Iker Blas
Hernani, 1983. Portugal, Andaluzia, Errumania eta Argentina bezalako lekuetan bizi ondoren, Asiara egin dut salto eta orain Bisayaten (Filipinetan) bizi naiz. Blog honetan urruneko irla haien kontuak topatuko dituzu
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iker Blas(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Imanol(e)k Zergatik ez da Filipinetan gaztelera hitz egiten? bidalketan
- Iker Blas(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- A. Aranburu(e)k Coca Colari boikota azukrearen lurraldean bidalketan
- Iker Blas(e)k Filipinetatik blog berria bidalketan
Israeldarrekin autobusean
Atalak: Brasil, Egunerokoa
Rio de Janeiroranzko autobusa.
Rio de Janeiro bidean goazela gure atzean ozen hitz egiten, nongoak diren erakutsi nahiean edo, berriketa bizian neska-mutil koadrila bat dago. Urteak bidaiatzen daramazkidan arren, onartu beharra dut batzuetan zaila zaidala aurriritziak albo batera uztea. Gaurkoa egun horietariko bat dela konturatu naiz. Artaldean bidaiatzeak ematen duen segurtasunarekin pasaporte israeldarrak eskuan arro daramatzate motxilero lagun taldea.
Nongoak diren jakitea erraza izan da, hebreera entzutera ohitua ez egon arren, Oi va voi musika taldearen kantu batzuetan izan ezik. Gazte israeldar hauek janzkera mendebaldartarra dute, hain zuzen ere, euskaldun askok darabilten medi-arropa marka garestiak, baina ahotan darabiltzan hizkuntza ez da mendebaldar herriena.
Egia da ezagutzen ez ditudan pertsonak direla horiek baina euren estatuak sorrarazten didan amorrua baretu ezinean nabil. Buruari eragiten, euren estatuak egiten dituen basakeriez zein iritzi izango ote duten jakinmina piztu zait. Beraiekin solasean aritzeko horrelako gaiez hitz egitea modu egokiena ez dela pentsatu dut, orduan sakon arnasa hartu eta lasaitzen saiatu naiz. Burua bare eta tente. Pertsonak estatuen gainetik daude eta ez diuzte estatu horiek egiten dituzten basakerien zama gainean eraman behar. Pentsatzen jarri naiz eta israeldarrak eta judutarrak baita ere pertsonak direla ondorioztatu dut. Halaxe da. Nolanahi ere, eta soilik bada ezpada, autobuseko komunean burutik kendu ezin dudan mezua idatzi dut: FREE GAZA & PALESTINE!
Argentinan bizitako Gonzalo lagunari eguneko “balentria” kontatzen ari nitzaiola, berak pixka bat sakonago azaldu dit zergatik egiten dituzten israeldar gazteek artaldean bidai horiek Hego Amerikara. Dirudienez, soldadutza egin eta gero “aberriaren alde” egindako lanaren truke familiak bigarren lur promestua deskubritzeko bidaia oparitzen die. Lur promestuaren kontuari zentzua hartu diot Theodor Herzlek, sionismoaren fundatzaileak, Israelgo estatua eraikitzeko Argentinan lurrak erosteko 1882. urteko proposamenaz oroitu naizenean. Litekeena da hori pasadizo historiko bat baino ez izatea. Edonola ere, gazte israeldar askorentzat Hego Amerikara bidaiatzeak distira berezia duela dirudi.