Euskaldunak Uruguain
Irigoyen sendiak begikotasunez hartu nau beti, eta, batez ere, Carolinak, alaba txikiak. Bidai honen hasieran beso zabalekin egin zidaten harrera Montevideon. Hori gutxi ez balitz Punta del Esten ere itxaron naute pedalei etenaldi bat emateko. Horrela gainera, Hego Ameriketako inguru honetan oso modan dagoen hiria berrezagutzeko aukera izan dut.
Itsasotik metro eskas batzuetara, Rocotecos izeneko etxearen atzealdean ibili gara solasean Alberto Irigoyen Artetxe eta ni. Alberto estantzia (etxalde) batean lan egiteaz gain, euskal diaspora kontuetan espezializatutako historialaria da. Ikerketa liburuez aparte bi nobela historiko ere baditu argitaratuak. Hau da matea hartzen genuen bitartean elkarrizketatik ateratakoa:
Noiz piztu zitzaizun zure euskal jatorrienganako jakin mina?
Betidanik izan dut. Txikiak ginenean gure aitona Pedro Artetxe bilbotarrak Euskal Herria maitatzen erakutsi zigun. Bera 1906ean iritsi zen Uruguai aldera. Gerra Zibila eta gero Eusko Jaurlaritzak erbeste uruguaitarrean zuen ordezkari bihurtu zen.
Zure lehen abizena Irigoyen da. Nondik etorri ziren irigoyendarrak?
Ikertu dudanaren arabera Donibane Garazitik etorri omen zen nire birraiton baten abizena da.
Noiz hasi ziren euskaldunak Uruguaira emigratzen?
Betidanik egin dute, Espainiako kolonia bihurtu zenetik. Nolanahi ere, migrazio uholdea 1836. urtean hasi zen. Uruguaira euskaldunak immigratzeko erabakia politikoa izan zen. 1836. urtean Uruguai independentzia eskuratu berria zuen eta eskulanaren premia handia zuen. Honela, gobernuak hasiera batean behar hori asetzeko jatorri alemaneko langileetan pentsatu zuen, baina alemanak katolikoak ez zirenez aukera hori baztertu egin zuten. Azkenean euskaldunetan pentsatzen hasi ziren. Garai haietan euskaldunak langile onen fama zuten eta katoliko zuriak ziren gainera. Baina arazo txiki bat zegoen. Garai haietan Uruguai eta Espainiaren arteko harremanak etenak zeuden Uruguairen independentzia zela eta. Montevideoko gobernuak orduan espainiar pasaportea ez zuten euskaldunetan pentsatu zuen, alegia, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoko lurraldeetako pertsonetan. Uruguaiko Errepublikak immigrazioa bultzatzeko bulego bat ezarri zuen Baionan. Hurrengo urteetan milaka euskaldun Uruguaira joan ziren lanera.
<strong&
Aupa Iker, oso interesgarria posta. Entzuna nuen euskaldunen berri, baina ez nekien historia zehatza. Zorte on bidaian!!
Milesker Josu!
Lagun baten dokumentalaren aurrerapena 😉
http://vimeo.com/15480415