Igande goiza. Aspaldiko partez buruko minduta jaiki naiz. Atzo koadrilen eguna zen Zarautzen. Egunean zehar MusikHerriako batzar nagusia izan genuen Etxarri Aranatzen, amets utopikoetan sinisten dugun 30 musika talderen proiektuak aurrera egin dezan. Gure aurtengo erronkak izango dira: gure diskoen banaketa sistema finkatu eta indartzea, zorrik ez izatetik diru koltxoia lortzera pasatzea, webgunea berritzea eta musika askearen inguruko topaketa antolatzea. Besteak beste.
Gero iritsi nintzen Zarautza. Koadrilakoekin elkartu eta Ximut tabernara joan ginen. Han Errealak partidua nola galtzen zuen ikusi genuen. Ondoren, euskal musika asko jartzen dutelako behin Mikel Markezen laudorioak jaso zituen Kukaña tabernara joan ginen. Eta han Vilarreal-Bartzelona partidua ikusi genuen. Ze taberna txikia da eta lehen telebista pantaila erraldoi bat eta beste telebista bat baldin bazuen orain beste telebista bat gehitu diote. “Zenbat eta telebista gehiago orduan eta gizarte tontoagoa” entzun nion Bernardo Atxagari eta Getariako Gaztetape hondartzan karramarro inteligenteak tontotu eta azpiratzeko telebistak jarri zituztela Pako Aristiri. Deprimitu egin ninduen hainbesteko telebista emanak eta nik desesperaturik ron botila bat eskatu nuen eta tontotzeraino (gaur buruko mina izateraino) edan nuen tontoen herriaz disfrutatzeko.