Gorroto puntuz idatziko dut gaurkoan, g puntuaz. Jendea eta norgehiagoka gorrotatzera heldu naizelako bertso txapelketekin. Nire bertso abilidade eskasiak izango du zerikusirik horretan baina injustizia asko ere egin direla, egiten direla eta egin zaizkidala ere esatera ausartzen naiz.
Eskolartekoetatik (ia 14 urteetatik) hasi ginen txapelketan. Eta orduan guk bezain gaizki kantatzen zuten neskei ustez ematen zitzaien aldeko laguntzak erresumintzen gintuen. Gu ez ginelako finalera iristen eta hura bai.
Kontua da orduz geroko txapelketa askotan izan dudala sentsazio bera eta sentitu dudala sentsazio bera besteengan. Baina egiten dela isiltasun sepulkrala kexu horiekin.
Ni badira 8 urte ez naizela Gipuzkoako Txapelketara aurkezten. Nire su apalduak auspotzen ditu -txapelketa denetan bezala- injustiziak jarraitzen duela sentitzeak. Txapelketa honetako saio batean bertsolari bat entzun nuen beste bertsolari bat haserre zegoela esanez. “Ze bere buruarekin?” galdetu nion. “Ez epaimahaikoekin” esan zidan. Ez zuelako merezi aurreneko sailkatuarengatik 30 puntura gelditzea, ez hirugarren gelditzea ere. Arrebak ere suminduta hitz egin zidan Getariako saiora joan eta injustizia galanta egin zela esanez 2 bertsolari gazte zarauztar zigortuz, eta ezer kantatu ez zuen bat lehen postura jasoaz…
Okerrena da bertsolari artean badela laguntasun axalekoa, elkar zapaltzen ibili ondoan saltzen den laguntasuna. Bertsolarien artean zabaltzen den mezua da “bueno ea zer egiten dugun, aurrera pasaz gero ondo, bestela zer egingo zaio”, ikasle garaitako azterketetan bezala. Inork ez zuen ezer ikasten baina gero gutxi batzuk suspenditzen zuten. Eta hemen ere gutxi batzuk pasatzen dira aurrera eta atzean geratzen besteak. Izorrai!
Zoazen saiora zoazela beti dago gorrotozko g puntua sortzen dizun epaien bat. Esango nuke edo iruditu zitzaidan txapeldunordea merezimenduz geratu zela txapeldunorde Euskal Herriko Txapelketan, txapelduna merezimenduz geratu zen bezala. Baina ez dut uste bi poto eginda finalera pasatzea merezi izan zuenik gerora txapeldunorde izango zenak.
Egia da egundoko jende mordoa biltzen duela txapelketak eta hori ere behar duela bertsoak, euskarak. Baina ni ez noa. Nik ez dut gezur horren lekuko izan nahi. Maite dudan lagun bat dut bertan kantuan (ze galdu ere, galdu ditut lagunak txapelketetan). Eta huraxe entzutera joango naiz. Eta finalera ere bai, akontezimendu handia delako. Finala entzun eta epaia jaso baino lehen alde egingo dudan arren. Eta saiatuko naiz 3 egunetan emaitzaren berririk ez izaten, igandeko g puntua bestelako g bihur ez dakidan.
1 Iruzkin
Umm, nik ere aspaldian badiat horren sentsaziorik. Askotan bertsoak belarritik sartu ordez begitik-izenetik sartzen direla diruditek. Zeinek gona motzagoa eraman orduan eta puntuazio altuagoa.
Dena den, suposatzen da, epaileak euren irizpideak bateratzeko lanean iharduten dutela, eta saio bakoitzean epaile taldea dagoela eta ez epaile bat. Entzule ikuspegitik askotan zail egiten da, kantaera, gure begikotasun eta duen txispa-graziatik abstraitu eta bertsoak berak epaitzea.
Bertsoak bertsoka epaitzen dira, zaila izanik saio osoko balorazioa asmatzen.