XLVI
Potocchi eskualdeko hezkuntza arduradunarekin bildu ginen eta 37 nazionalitate dituen estatuak zein curriculum eta konstituzio berri duen azalduko digu laster, nazio guztiek biziraun dezaten nazio berean. Gu baino aritmetika kultural konplikatuagoak dituen herrik bada, 3 urmaeletako formula matematikoak asmatu ezinean ibiltzeko.
XLVII
Ruthek esan digu. Potosin gure agenda lotzen ibili denak. Potocchiko kaleetan dabiltzan 10 lagunetatik 8k dakiela ketxueraz.
-Baina, guk ez dugu-eta kalean inor ketxueraz hizketan entzun!
-Ez, kalean ez du inork hitz egiten ketxueraz
-Etxean orduan?
-Ez, etxean ere ez. Inork ez du etxean egiten, nekazari herri txikietan ez bada.
Zaharrek badakite. Umeek ez. Guk dakiguna da egoera alarmantea dela hemen. Oso.
XLVIII
Orain arte Boliviaz hizketan bi boliviarrekin aritu gara. Bat Ruthekin, gure hemengo agenda osatzen aritu denarekin. Evo Moralesen alde eta kontra hitz egin du, batez ere esanez, berak "klase media" deitzen duena (indigena eta aberats jendea ez den oro) baztertu duela esanez indigenen fabore handiegitan eta instituzioetako ustelkeria salatuz. Evo Moralesen partidukoak ez direnei ateak itxiz.
Bestea bart jatetxean zerbitu gintuena, klase mediarik ez dagoela esanez, Evoren politikak sutsuki defendituz.
Hasieran dena sinestu genion Ruthi. Ruthen esanak zalantzan jarri zituen tabernariak. Hirugarren bat, laugarren bat beharko dugu kontrastean ondorioetara iristeko, bakoitzak bere Bolivia erakutsiko digula jakitun.
Irudikatzen eta deskubritzen dugun zerbaiten artean egon liteken benetako errealitatea.
XLIX
Qhampaj
ñoqhapaj
mana jayqac
qon karikunapaj
Zuengatik
niregatik
une honetaz
inoiz ez ahazteko
L
Munduan altuen dagoen hiria omen da Potocchi. 4.200 metro. Denek sentitzen omen dute ondoezen bat hona iristean, batez ere altuerak eta batez ere hotzak eraginda. 5 gau egin ditugu guk. Eta igarri ditugu hotzak, buruko minak, tripa nahastuak. Baina gu bagoaz. Bertan geratu beharko dute behinola lur aberatsak izan ziren lur pobretu eta hiritar pobretuagoek.