Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Uruguai-Chuy-Brasil
Atalak: Brasil, Egunerokoa, Uruguai
Brasilera ongi etorria ematen duen errotulua.
Bizikletan nire azken geltokia izango denera iritsi naiz, Uruguai eta Brasilen arteko mugara. Honaino egin ditudan kilometroak 300 baino gehiago izan diren arren, helmugan nire burua erabat nahastua eta galdua dago. Estatuen puzzle eta mapa legeen arabera Uruguaiko Chuy herriak Brasilgo Chui herriarekin egiten du muga. Biak ere ahoskatuta izen bera dute, beraz herri bera direla pentsatzea ez da arraroa, eta halaxe gertatzen da, Chuyra iritsitakoan oso zaila da igertzea herriaren zein zatitan zauden, brasildarrean ala uruguaitarrean. Dendetako afixak edonon gazteleraz edo portugesez topa daitezke. Horrez gain, bi estatuen aduanak herritik kanpo daude, alegia, gizakiek marraztutako muga artifizialen gainetik dago Chuy. Muga gabeko herriaren utopia egi bilakatzen den lurraldeak niri buruhauste xelebreak ekarri dizkit ordea, ez bainekien nora demontrera jo pasaporte tramiteak egiteko.
Azkenean ulertu dut. Herriaren hegoaldean Uruguaiko aduana dago, bertan irteerako tramiteak egin eta gero iparralderantz jo eta herria bere osotasunean zeharkatu ondoren Brasileko aduanan sarrerako tramiteak egin behar dira. Telefonoz nire anaiari aldrebeskeria hori guztia kontatzen nengoela, berak horrelako herriei “zonalde libreak” deitzen zaiela esan dit. Noski, libreak zergei dagokienean. Azken batean, Chuyk portu franko baten funtzionamendua du; horregatik herria dendaz eta supermerkatuz beteta dago, pasaporte atzerritarrak dituzten pertsonek euren dirua bertan xahutzeko.
Herrian bizikleta gainean azken metroak egin ditut eta autobusari txanda emateko prestatu naiz. Hemendik aurrera bidaiak abiada azkarragoa hartuko du eta Brasileraino eramango nau.