Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Kale-txakurrak
Atalak: Argentina, Egunerokoa
1980. hamarkadan Euskal Herriko kale-paisaiaren parte ziren kale-txakurrak. Ikastolatik etxerako bidean behin baino gehiagotan egiten zidaten konpainia. Nire desilusiorako eta amaren lasaitasunerako ez zuten etxeko portalaren muga sekula igarotzen.
José C. Paz (Buenos Airesko probintzia) herriko tren geltokia.
Amoñaren Florida auzora, Hernaniko Primo de Riveraren etxe-blokeetara joaten nintzenean, aitona eta amona bankuan eserita kontu-kontari topatzen nituen. Haien ondoan logale arpegiarekin chihuahua arrastoak zituen txakur potxolo txiki bat egoten zen beti. Amonak txakur hori-beltz horri maitekiro bandido esaten zion. Hezurrak prest zituenean amonak Bandido, haur gaizto bat balitz bezala, erdi errieta tonuan deitzen zuen. Auzo-txakurra ezerezetik segituan azaltzen zen saltoka eta irribarretsu.
Hernaniko kale-txakurrak, horien artean Bandido, denborarekin oharkabean desagertu ziren bezala, aitona eta amona eta bere auzoan bizi ziren beste bikote edadetuak ere pixkanaka eta isilik belaunaldi berriek ordezkatu zituzten.
Buenos Aireseko Constitución tren geltokia (argazkia: David Fernández/Clarín).
Argentinan aldiz kale-txakurrak oraindik ere paisaiaren osagai garrantzitsu bat dira. Parkeetan etzanda edota etxeetako portalak zelatatzen: hiriko txoko askotan antzematen da txakur usaina. Buenos Aires hiriburuan esaterako 100.000 txakur bizi omen dira kalean. Txakur gainpopulazioak osasun arazoak sor ditzake batzuetan baina baita ere, noizean behin, istorio bitxiren bat edo beste. Horregatik, Rosarion, Argentinako hirugarren hiri handienean, bi errealitate horien artean oreka mantentzeko esterilizazio egitasmo bat jarri zuten abian orain urte batzuk. Helburua kalean bizi diren txakurrak hil gabe haien ugalketa kontrolatzea da. Modu horretan, Euskal Herrian gertatu ez bezala, badirudi datozen urteetan ere Argentinako kaleetako zaindariak txakurrak izango direla.