Nor naiz ni

Imanol Epelde
2

Nor naiz ni galdetu didate eta erantzuteko eskatu. Badakizue dagoenik eta galderarik zailenetakoa dela “nor naiz ni” galderari erantzutea. Ni gaur ez naizelako atzoko ni bera, ni gaur ez naizelako bihar izango naizen ni bera.

Dabilen harria naiz. Edo itsasoa bezala beti bera eta beti berria den sua. Ni irekita dagoen aterki multikolorea naiz, ni Zarauzko Urteta zabortegiko kaio arratoi hegalaria naiz, ni ipuin bilduma bat naiz poltsikorako egindako liburu horietako batean jasoa.
Batzuetan ni nor naiz erantzutea baino errazagoa da ni nor ez naizen erantzutea.

Ea proba dezadan: Ni ez naiz poeta ilun hark zioen bezalakoa: ni ez naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea, ni ez naiz neguko eguzkitan hotzez hiltzen dagoen gizon bakartia. Ez eta hostorik gabe gelditzen ari den ardaska lehorra ere. Hori bai…

Ni, ni oso mutil babua naiz Oso.
Badut bizitza bat aurretik
Badut mapa bat edozein bide urratzeko,
ireki gabeko bidetxidorrak asmatzeko
ozeano berri eta exotikoetan bustitzeko
mendi txiki eta aldapa beherez gozatzeko
zirkulu beti berdin eta itxietan ibili beharrean.
Badut mapa bat edozein bide urratzeko, Beti.
Ni oso mutil babua naiz
euriarekin flotadoretan ateratzen denetakoa itotzeko beldurrez
eguzkiak erreko nauelakoan babes handieneko kremarekin
leku laiotzetan ezkutatzen dena.
Oso babua naiz, bai. Oso
Eta izaten segi nahiko nuke
babukeriekin disfrutatuko banu
euritan oinutsik atera eta
putzuetan plisti plasta, plisti plast saltoka ibiliaz
eguzkia poltsikoan gorde eta
jendeari oparituko banio marrubizko goxokiak eskaintzen diren gisan.

Ba, horixe, nor naizen, ez naizen ez dakit asmatuko nukeen esaten, ez dakit ezta nahiko nukeen ere nire burua definitzea hiztegiko sarrera bat gehiago banintza bezala. Ez paso: dakidana da nola izena dudan, dakidana da mundura jaio nindutela kontsultatu gabe, dakidana da hemen baldin banago zoriontasuna bilatu beste helbururik ez dudala. Ez zentro komertzialetako, gasolindegietako edo aireportuetako zorion ez lekua, ez publizititateetako irribarre gezurren zoriontasuna, ez arrasto zuriek sudurreratzean ematen duten plazer faltsua ere. Ez.

Nik bilatzen dudan zoriona nire buruarekin eta ingurukoekin gustura egotea da, nik nahi dudan zoriona kontsumo zentzuzkoak ematean duena da, nik oheratzen dudan zorionak justizia soziala du amets, nik lizunki laztantzen dudan zorionak mundu hobe batekin izaten ditu orgasmoak. Hori dut amets, nahiz eta gaurko gizarte urdangak eskua sartzen didan barrabiletan eta zakila astintzen astiro eta amorruz ametsezko bidaiak galipotaz, zaborrez eta dolarrez zikintzeko.

Egin dezadan aitortza:

Irakaslea naiz, hiru hilabeteko oporrak dituen kristau eskola bateko ardia, Udan, gabonetan eta aste santuetan oporretara leku turistikoetara joaten den horietakoa. 156.000 eurotako hipoteka eskatu nuen Cajar Rural Navarran Nafarroako sozialisten txiringito finantziero kooperatiboan. Ordutik, 30 urterako naukate preso, lagun batek oparitutako opel vectra xahar bat dut (barka baina ez dakit segurua zein konpainiarekin dudan, baina ziurtatzen dizuet ez dela Lagun Aro), mobila Vodafone ¿Cómo estas? Eta mobila pizterakoan egunero erantzun behar izaten diot OK botoia sakatuz, ¿Cómo estas? Ok. Ok. Bai ikaragarrri ondo, hilero Vodafonen 50 euro inguruko faktura iristen zaidalako etxera. Ok bai. Kenzo markako galtza pare bat eta txaketa bat ere baditut, zapata batzuk Lewis markakoak direla uste dut, eta egongelan 1200 euro ordaindutako sofa-kama horietako bat.

Eta zer nahi duzue esatea? Kondizio hauetan zaila da iraultzaz eta sozialismoaz eta justizia sozialaz hitz egitea. Baina Zarauzko Putzuzulo amets fabrikan, Putzuzulo gaztetxean ibiltzen naiz, bertako Arraio irrati librean Arraioenea izeneko irratsaio bat dut Lizarriturri DJ doktorearekin batera, SKT Sekuentzia musika talde batean letra iraultzaileak dituen kantuak konposatzen ditugu, eskolara noanean gizarte honek ustel usaina perfume garestiekin nola estaltzen duen salatzen saiatzen naiz, Kolonbian ezagututako lagun iraultzaileei elkartasun mezuak igortzen dizkiet eta blog bat dut nire poesiak arnas izan dezan eta nire koadernoak ez daitezen izan niretzako bakarrik gehiago euskararen 8. probintzian.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA