XXXVI
20an. Uztailaren 20an zapaldu dugu Boliviako lurra estrainekoz. Azkenean. Ez gara belaunikatu musu ematera, haizeak musuratu dizkigu hauts eta lurrak gupida gabe.
Gripea genuen edo ez jakiteko medikuarenetik pasa behar omen genuen lehenbizi. Eta han pasa gara eta entzun ditugu aholku zenbait, gripeari nola aurre egin jakiteko. Eta ondoren beste paperen bat beteta eman digute sartzeko baimena.
Bolivian gaude azkenean. Seilu bat irabazi dugu eta neguko txaketa lodi bat galdu haizeak eramanda. Visa txartela ere izorratu zaigu. Eta hori gauza serioa da. Baina Bolivian gaude eta Uyunira joateko trena hartzen saiatuko gara. Nola edo hala.
XXXVII
Trenean 10 ordu egin ditugu Villazonetik Uyunira. Amaiezinak denak. 15:30etan atera da trena eta ilundu bitartean inguruaren lekuko mutuak izan gara. Eta ilundu duenean zeharkatzen ari garen lurrak imaginatu ditugu trenak argitzen zituen mugak tentatuta. Argiak, sarri, erakusten duena baino askoz gehiago ezkutatzen du.
XXXVIII
Erik izena zuen. Trenean ezagutu genuen. 19 urte. Ekonomia ikastera zihoan Oruro hiriburura bere herriskatik. Baina berak militar izan nahi omen zuen: sarjento. Zergatia galdetu genion; boterea erantzun zigun. Armek boterea ematen baitute visaren indarrik ez dutenentzat.
Eta hala ere, ezin omen zuen militar izan. Garestia delako. Azterkerta bat gainditu behar delako 3.000 boliviano ordainduta. Guk bi ordu lehenago kajero automatikotik atera genuen diru kopuru bera ordainduta alegia.
XXXIX
Hotza. Hezurretarainokoa. Ikutzerainokoa. Eta haizea kalean. Bakarrik. Gu Inti izeneko hotelean Uyunin, Bolivian. Baina eguzkitik, intitik, eguzkiaren berotik gutxi du hotel honek. Ura berotu ezin, berogailurik ez.
Argia. Energia deitzen diote hemen. Argirik ez dago herri osoan. No hay energia. Noiz arte? Ez dakite. Egun bat, bi, hiru.
Buenos Airesetik Boliviako Uyuni herrira iristen lau egun pasa ditugu eta 3.000 metrotatik gora gaude. Bidaiarekin nekatuta gaude. Eta izotzezko siestaren ondotik hitz izoztuak datorzkigu. Asmatu ezinik intia desagertzea zein eguzkik egingo digun argi eta emango beroa iluntzean.
XL
Itsaso bat gatz zeharkatu dugu gaur. Munduko gatzaga handiena omen Salar de Uyunikoa. 4×4 batean eraman gaitu txoferrak 8 lagun. Gatzagara iristean gatz piloak egiten lanean ari ziren zenbait herritar. "La gente es mala" esan digu txoferrak. Jendeak lanean ari zirenei ateratzen zizkielako argazkiak. Haize izoztu eta eguzki erretan izerditan osatutako pilo gainera igota ateratzen zituelako argazkiak jendeak. 4x4tan iritsi garen turistak gara jende hori. Besteren lana ikuskizun bihurtu dugunak.
XLI
Uyuni turistaz josita dago. Herriko kale nagusietan bertakoak gutxiengo izateraino. Umeek zerbitzen dizkigute bazkariak eta saltzen autobus txartelak. Eta hain justu, autobus geltokian egin dugu topo Txiletik etortzekoak ziren beste 4 lagunekin. Orain arte Samara, Asier eta neroni genbiltzan bidaian. Orain Ainhoa, Ainara, Oihana eta Xabi ere bai. 7ak bat egin dugu. Ia 4.000 metrotara, jauzi eginda 7 puntako izarra zintzilikatu dugu kutsadura luminikorik gabeko Boliviako zeruan.
XLII
Turisten preziora eta neurrira eginiko jatetxetan edo taberna ez-lekuetan sartzen garenean edo turistak engainatzeko soilik prestatutako museoetan paseatzean edo pelikula estatubatuarrak ikusteko zinera sartzen garenean Boliviatik irteten gara.
XLIII
Gatzezko lurrak bidaitu ditugu Uyunitik Potosira bidean. 6 ordu autobusean. Mendi garai elurtuak urrunean, lur arre koloretsu lehorrak, lokatzezko herriak burdinezko herritarrekin hotzetan eguzkitan altueran. Asfaltatu gabeko bideetan errebuelta bakoitza zen postal bat. Batean bilduta bidaltzen dizkizuet Potositik.
XLIV
Orroea. Burrunba. Leherketa. Ketxueraz Potosi. Edo hobeto: Potocchi.
Diotenez (Galeanok ere hala kontatzen du) mendia inkek ustiatzen zuten garaian ahots oihu bat entzun zen: mendi hura eurena ez zela zioen eta jabeak laster etorriko omen ziren. Handik gutxira etorri ziren espainiarrak gurutzeak ezpata.
Oraindik ere Potocchik potocchi egiten du historiaren gezurrak amorratzeko eta lapurreta guztiak madarikatzeko.
XLV
Europako indigenak garela diogunean Potosiko lurrak orro egin du enegarrenez. Hemengo lurrak ez du ulertzen ez onartzen horrelako indigenismorik.