Ez zait gustatzen antzerki hau!

Imanol Epelde
0

Gure etxeko ezkaratzeko atean “propagandarik ez” jartzen du. Normalean denek errespetatzen dute oharra, salbu eta IKEAk eta Zarauzko Udalak. Malekoian bizikletak erabitzeko egin nahi duten galdeketaren ingurukoa da jaso dudan azken triptikoa. Zarauzko Udalarena.

Malekoian bide gorria egin edo ez. Hara hor galdera. Hori bai itsasotik 6 metrotara, “ezinbestez okertsua”, “arautu beharrekoa” eta horretarako “Ordenantzak eta Udal Bandoak aldatu beharko lirateke” zer eta udako egun jakinetan ordutegi batean soilik erabili ahal izateko. Eta orain, esaidazue, zuetako inork horrelako bide gorri baten alde egingo luke?

Larriena, ordea, ez da hori. Bide gorririk egin edo ez egin erabakitzeko herri galdeketak eskaintzen zaizkigu, baina, benetan herritarroi interesatzen zaigun erabakietan ez dugu parte hartzeko aukerarik: noiz egingo dute Zarautzen Kursaal bat izateko (kultur interesetatik urrun) eraiki nahi duten polikulturalaren inguruko herri galdeketa? Noizko autopista aprobetxatu beharrean Santa Barbara mendia zulatuz beste errepide bat asfaltatuko duten barianteari buruzko erreferenduma? Noizko krisiaz egiten duten hausnarketa eztabaidatzeko herri kontsulta?

Laister udaletxeko balkoian zein lore jarri nahi ditugun galdetuko digute (Salberdinen zein itxurako etxeak nahi genituzkeen galdetu zigutenean bezala) eta prentsaurreko batean azalduko zaizkigu berriro herri zinegotzi “guztiak” (hor ere ez baitaude denak). Baina, saldu nahi diguten zelofanezko demokrazia horrek parte hartzailetik ez dauka ezer, aldez aurretik hartutako erabakiei forma emateko baino ez gaituzte behar eta!

Nik ez dut maiatzaren 9ko teatroan parte hartuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA