Hona hemen Gurekin Jai Zarauzko festak antolatzen aritzen den herritar taldeak ateratako idatzia Zarautzen Txosna gunea (eta horrekin hor ibiltzen garenak) jasaten ari den eraso (violadores, rateros, ladrones y terroristas) eta boikoten aurrean.
Herritik eta herritarrentzat antolatzen ditugu San Pelaio eta Euskal Jaietako festak. Festa eredu parte hartzailean sinesten dugulako eta herritarron inplikazioz herriko jaietan giro alaia eta sortzailean eraiki nahi izan dugulako. Denon artean egiten ditugu jaiak etalan asko ematen badute ere gustura egiten dugu lan. Parte hartzen dugun eragileak urtean zehar gure lanak aurrera eramateko bitartekoa delako eta gure lanaren erakusle delako. Aspaldi sortu zen txosna gunea, San Pelaiotan munoan eta Euskal Jaietan herriko gune ezberdinetan. Milaka lagun eta herritar eskertu beharrean gaude, guztiok izan baikara gune honen eta festa eredu honen sortzaile. Eskerrak eman behar dizkiegu egitaraua prestatzeko bileretan parte hartu izan dutenei. Eskerrak hainbeste urtetan zehar
gunetik igaro diren musika talde eta jaiei musika jarri dien txaranga, zanpanzar eta abarrei. Batez ere herriko musika taldeei musutruk beren ekipoak eta tresneria hartu eta ilusioz igo direlako eszenatokira.
Eskerrak turnoak egitera hurbiltzen diren guztiei. Baltsa karrera antolatzen dutenei edota paella leihaketarako suak eta tresneria ekartzeaz arduratzen direnei. Nola ez antzerkiz, keinuz eta dantzaz jaiak girotu, alaitu eta poza sortu dutenei. Urte guzti hauetan gunera hurbildu eta jaiaren parte izan zareten, garen eta izango garen guztiei bejondeizuela bihotz bihotzez.
Jaiak herritarren parte hartzetik sortu behar direla ulertzen dugu eta balore eraldatzaileetan oinarrituko diren ekintzak eta egitaraua osatzen saiatzen gara. Jaiak edukiz jantzi nahi ditugu eskubideen urraketak
salatuz eta aldarrikatuz. Jaiak herriko kulturaren parte dira eta herri justu baten bidean jai eraikitzaileen aldeko apostua egiten dugu. Beti asmatu ez arren horretan saiatzen gara.
Eredu eta herritar askoren borondatearen aurka Zarauzko Udalak urtetik urtera Gurekin Jai txosna batzordearekiko jarrera gogortu, zorroztu eta gaiztotu du. Hasieran fiantza izugarri garestiak jarriz, pixkanaka ematen zizkiguten diru laguntzak bahituz eta azpiegiturak lortzeko zailtasun nabarmenak areagotuz. Azken batean edozein aitzakia txiki nahikoa izan da gure arteko harremana txartzeko eta Gurekin Jai batzordearen jai ekimenak itotzen ahalegintzeko.
Ikasturte honetan Udaleko kideen aldetik gure aurkako hainbat akusazio gogor entzun behar izan ditugu. Hauen aurrean, eta Udalak jai eredu parte hartzaile eta herrikoien aurka duen jarreraren aurrean, zenbait eskaera
zehatz egin nahi ditugu:
Errespetua eskatzen dugu, zenbait herritarrek egiten dugun lanaren errekonozimendua eta babesa. Baldintzak denon artean negoziatuz, azpiegiturak erraztuz eta elkarlana bultzatuz.
Herritik sortzen diren ekimen parte hartzaileen sustapena eta indartzea.
Auzo eta jai batzorde ezberdinek antolaturiko festak antolatzeko eta hauetaz gozatzeko.
Gure esku dago nolako jaiak nahi ditugun erabakitzea eta martxan jartzea.
Aurten inoiz baino gehiago herritar multzo zabalarengana iritsi nahi dugu eta denon artean beste behin ere San Pelaio eta Euskal Jai ahaztezinak antolatu. Gonbita beraz esku bat luzatu eta denon artean JAI HERRIKOI,
PAREKIDE eta PARTE HARTZAILEAK antolatzeko edo parte hartzeko.
2009ko apirila
Gurekin Jai Batzordea.