Bolibiara gara joatekoak udako oporretan. Horregatik jarri ginen harremanetan Garabideko lagunekin, Bolibia eta bolibiarrak bertatik ezagutzeko baliatu nahi genuelako bidaia. Horregatik bildu ginen aurreko astean Garabideko Jon Sarasua eta Urko Kolomorekin bidaiaz eta batez ere Bolibiaz hitz egiteko edo han egin genezakeen lanaz aritzeko. Handia izan zen Jon Sarasuarekin aspaldiko partez bildu eta hizkuntzez, herriez eta gutaz mintzatzea, handia Urko Kolomo entzutea eta ezagutzea, Garabide egiten ari den lanaz jabetzea. Hona hemen, hitz egin genituenetako gauzetako batzuk laburrean labur, euskalgintzan ari garenok derrigorra baitugu gainerako herriak nola dabiltzan jakitea eta elkarlan bideak urratzea.
- transmisio egoera penagarria bizi dute ameriketako herri indigenek, gu baino okerrago daude horretan hiztun kopuru handiagoa izan arren.
- hiztun osoen produkziorik ez dute, alegia, ibilbide natural eta kulturaleko hiztunik ez.
- isolamendua bukatu da, baita 5000 metrora dauden herrietan ere.
- klientelismoa handia dago indigenen kontura, ONG asko diru laguntzak jasotzen.
- hizkuntzak bizitzearen garrantziaz ez dira ohartu
- gure diskurtsoak izan behar du: Hizkuntza herriaren bihotza da, aurrera atera liteke hizkuntza egoera txarrean egonda ere, estrategia bat behar da.
Bolibiara goaz "respontsabilitate eta alarma diskurtsoarekin", hizkuntzen ekologiaz aritzeko, euskararen herriak izandako esperientziak transmititzera eta, noski, haien bizipenak ezagutzera eta haiengatik ikastera.
Uztailaren 5ean aterako gara Samstag eta biok Buenos Airesetara eta abuztuaren 23an itzuliko gara Buenos Airesetik, Bolibian hilabete inguru eginda. Eta bitartean, bidaiak ematen digunaz egingo dugu hitz, tarteka bada ere, koaderno ireki honetan.
1 Iruzkin
Aukera baldin baduzue, irakurri Miguel Sánchez Ostizen, CUADERNO BOLIVIANO. Alberdanian daukazue. Bolivia sakon ezagutzeko aukeraz gain, Miguelen prosa ederrenetakoa dago bertan.
http://www.noticiasdenavarra.com/ediciones/2008/11/23/mirarte/cultura/d23cul72.1427541.php