizimoduari erreparatzen diot sakonago. Inguruko jendearen planak, jarrera, etxeko bizitza eta ondo pasatzea dira nire xedeak. Hemen jendea berezkoa da, etorkizuna ez dute planifikatua eta itxarotea zer den badakite.
– Nolakoak dira zuretzat ekuatortarrak?
Bakoitza bere etxekoa da. Kostakoak, oihanekoak, mendi aldekoak edo afroekuatortarrak, guztiak desberdinak dira. Euskal Herrian kostan bizi direnez esaten dena errepikatzen da hemen ere; saltseroak, iskanbilatsuak eta arrain saltzaileak garela.
– Zein da emakume ekuatortarren egoera?
Ba munduko beste leku askotan bezala, emakumea bigarren mailako herritarra eta erdi subjektua da. Noski, bazterketak ez dira bakarrik etortzen eta hemen ere pobreziak eta etniak diskriminazioarekin bat datozen aldagaiak dira. Ikusten dudanaren arabera kultura ezberdinetan maskulinitatea eta feminitatea existitu arren, leku bakoitzean ezberdin gauzatzen dira. Esaterako, hasiera batean hemengo indarkeri kasuetan ikusi daitekeena zera da, hiru emakumetik batek jasaten duela. Datu bortitzak dira horiek dudarik gabe. Datuek matxismoa agerian uzten dute.
Gizonei dagokionean, hemengoak euskaldunekin konparatuta hainbat ezberdintasun ikusi daitezke. Euskal gizonak ez dira batere emozionalak, sentimenduak ez dituzte azaleratzen. Ekuadorren ordea, nahiz eta aipatu dudan biolentzia existitu, gizonak sentimentalagoak dira eta arreta gehiago ipintzen diote emakumeak pentsatzen dutenari.
– Zein eginkizun eta helburu ditu Nazio Batuen Emakumeen bulegoak Ekuadorren?
Beno, pixka bat orokortuz, Nazio Batuek, eskubideen inguruan nazioartean hartutako erabakiak estatu ezberdinei gauzatzen laguntzeko eginkizuna dute. Horretarako NBEak diru-laguntzak eta laguntza teknikoa ditu prest. Honela bada, gure kasuan, emakumeen eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren eraldaketetan laguntzen dugu. Noski, zentzu zabalean. Hau da, eskubide horiek gauzatzeko beharrezkoa da emakume mugimendu indartsuak existitzea, beraz gure lana mugimendu horietara zuzentzen da.
– Rafael Correa presidentziara iritsi denetik Ekuadorrek eraldaketa prozesu batean sartua dagoela dirudi. Zer da zuk, atzerritar gisa, ikusten duzuna?
Galdera potoloa da hori. “Hiritargoaren Iraultza” deitu zaionari teoria polita du. Marko juridiko legalean eman diren aldaketak benetan eraldatzaileak (konstituzioan eta batez ere “Buen Vivir” planaren sustapena) izan direla pentsatzen dut. Baina hori bai, hori zelan ari den bideratzen Correak beste kontu bat da. Eraldaketa horiek gauzatzeko bidea autoritarioa eta bertikala iruditzen zait. Adibidez, “Buen Vivir” egitasmoaren helburuak kultur aniztasuna eta berdintasuna bezalako ideiak daramatza bere teorian, baina bizimodu ezberdinen arteko uztarketa ezin daiteke inposaketa bidez eraiki eta hori da hemen gertatzen ari dena.
– Gabonetan erreforma prozesuan buru belarri dagoen Kuban izan zinen, zer da han topatu duzuna?
Inperfekzioez beterik dagoen paradisua. Egia da Kuban alde batetik bizitza gogorra izan daitekeela, esaterako burokraziak tramiteak amaigabeak bihur ditzake eta hori oso gogaigarria da. Baina bestalde, leku ederra da hangoa. Euren kultura (musika, dantza, zalutasuna eta alaitasuna) baina batez ere momentuan bizitzeko gaitasunak leku bakarra bihurtzen dute Kuba. Sistema sozioekonomikoak ematen dizkien bermeak (etxebizitza eta jatekoa) bizitzan segurtasuna ematen die, ez du zertan ingelesa, frantsesa ala txinera ikasi behar lan munduan lekua egiteko, hizkuntza horiek ikasteko erabakia gogoen araberakoa izango baita.
– Zerk bereganatu du gehien zure arreta Kuban?
Gauza piloa. Alde batetik, Quitotik etorrita, kalean eskaleak edo kalean bizi diren pertsonak ez ikustea izugarria da. Bestetik, oso interesgarria da ikustea Kuban espazio publiko eta pribatuaren arteko diferentzia ez dela oso handia. Kaleak ez dira merkatal guneak, ez dago denda edo iragarkirik. Kalea egoteko espazioa da, ez da erakusleiho bat, baizik eta handik hona ibiltzeko eta jendearekin harremantzako leku bat. Azken batean kalea etxeko espazioaren luzapena da, alegia ateak ixten ez dituen guztion etxea.
ai ama iker! asmazu! asmazu ixe dana. honek ze pentza handixe emotezta e… ordun ondarrutar berba etxen dotenin, tutik be ez dostazu ulertzen, ez? Nazio batuen eginkizune… emakumin zatixe… nik ez dot hori esan!!!! jejej
OK Naro, mea culpa, holako gauzak pasatzen dia elkarrizketak buruz buru ez egiteagatik! Hona hemen galdera horri ematen zenion erantzuna:
“Beno, gainetik eta neure berbakin azaldute, Nazio Batuen funtzinoi internazionalki eskubidin ingurun hartutako erabakixak estatu ezberdinai gauzatzen laguntzi de, asistentzixa tekniku eta dirulanguntzen bidez. Ordun, gure kasun, emakumin eskubidik gauzatzeko bir dizen eraldaketetan laguntzi de. Baine zentzu zabalin. Hau da, eskubide horren gauzapena emoteko emakume mugimendu indartsu eon birde bebai ordun honei be laguntzen, estatu eta emakume mugimendun arteko zubixak eraikitzen etab.”