Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Bioeraikuntza: gizakien eta haien inguruarekin bat datorren arkitektura eta eraikuntza kontzeptu bat da
Atalak: Argentina, Lagunak
Marco Aresta (Lisboa, Portugal, 1982) arkitektoa eta artista plastikoa da. Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) irakaslea da eta Diseinu Bioklimatikoetan ikerlari zuzendaria da. Argentinako hiriburutik urrun bizi da ordea, El Hoyo, Patagoniako Chubut probintzian. Han arkitektura biologikoari buruz argitaratu berri duen liburu berria aitzaki hartuta solasaldi txiki bat izango dugu eskualde horretan lantzen den eraikuntza metodo horri buruz.
Aresta-Vilalta sendia (eskuinean Marco Aresta) El Hoyo, Chubut (Argentina).
Zergatik interesatu izan zaizu betidanik arkitektura?
Gizakiaren oinarrizko beharretako bati, alegia, etxebizitza beharrari erantzuna ematen dion jakintza delako. Gainera, bizi garen espazioetan lan egiteko aukera ematen digulako.
Zer da arkitektura biologikoa?
Gizakien eta haien inguruarekin bat datorren arkitektura eta eraikuntza kontzeptu bat da. Arkitektura biologikoak lau oinarri biltzen ditu:
Bioeraikuntzan pentsatzen dudanean, landa eremuetan pentsatzen dut. Zentzu horretan, posiblea ahal da arkitektura mota hori hirietara aplikatzea?
Noski baietz. Dentsitate handiko giza guneetan espazialidadea eskala handian pentsatu beharra dago, beti ere, erosotasuna eta osasungarritasuna ahaztu gabe.
Hortaz, eraikin handiak eraiki daitezke?
Bai noski. Eraikin handiak ez ezik, hiri handiak eraiki daitezke ere. Adibidez Yemengo Xibam hirian 10.000 lagun inguru bizi dira. Horrez gain, munduko populazioaren heren bat adobez egindako etxeetan bizi da. Hiri industrializatuek aldiz mende bakarra daramate material industrialekin etxeak egiten. Gizateriaren gehiengoa beraz material naturalekin egindako etxeetan bizi da.
Zergatik planteatu eraikuntza industrialari alternatiba bat?
Eraikuntza mota horrek erabiltzen dituen materialak oso kutsakorrak izan ohi dira naturarentzat eta gizakiarentzat. Material horien ekoizpen prozesuak hondakin andana sortzen dute, naturan inpaktu handia sortuz.
Horrez gain, erabiltzen diren materialak urrundik ekartzen dira. Garraiatze horrek kutsadura sortzeaz gain, tokiko ekonomia deuseztapena ekar dezake gainera.
Zein material erabiltzen dira hortaz bio eraikuntzan?
Naturan, inguruan aurkitzen diren materialak: lurra, hondarra, harriak, egurra, fibrak, etab.
Gizarteen hazkunde azkarra ikusita posible al da bio eraikuntzarekin etxebizitzak azkar eraikitzea?
Noski baietz. Baina gaur egun dena azkar egiteko eta kontsumitzeko proposatzen diren denborak berrikusi beharko liratekela uste dut. Etxe bat eraikitzeko prozesuari lasaitasunez heldu behar zaio, ardura eta kontzientziarekin, prozesuaren ibilbideari beharrezkoa duen hausnarketa ariketa eskaini behar zaio. Iraganean hala egiten ziren etxeak eta zorionez gaur egun bada oraindik hori egiten duenik.
Iaz, Hernani eta Astigarraga mugan bizi diren erromiei ikastaro bat eman zenien. Nolakoak izan ziren ikastaro hartan eman zenituen bi aste horiek?
Azken bost urteetan zuzendu dudan proiektu hoberenetakoa izan da. Giza komunitate jakin bati zuzendutakoa izan zelako; erromiak, eta lanean bi udal inplikatu zirelako; Astigarragako eta Hernaniko udalak.
Bi helburu lortu ziren proiektu honekin, batetik, etxebizitzen kondizioak eta egoera hobeagotzea, eta bestetik, agerian uztea, lankidetza eta elkarlanarekin etxebizitza duin bat eraikitzea bezalako helburu handi bat gauzatu daitekeela.
Adobez egindako etxe bat Argentinako Patagonian (argazkia: www.ecohacer.com).
Zeintzuk dira bertan bizi diren pertsonen kezkak eta beharrak?
Behar nagusia gizarteratzea da. Halaber, bertan bizi diren pertsonak komunitate bat bezala onartuak izan nahi dute, alegia, inguruko gaietan eta bizitzan txertatua dagoen komunitate bat.
Posible ahal da bio eraikuntzan oinarritutako etxebizitza sozialak egitea?
Konstituzio askok etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzen dute paperan eta teorian. Abagune hori aprobetxatzea besterik ez dago, inguruko baliabideak aztertuz, etxebizitza sozial programa zehatzak eta eraginkorrak diseinatzeko.
Adibidez, El Hoyon “modulu organikoa” (familia batentzako 70 metro karratuko etxebizitza) esaten diogun proiektu pilotua jarri dugu martxan Udalarekin eta probintziako Gobernuarekin elkarlanean. Etxebizitza sozial egitasmo honetan, familien beharrak identifikatu eta kontutan hartzeaz gain, 6 hilabetez 40 pertsona ingururi prototipoen eraikuntzaren bitartez formakuntza ematen zaie.
Zergatik aukeratu zenuen Argentina bizileku gisa?
Ikastera etorri ginen Argentinara eta bizitzak lan eskaintzak oparitzen hasi zitzaigun.
Bio eraikuntzaren kontu guzti hau ez al da moda huts batean geratuko?
Gu guztion onerako, moda hutsaren kontua arkitektura industrial kutsatzailearena izatea espero dut.
Zein da argitaratu berri duzun liburuaren helburu nagusia?
Jardun profesional hau jakitera ematea (difusioa) batetik, eta bestetik, auto eraikuntzan jarduten direnei diseinu eta eraikuntza diseinu inguruko kontuetan lan ildo batzuen bitartez laguntzea.
MARCO ARESTA
“Arquitectura Biológica”
Diseño Editorial
2014