Euriak busti du urria.
Nola gainera!
Ostroz eta Gusanito plastikoz estaliriko estoldek
oka egiten dute gehiago ezinda.
Gure goiko bizilagunak
ez du gehiago maindirerik gure leiho parera zabalduko!
Desagertu dira luzaz gurekin izan ditugun eltxo eta euliak.
Adio, bai, adio.
Gustura dira aterki egileak,
neguko moda atzeratu zaien jostunak,
zizareak
eta
ni.
Atariko banku txurian egon naiz so
lur bustietatik irten diren bi zizareei.
Luzeak ziren dexente.
Euren neurriengatik
zizareen ministro bi izan zitezkeela pentsatu dut
lur bustian arrastaka,
astiro.
Nora joan nahi duten jakingo nuke gustura,
niganantz baitatoz.
Agian, paradisu bustia
nola bizi duten kontatu nahiko didate belarrira,
agian,
konpainia soilik egin nahiko didate,
edo inguruetan pilatu diren zaborretik elikatu nahiko dute;
matutano patatak,
Tómate tomate lata,
Fanta Laranja lata erdoildua.
Luza-luza eginda dator zizare bat,
azken txanpa balu bezala,
zerbait esan nahiko balit bezala.
Burua makurtu dut eta belarria eman diot,
badaezpada,
ezer entzungo.
Eta entzun dut zerbait,
aditu ez badut ere.
Bizikleta bat zen,
gainetik pasa zaion bizikleta bat.
Neskatilak euritik ihesi lehenbailehen aterpetu nahi zuen.
Zizareak gorpu erdia bertan utzirik
bueltako bideari ekin dio,
niri bizkarra emanez.
2 Iruzkin
uiii… nik uste nuen belarritik sartuko zitzizula zizare hori eta gero, zure burezurarren barrutik, bidaia bat egingo zuela… baina hori beste poesia batean gertatuko da igual…
Tira. Ikusita blog hauetan ezinezkoa dela sarri idaztea, aurrekoan bezala, lagun batek eskura eman dit erantzuna nik idatz dezadan: “zizareak jasan zuen gizakion porrota! Zergatik bestela euritik iheska ibiltzea, ura du eta bizia ematen diguna. Nahiz eta batzuei kendu”.