Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
“Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak herri berekoak direla Argentinako deserrian konturatu ziren”
Atalak: Argentina, Diaspora, Historia, Lagunak, Uruguai
Mikel Ezkerro historialaria Argentinako euskal kolektibitateko kide ezagunetako bat da. Duela urte batzuk Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxean eman zuen hitzaldi batean ezagutu genuen elkar. Bere hitz-jarioa, grina eta Argentina eta Euskal Herriko historiaren jakintzak txunditu ninduten. Ordutik, aukera dudan bakoitzean berarekin kafe bat hartu eta solasean ibiltzen gara.
Mikel Ezkerro Guk dokumentalaren momentu batean (argazkia: www.guknosotros.com).
Gaur Buenos Airesko Primera Junta plazaren ondoan dagoen kafetegi batean geratu gara. Mikel etorri bitartean, leihotik usoz betetako plaza zelatatzen nabil. Han azal beltzareneko lauzpabost urteko mutiko bat hanka-hutsik, usoen atsedena zapuzten dabil irribarretsu. Haur horren duintasun eta poz berberarekin eutsi diogu solasaldiari.
Nola definituko zenuke Argentinako euskal diaspora?
Talde etniko ezberdinak biltzen dituen gizatalde heterogeneo bat da. Ez dezagun ahaztu, Argentina, AEBak bezala, estatu plurietniko bat dela. Gure nortasun euskaldunari dagokionean, Ipar Euskal Herritik 1914 arte, eta Hego Euskal Herritik 1950 arte, izan ziren emigrazio fenomenoen batuketa da.
Argentinako euskal gizatalde hori zenbat lagunek osatzen dute?
Nire ustez, Argentinako 40 milioi biztanleetatik %9ak ditu euskal jatorriak. Portzentaje hori hiru multzotan sailkatu dezakegu: batetik bere jatorria ezagutzen ez duten pertsonak ditugu, bestetik bere jatorria ezagutu arren garrantzirik ematen ez diotenak eta azkenik, modu batera edo bestera euskal nortasuna bizi eta zabaltzen dutenak.
Zein diasporatik ikasi beharko luke Argentinako euskal kolektibitateak?
Armeniarretik. Hemen Argentinan, beraien hizkuntza mantentzen jakin duten gizataldeetako bat dira (guk ere lan handia egin dugu hizkuntza mailan), horrezgain belaunaldi berriei euren kultura, historia eta geografia irakatsi diete. Gure kolektibitatean askotan ez dakigu Euskal Herria non geratzen den ere. Horregatik eta niregatik izango balitz, euskal etxe guztien paretetan Euskal Herriko mapa bat egon beharko litzateke.
Zer beharko luke hortaz Argentinako euskal diasporak bere funtzionamendua hobetzeko?
Hiru oinarri funtsezko proposatuko nituzke: lehena, argentinarrek soberan dugun sentimendua; bigarrena, euskal kulturan formakuntza (historia eta politika); eta hirugarrena, informazioa eta jakintza. Gakoa beraz, jendea euskal munduarekin konprometitzean datza.
Zein da emakumeen papera Argentinako euskal kolektibitatean?
Emakumeak Argentinako euskal diasporaren erreserba nagusia dira. Euskal etxeen ekintzetan emakumeen parte hartzea gizonena baino handiago da. Euskara irakasleen kasuan gainera, gehienak emakumeak dira. Lorpen hori Euskaltzaleak (Euskal Herritik kanpo euskalduntzeko sortu zen lehendabiziko erakundea) eginiko lan apartari zor diogu.
Euskal Herria kalea Punta del Esten, Uruguain (argazkia: Iker Blas).
Argentinan euskaldunek normalean ez dugu azaldu behar nortzuk garen baina nola ikusten gaituzte?
Argentinarrentzat Euskal Herria ulertzen ez duten herri bat da, gehiegitan separatismoarekin erlazionatzen dutelako. Baina gu ez gara separatistak, guk Euskal Herriaren batasuna nahi dugu. Euskal Herrian ez duzue historiaren pasarte hau ondo ezagutzen baina Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak herri berekoak direla Argentinako deserrian konturatu ziren. Aipatzen dudanaren adibidea da, Rosarion 1912an sortu zen Zazpirak Bat euskal etxea.
Zergatik uste duzu Euskal Herriko euskaldunek eta Argentinako euskaldunek elkar ezagutzen ez dutela?
Frankismoaren garaian (1939-1975) apenas harremanik izan ez genuelako. Amerika oso urruti zegoen bai geografiko eta bai mentalki. Gaur egun, nahiz eta teknologi berriak eskura izan, ez da elkar ezagutza hori ematen estrategia politiko komunik ez dugulako, eta batez ere, estatu independenterik ez dugulako.
Ezjakintasun horregatik agian, Euskal Herrian modu negatiboan, euskal diaspora folklorikoegia dela pentsatu izan dugu. Zergatik da hain garrantzitsua folklorea euskal diasporarentzat?
Folklorea nortasunaren espresio mota bat da, dantzariek soinean beti eraman dute ikurrina. Iraganean eta orainean. Azken batean, folklorea helburu handiago bat lortzeko tresna eta bitarteko bat izan beharko luke. Zoritxarrez, askotan folklorea helburua beran bilakatzen da eta ez dugu aurrera egiten.
Zein da Argentinako euskaldunen harremana munduko beste euskal kolektibitateekin?
Ez dago harremanik, ez da existitzen. Pentsa, Uruguai hemen aurrean dago eta beraiekin ez dugu kontakturik. Bestalde, hor dago lau urtean behin ospatzen den Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarra. Kongresu horretan mundu osoko euskal gizataldeak elkartzen dira baina zertarako balio du? Argazkia ateratzeko bakarrik. Hemen ere, estrategia baten gabezia agerian geratzen da.
Estrategiaz ari garela, nola baloratuko zenuke euskal erakundeen lana diasporan?
Egin duten gauza positiboena euskararen garapen eta zabalkundeari dagokio. HABEren diru-laguntzek eta FEVAren koordinazioak herri honetan euskararen presentzia mantendu eta bultzatu dute. Hortik kanpo, euskal erakundeen lana oso partidista iruditzen zait eta kontuz ez nahastu partidismoa politika egitearekin. Estrategia politiko bat beharrezkoa dugu eta hori diseinatzeko euskal diasporak eta erakundeek elkarrekin egin beharko lukete lan.
FEVAko (Argentinako euskal etxeen federazioa) webgunearen azala.
Eta nola baloratuko zenuke Patxi López lehendakariaren agintaldia?
Patxi López lehendakariaren gobernuak diru laguntza guztiak mantendu zituen eta hori positiboa izan zen. Hala ere, ez zen Argentinara etorri eta bere ordezkaria, Elvira Cortajarena, Euskal Herria Espainiako eskualde turistiko bat bezala saltzen saiatu zen. Azken batean, Eusko Jaurlaritzak Buenos Airesen duen ordezkaritzak betidanik negozioei bakarrik eman die lehentasuna.
Aipatu dituzun ideia guztiak laburbiltze aldera, zein da Argentinako euskal kolektibitatearen etorkizuna?
Zuri-beltza da. Optimista samarra nahiz euskararen alorrean egindako lanarekin. Baina hortik kanpo dagoen panoramari begiratuta, etorkizuna etsigarria da. Ezjakintasun handia dago gure komunitatean. Zentzu honetan, euskal etxeek gizarte argentinarrari zabaldu behar dizkiote beren ateak, ezin bait dute ahaztu non dauden kokatuak.
Euskal Herrira mugituz, nola bizi du Mikel Ezkerrok zabaldu den aro politiko berria?
Poztasunarekin. Aurrera pauso handiak eman dira. Adibidez, ETAk bere hitza bete du jarduera armatua bertan behera utzita. Gainera, Ezker Abertzalearen barruan, Arnaldo Otegik irudikatzen duen bide estrategikoa gailendu da. Horri esker, oso larriak ziren zenbait dikotomia gainditu dira, esate baterako Aralar eta Ezker Abertzale tradizionalaren arteko ezin ikusia.
EAJak aspalditik defendatu du Euskal Herria osatzen duten hiru errealitate administratiboek estatu eraikuntzan erritmo ezberdinak segi behar dituztela. Gaur egun, badirudi Ezker Abertzalean ere teoria hori nagusitu dela. Zentzu horretan, zer pentsatzen du Mikel Ezkerrok Euskal Herri independente hipotetiko bat hiru probintziek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) osatua egongo balitz?
Nik ez ditut gauzak modu absolutuan ikusten, alegia, den-dena ala ezer ere ez. Ni ez nago ados Gernikako Estatutua bidearen azken helmuga dela pentsatzearekin, baina zer da hobea? Euskara estatu batean ofizial izatea edo autonomi erkidego batean? Begira judutarren eta hebreeraren kasua. Hizkuntzaren berreskurapenerako estatu propio baten sorkuntza klabea izan zen haientzat. Nire ustez, euskararen eta euskal nortasunaren biziraupena estatu propio batetik pasatzen dira.