Museoak bere bakardadean

Imanol Epelde
0

Udan kanpoan izan naizenean parean tokatzen zitzaizkidan ia museo guztiak jan ditut. Eta etxera itzultzean herriko museoek pena eman didate hain bakarrik ikusita. Kanpora joan eta esaten badigute VIII. mendeko aztarnak bilatu dituztela inguruan eta museo batean daudela aurkikuntzak, edo gehiago, orain dela 10.000 urteko aztarnak dituen haitzulo bat dagoela, seguruenera ikustera joango garela. Eta herrian horrelakoak edo gehiago ditugunean (Parrokiako aztarnak edo Altxerri, Ekain, Amaldako haitzuloa esaterako) ez gara azaldu ere egiten. Ni ere gutxi, baina, azaltzen banaiz ez da pena ematen didatelako, ez, interesgarriak direlako oso baizik.

Esaterako, Photomuseumen paretik pasatzean beti sentitzen dut kuriositatea “oraingoan zer ezkutatzen ote du eraikin luuxe horrek pentsatuz”. Garestia da sarrera: 6 euro. Onena bonoa erostea (30 euro) eta 12 sarreren truk. Hala ere garesti, baina ordaintzeko modukoa. Hiru solairutan argazkigintzaren historia egiten da (erakusketa egonkorra esango genukeena) eta behekoan hilean behin edo aldatzen dute erakusketa.

Oraingoan euskal prentsan XX. mendean agertu diren argazkiak bildu dituzte. Irudi eta oroitzapen ugari dakarzkiten argazkiak. Makina bat guardia zibil eta polizia nazional ageri dira protestak jipoitzen, herri ohitura ugari daude bilduta, eta zenbait kuriositate ere bai. Ikusteko modukoa da, nahiz eta goiko hiru solairuak ikusita dituenarentzat hainbeste ordaintzea demasa izan erakusketa aldakorra soilik ikusteko.

Jende gehiago bertaratuz gero, merkatuko lukete?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA